EH Bilduk babesa adierazi dio Udaltzaingoko langileen batzarrari
Udaltzaingoaren LPEaren inguruko aferak, PSE eta EAJk osatzen duten udal gobernuaren eraginkortasun eza agerian utzi duela dio EH Bilduk.
Hautsak harrotu ditu hilaren 12an Pasaiako Udaltzaingoaren langileen batzarrak helarazitako gutunak, erakundeko lan baldintza txarrak salatuz. Pasaiako Udal Gobernuak osatzen duten EAJ eta PSE azkar erantzun diote gutunari; iruzurretan aritzea egotzi diete haien iritziz Pasaitarren segurtasuna ez dagoelako ezbaian.
EH Bilduk gaur bertan eman du bere iritzia. “Babes osoa” adierazi diote Udaltzaingoari eta egoera hau duela aspaldi iragarri zutela gaineratu dute. “Udaltzaingoari euren lana egiten jarraitzera animatu nahi ditugu, pasaitar guztion segurtasuna eta ongizatea bermaturik egon daitezen”, adierazi dute Pasaiako EH Bilduren iturriek.
Koalizio abertzalearen iritziz, aferak “PSE eta EAjren eraginkortasun falta” agerian utzi du. Aferaren gakoa polizia gutxi daudela da, lan-poltsa hustuz joan da eta. EH Bilduk udal gobernuaren inprobisazioaren ondoriotzat jo du, eta oroitarazi dute haiek hasieratik izan zutela LPE bateratuaren aurkako jarrera “ez genuen nahi herrian bertan kudeatu genezakeen lan-poltsa bat Arkautik kudeatzea, herritik kanpo”.
PSE eta EAJk sustatuko lan poltsa ereduari kritika egin die koalizioak, hainbat gabezia dituelakoan; ez zituela lanpostuak sustatzen Pasaia inguruan. Udalaren eskumen propioa zena Arkautiri eman diotela. Ez zuela udalak kudeatutako lan-poltsarik sortzen eta ez zuela hautaketa prozesuen kontrola baimentzen, besteak beste.
Eredu hark Udaltzaingoaren lan-poltsa hustu duela salatu du EH Bilduk, “Udaltzaingoaren plantilla dardarka utzi du”. Pasaitar guztiei eragiten dien aferari buelta emateko, udal gobernu, Udaltzaingo eta gainontzeko talde politikoen elkarlana eskatu dute, subiranisten kezka nagusia “egoerari lehenbailehen buelta ematea” baita.