Eguberrien atarirako zereginak
Hilaren 21ean egingo dira San Tomas Eguneko azokak Irunen, Hondarribian eta Errenteria-Oreretan. Baina aurretik badago zer egin inguruko herri eta auzoetan.
Egun gutxi batzuk falta dira Gabonetan bete-betean murgiltzeko, gaztaina erreen usaina, kaleko argiek eta batez ere, haurren algarak horren seinale dira. San Tomas Egunak ematen dio hasiera Gabonei, baina Oarsoaldean San Tomas irizpide modukotzat dute, urteak baitira jaia aurreratzen dutela hainbat herritan. Neguko solstizio bakarra dago, baina San Tomas nahi bezain beste ospa daitezkeela argi dago. Hilaren 21ean Irunen, Hondarribian eta Errenterian egingo dituzte feriak; baina asteburu honetan ere badira.
Zergatik lehiatu besteekin,jaia bitan eta gainera herrian bertan ospatzeko aukera baldin badago? Ongi dakite hori Pasaian, Oiartzunen eta Lezon, izan ere, asteburuan San Tomasei lotutako jaialdiak antolatuko dituzte hiru herrietan. Egitarau oparoak prestatu dituzte heldu, gazte eta haurrentzat. Bihartik aurrera, ez dago etxean gelditzeko arrazoirik.
Pasaian, nahieran
Barrutiz osatutako herri batean bizitzeak baditu alde onak. Jaiei dagokienez behintzat abantaila hutsa da, aukera ugari sortzen direlako. Baten faltan, hiru San Tomas ospatuko dituzte.
Antxon, biharko eguerditik aurrera, Gure Zumardia herriko bigarren azoka bihurtuko da. Gastronomia, kultura, artisautza eta nola ez, jai giroa abileziaz uztartuko dituzte. Gainera, herritarrek, eragileek, ikastetxeek eta tokiko komertzioek bat egingo dute festan, denek egingo baitute haien ekarpena. Nabarmentzeko modukoa da falkoneria postua jarriko dutela berriz ere. Txistorra eta taloez harago badagoelako zer jan, Antxoko Topaguneak herri bazkaria egingo du, Gure Zumardian, 15:00etan. Aurtengo osagai nagusia babarrunak izango dira, nola ez, sakramentuekin.Bazkalondoan, eta digestioa ongi joan dadin, Iñaki Labakak kontzertua emango du.
Antxotarrak ez dira San Tomas jaian babarrun platerkada ederrak jango dituzten bakarrak; San Pedron ere bihar ospatuko dute jaia, eta Antxoko ildo beretik joango dira; babarrunak kozinatuko dituzte Begi Haundin eta Antxetan. Aurretik, postuak, musika, haurren kantaldia, taloak eta bestelakoak izango dira; ondoren, herriko gazteen kontzertua Arraunlari kalean.
Biharamunean, Donibanen, San Tomas Azoka. Goizetik hartuko du etzi herriko plazak azoka tradizionalaren itxura. Aurten postu gehiago jarriko direla jakinarazi du Donibaneko Jai Batzordeak. Barazki postuez eta abereen guneez gain, beti bezala artisautza postuak ere izango dira, hortaz, opari politak erostearekin batera, tokiko artisauei bultzada emango diete.
Txerri Eguna Oiartzunen
Asteburuan laikoago sentitzen diren horiek San Tomas saihesteko aukera izango dute. Bihar ospatuko dute Oiartzungo Txerri Eguna Madalensoro pilotalekuan eta inguruetan. Goizetik murgilduko dira txistorra frijituaren lainoan oiartzuar zein bisitariak. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta herriko eragileek larunbat goiz eta eguerdirako egitarau polita prestatu dute. 10:00etatik 14:00etara ohiko ganadu feria egongo da, eta horrek irauten duen bitartean, beste hainbat ekintza programatu dituzte: 11:30ean Abaraxkak eta Soinueneak erraldoi txikiak dantzatzeko tailerra eskainiko dute herriko plazan. 12:00etan, Oiartzungo bi ikastetxeen dantza taldeak kalera aterako dira: Elizaldekoen dantza emanaldia Euskal Herria plazatik abiatuko da, eta Haurtzarokoen kalejira Done Eztebe plazatik. 13:00etan, herriko merkatariek gidatuko dute jaia. Itturri Merkatari Elkarteak antolatutako argazki lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Ordu erdi geroago, saskien eta Paeta zaharrak erantzun mahai jokoaren zozketa egingo dute. Ohi bezala, azokan bertako artisauen produktuak erosteko aukera egongo da goizean zehar.
San Tomas, nonahi
Asteburuan atseden hartzeko denbora gutxi izango dute lezoarrek, ekintza ugari antolatu baitira herrian. Egun handia igandean izango da; goizetik egingo dute San Tomas azoka Karlos Saldise plazan, ohiko giro alaian.
Errenteria-Oreretan hilaren 21ean egingo dute azoka nagusia, baina zenbait auzotan ez dute gehiago itxaron nahi izan. Bihar, Beraunen da San Tomas azoka eta etzi, Agustinak, Iztieta eta Lartzabal auzoen txanda da. Agustinetan goizez ospatuko dute, eta Lartzabal eta Iztietan egun osoko jaialdia izango da. Hilaren 21ekoa baino azoka apalagoak izan arren, giroa ez da faltako nortasun handiko lau auzo horietan.