Naturarekin elkarrekintza, ikasleen garapen osorako
Orereta Ikastolak aire zabaleko gune pedagogikoa jarri du abian, Añabitarteko Baso Eskola.
Orereta Ikastolak aire zabaleko gune pedagogikoa jarri du abian, Añabitarteko Baso Eskola. Nagusiki, 3-9 urte bitarteko haurrei zuzendutako hezkuntza baliabidea da, hau da, HH3tik LH3ra arteko ikasleek erabiltzen dute modu jarrai eta sistematikoan. Kutxa Ekogunearen laguntza eta aholkularitzarekin jarri dute martxan.
Hezkuntza proiektu osoaren zati da Baso Eskola, eta hura indartzeko nahiz aberasteko helburuarekin sortua da. Hau da, Orereta Ikastolaren hezkuntza proiektuaren oinarri eta helburu pedagogiko berberak ditu Baso Eskolak: ez da haren osagarri, haren parte baizik. Ohiko eskola jardunean egiten dena aire zabalean egin ahal izateko jaio da proiektua. Basoa ikasgela bat bezain Ikastola da.
Natura ikasgelatik edota ikasgela naturara zabaltzetik harago, basoa bera bihurtzen da ikasgela, bere errutina, arau eta edukiekin. Azken horiek curriculum ofizialetan oinarrituta daude, eta baliabide didaktiko garrantzitsuena natura bera da.
Haurraren eta naturaren arteko elkarrekintzari esker ikasleen garapen osoa bultzatzen da. Horrek guztiak bat egiten du ikasleen irteera profilarekin. Euskal Herriko lehen ikastetxea da Orereta Ikastola hori egiten duena. Herriari bakarrik ez, naturari ere erabat zabalik dago hezkuntza zentroa beraz. Herriko eragile garrantzitsuenetakoa dena oraingoan ere aitzindari da, betiere haurren garapena erdigunean jarrita.
Eskaintza ezagutzeko
Añabitarteko Baso Eskola eta gurasoek nahi duten guztia ezagutzeko aukera dute urtarrilaren 23 eta 24an egingo diren ate irekien jardunaldietan. Familia berrientzako bisitak antolatu dituzte. Horietara joateko aurrez hitzordua eskatu behar da Orereta Ikastolaren webgunean.