Udal gobernuak ukatu egin du pasaitarren segurtasuna ezbaian izatea
EAJ eta PSEk osatutako udal gobernuak, Udaltzaingoko langileen batzarrak argitaratutako gutunari erantzun dio.
Hilaren 12an Pasaiako Udaltzaingoaren langileen batzarrak, erakundeak egun bizi duen langile falta salatu zuen, HITZAra bidalitako gutun baten bidez. Baldintza kaskar horien ondorioak pasaitarrek paira ditzaketela adierazi zuen batzarrak.
Pasaiako Udal Gobernuak aitortu egin du, “salbuespenezko egoera bat” bizi dutela udaltzaingoan baina argi eta garbi ukatu egin dute gutunean helarazitakoa, “pasaiatarren segurtasuna ez dago arriskuan”. Langileen batzarrak adierazitakoa “astakeria” dela diote EAJ eta PSEk eta interes propioen arabera jokatzea egotzi diote, “gure iritziz, eta datorren lekutik datorrela, arduragabekeria da era horretako adierazpenak egitea, ‘dei efektua’ eragin dezakete, batere desiragarri ez diren egoerak sortuz”.
“Egoeraren larritasunaz” jakitun izanda, haien esku dauden neurri guztiak hartu dituztela azaldu du udalak eta Eusko Jaurlaritza jo dute egoeraren erantzule, “badakigu Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak arazo larriak dituela EAEn udaltzaingo postuak betetzeko”. Pasaiako Udaltzaingoak, Arkautiko akademiatik ateratako poliziekin hornitu da gehien bat azken urteotan, baina azkenaldian ez dituzte udalak eskatutako plazak bete, “hainbat astez Arkautira behin eta berriz eskariak egin ondoren, eta erantzunik ez genuela jasotzen ikusita, azaroko bigarren astean bitarteko udaltzainen lan-poltsa bat eratzeko hautaketa prozesua abian jartzeko erabakia hartu genuen” azaldu dute udaleko iturriek.
Pasaiako Udalaren arabera salbuespenezko egoera hau, beste hainbat faktoreren ondorio izan da; erretiro aurreratuak errazten zituen dekretua, bitarteko udaltzainen aurkako epai judiziala, Poliziaren Euskal Legearen aldaketa eta Udaltzaingo zein Ertzaintzaren LEPak.
Lan administratiboei dagokionez, “administrariak kontratatzeko gestioak” egiten ari dira eta horrez gain zuzendaritza teknikoak hartutako hiru neurri aipatu ditu udal gobernuak:
- Lan egutegien moldaketa, langile faltaren ondorioak gutxitzeko.
- Ohiko jardueratik kanpoko ekintzetan boluntarioek parte hartzea, eta ordaintzea lan horren truk.
- Funtzionarioei dagokien jai egun pertsonalak hartzea debekatu zaie udaltzainei, salbuespenezko egoerak irauten duen bitartean. Aurrerago jaiegun horiek eskatu ahalko dituzte.
Pasaiako Udal Gobernuak argudio hauek eman ditu Udaltzaingoaren lan baldintzen zergatiei azalpen bat emateko. Berretsi dute gainera, Arkautiko akademia ez dela gai izaten ari polizia eskasiari aurre egiteko eta ondorioak udalek pairatzen dituztela.