Dragoi Bola Z izango da Zinema Txikian proiektatuko duten hurrengo filma
Hilaren 14ean (larunbata) izango da Zinema Txikiaren hurrengo emanaldia, Juanba Berasategi Kulturgunean eta ohi bezala, 17:00etan hasiko da.
Dragoi Bola Z proiektatuko da datorren larunbatean, 17:00etatik aurrera Juanba Berasategi aretoan. Aste honetan Pasaiako 4 eta 6 urte bitarteko haurrek Son Goku eta haren lagunen abenturak ikusteko aukera izango dute, nola ez, euskaraz.
Ikasturte hasieratik abian da Pasaiako gurasoek sustaturiko eta udalak lagundutako Zinema Txikia zikloa. Zinemaren bitartez, euskara haurrengana hurbiltzea izango du helburu egitasmoak. Aurreko bi urteetan arrakasta esanguratsua izan du Pasaiako Zinema Txikiak. Mota askotako filmak proiektatuko dituzte, betiere haur eta gazteei zuzendutakoak izango dira.
