Belaunaldi arteko topaketa ezinbestekoa
Ikasgela utzi eta zaharren egoitzara joan dira Koldo Mitxelena ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak; han egin dute goiz pasa eta aritu dira berriketan, kantuan eta jolasean.
Urtero egiten dute topaketa Koldo Mitxelenako ikasleek Zaharren egoitzako egoiliarrekin. Urteroko hitzorduarekin fin konplitu dute. Garrantzitsua da denentzat hutsik ez egitea, batzuek ikasten dituztelako garai bateko kontuak, eta besteek badituztelako kontu horiek adi entzungo dituzten nori kontatu. Ikasgela utzi eta zaharren egoitzara joan dira Koldo Mitxelena ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak; han egin dute goiz pasa eta aritu dira berriketan, kantuan eta jolasean.
Dena ez da ordea, festa izan; ikasle bakoitzak zaharren egoitzara joan aurretik egin du lanketa eta prestatu du txukun orri zurian propio sortutako galdera sorta. Zaharren egoitzako egoiliarrei galdetu diete gero, noiz jaio ziren, zein lanbide zuten… Galderak, berriketarako aukera sortzeko tresna izan dira. Kantuan izan dira ondoren, eta bingo saioa ere izan dute.
Aberasgarria esperientzia hain urrun diren bi belaunaldietako kideentzat, eta giro polita sortu dutena. Batzuek eta besteak zain izango dira, ziurrenik, hurrengo bisita noiz heldu.

Urtero egiten dute topaketa Koldo Mitxelenako ikasleek Zaharren egoitzako egoiliarrekin.
