Pasaiako lehen urteek merezi duten analisia
Txema Ruizek ‘Primeros años de Pasaia y sus distritos’ liburua argitaratu du. Mugen auziaren zergatiak azaltzeko herriaren jatorrira jo du; mugek, ordea, Pasaiako lau barrutien historia ikertzeko aukera eman diote.
Herri baten oraina ulertezina da, atzerabegiratu eta herri horren historiaren analisia egin gabe. Biztanle gehienek ezagutzen dute bere herri edo hiriko pasarte historiko edo ospetsuren bat, maiz mito bihurtzen dena. Dokumentu historikoetara zein testigantzetara jo eta horren araberako ikerketa bat egitea da, ordea, herri baten bilakaera historikoa ulertzeko modurik onena, bakarra akaso. Hori da hain zuzen ere Txema Ruiz antxotarrak egin duena, «erretiroduna izatearen alde ona, gauzak patxadaz egin daitezkeela da, presarik gabe».
Ruizek Primeros años de Pasaia y sus distritos liburua argitaratu du, Antxotarrok Historia Mintegiaren babesarekin. Eskarmentua du Ruizek Pasaiako historiografian, argitaratzen duen hirugarren liburua baita. Baina lehen aldia da Antxoko mugak gainditu eta ondoko barrutietara salto egiten duela. Mugak dira, alegia, liburu hau idazteko arrazoi nagusia. «80 urte bete dira Pasaiako mugaketa izan zenetik, hau da, mugak aldatu zirenetik, Donostia, Altza eta Errenteriaren alde», esan du Ruizek. Pa-saiako garapena baldintzatu zuen gertakari horri jarraiki, udalerriaren historia sakon eta zehatz aztertzeko lana egitea erabaki zuen Ruizek. Hark argi dio ez duela ezer asmatu, ezta tesirik proposatu ere, «nik ez dut nire ikerketa propioa abiarazi. Beste autore eta erakundeek egindako lan historikoak bildu ditut besterik ez, mugen aferan egin diren bidegabekeriak erakusteko».
Funtsezkoa da Pasaiaren hastapenetara jotzea auziaren jatorria ulertzeko, baita argudio sendoak izateko ere. Egile antxotarrak pertsona baten izena nabarmendu du, «Pasaia ez litzateke Pasaia izango, Jose Vargas Ponce gabe». Vargas Ponce Cadizko marinel eta ikerlaria jo dute zenbait historialarik Pasaiako aita gisa. 1799an bidali zuen Espainiako Gorteak Gipuzkoara, foruak zentzugabekotzat zituen liberala zen. Aldaketa sozial eta kultural sakonak bizi zituzten herrietara —Pasaia ez zen oraindik existitzen— iritsi zen Vargas Ponce. Kortsarien gotorleku izandakoak, krisialdi sakona bizi zuen aro garaikidearen atarian. Testuinguru hartan egin zuen marinelak Pasaiari buruzko txostena, eta Carlos IV Espainiako erregea idatzi hartan oinarritu zen Pasaiako udalerria sortzeko,«1770. urtetik Donibane hiribildua zen, eta erregeak San Pedrorekin batu eta Pasaia sortu zuen; ez dago oso argi zergatik, baina badirudi Donostiako agintariek portuaren kudeaketa txarra egiten zutela», azaldu du Ruizek. Garai hartako dokumentazioa arretaz irakurtzea beharrezkoa da mugen aferan Pasaiaren tesia babesten dutenentzat, «lurraldearen mugak, Mirakruz gainan, Uliako Murgita kalan eta Molinaon daudela zehazten da, besteak beste. Gainera, argi eta garbi adierazten da badian urak isurtzen dituzten lurralde guztiak Pasaiarenak direla». Gaur egun muga horiek gisa horretara jarraituko balute, Pasaiak egunduen azaleraren hirukoitza izango luke.
Ruizentzat larriena da, mugen afera, berez, ez dela inoiz auzi batera eraman, ez behintzat bere osotasunean, «Auzitegi Ekonomiko Administratibora jo zenean, itsasoari hartutako lurrak izan ziren aztergai, Antxoren sorrera zela eta. Arrazoia eman zieten. Baina jatorrizko mugak ez dira inoiz auzitara eraman». Ez da arazo berria; sortu zenetik herriak zailtasunak izan ditu bere mugen kontrola izateko.
Herri bakarra, lau historia
Nekez hitz egin daiteke Pasaiaren historiaz. Pasaiako historiez hitz egin beharko litzateke, aniztasunaz. Bokalearen bazterretan dauden barrutiek ohorezko historia luze eta oparoak dituzte. Portuaren inguruan sortutako biak, Trintxerpe eta Antxo, gazteak izan arren Euskal Herriaren XX. mendeko testuinguru politiko eta sozialaren barruan hazi dira.
«Donostiak beti nahi izan du portua kontrolatu, estrategikoa da», adierazi du antxotarrak. 1809an, frantseskadak bete-betean zirela, San Pedro Donostiaren menpe geratu zen berriz ere hainbat urtez. Ordutik Donostia hainbatetan saiatu da barrutia berreskuratzen; 1945ean azkenekoz. XIX. mendean Pasai Donibanek sukar hori izurrite ikaragarria pairatu zuela nabar-mendu du Ruizek, «hainbat agintarik herria erretzea proposatu zuten, jarraian berriro eraikitzeko».
Molinao erreka Antxoko ikurretako bat da egun, baina errealitatea da erreka horri zor diola bizitza barrutiak. Espekulazio inmobiliarioaren ondorioz, etxeak bestelako zerbitzuak baino lehen eraiki zituzten, eta gorozkiak Axular inguruan zegoen putzu batera botatzen ziren. Osasun arazoa ekiditeko hodiak egin eta erreka kanalizatu zuten. Putzua zegoen lekuan, Luzuriaga SA fabrika zabaldu zuten gerora. Trintxerpe, bestalde, sindikatu eta greben baliokide izan zen XX. mendeko lehenerdian. Duintasunaren alde borrokatu zuten, eta defentsa hartan zazpi lagun hil zituzten 1931n Ategorrietan eta beste sei, 1934ean, portuan.