Ikasleen beharretara egokitutako hezkuntza Haurtzaron
Edukiak lantzeaz gain, ikasleen konpetentzietan jartzen dute indarra ikastolan. Herritar konpetenteak izan daitezen egiten dute lan.
54 urte dira Haurtzaro Ikastola sortu zutenetik. Herritarrek sortu zuten, herriarentzat. Euskararen eta euskal kulturaren erreferentzia da ikastola, eta pedagogia aldetik gizartea mugitzen den parametroetan ematen diete formazioa bertako ikasleei. Herriari eta gizarteari ekarpena egiteko gai diren ikasleak hezten dituzte Haurtzaron.
Iragan emankorreko ikastola da, baina etorkizunean jarria du helburua. «Denborak erakutsi digu ondo ari garela lanean, eta egiten dugun horrek emaitzak eman dituela», adierazi du Aritz Gonzalez Haurtzaro Ikastolako zuzendariak. Hezkuntza alorreko gaietan eta mahaietan era aktiboan parte hartzen dute ikastolaren ordezkariek, baita beste ekitaldi askotan ere. Haurtzaro herrian zeharo txertatua dago.
Edukiak lantzeaz gain, ikasleen konpetentzietan jartzen dute indarra ikastolan. Herritar konpetenteak izan daitezen egiten dute lan, baina betiere ikasle guztien ezaugarriak, erritmoa eta izaera kontuan hartuz. «Ikasleak zer behar duen ulertzen dugu, eta haiekin elkarlanean egiten dugu ikasketen bidea.
Une horretan sentitzen duena zer den ulertzen dugu, aurrera egiteko», nabarmendu du zuzendariak.
Horrela, ikastolaren bokazioa da haurrak erdigunean jartzea, haien beharrak ezagutuz urratsak egiten joateko: «Haur eta gazte oiartzuarrak pertsona gisara hezten lagundu nahi ditugu, beren osotasunean, euskalduntasunean oinarrituz eta beste kulturak errespetatuz, nahiz naturarekiko adeitasuna sendotuz. Munduari begiratuko dieten ikasle euskaldunak, arduratsuak eta kritikoak formatu nahi ditugu».
Haurtzaroren berri zehatzago izateko, deitu 943 49 16 59 telefono zenbakira, edo egin harremana posta elektroniko bidez.