Pilotakadaz pilotakada, Ohorezko Maila hatz puntetan
Emaitza bikainak EPLE eta Batzokiko pilota elkartearentzat: jokoan ziren lau igoeretatik hiru lortu dituzte. Iker Urmenetak eta Mikel Arangurenek Eskuz Binakako Ohorezko Mailara eraman dute EPLE.
Lau igoera zituzten jokoan EPLE eta Batzokiko pilota elkarteek, eta lautik hiru poltsikoratzea lortu zuten pasa den asteburuan. Batzokiko palistek garaipena eskuratu zuten gomazko paletan final laurdenetan eta datorren denboraldian, bigarren mailan ariko dira. Aranburu eta Odriozola ere bikain aritu dira eta Eskuz Binakako Bigarren Mailako finalerdia irabazita, Lehen Mailan ariko dira datorren denboraldian.Hirugarren garaipena, Iker Urmeneta eta Mikel Aranbururena; bi pilotariek eskuz binakako finalean sartzea lortu dute eta datorren denboraldian Ohorezko Mailan ariko dira EPLEkoak, kluba gorenera eramanda.
Entrenatzeko takoak prestatzen ari zirela hitz egin dute bi pilotariek HITZA-rekin. Aurten finalerdietan sartzea ezarri zutela erronka gisa azaldu du Urmenetak, «lortu dugu irabaztea eta pozik gaude igoera ere eskuratu dugulako». Aurtengoa urte zaila izan dela nabarmendu nahi izan du Aranburuk, «ez dut esango meritu berezia duenik lortutako garaipenak, baina beste zailatsun gaineratu bat izan du, pandemian entrenamenduetan, jarraikortasunik ez izateak eragina izan duelako». Hala ere, onena atera eta emaitza bikainak lortu dituzte. Publikorik gabe jokatzeak ondoriorik duen galdetuta, ez dutela asko sumatu dio Urmenetak, «hemen gainera, zoritxarrez ez dugu publiko handirik izaten —ikusle gehiago gustura hartuko lituzketen zalantzarik ez da— eta jokoan zaudenean, kontzentratuta zaude erabat zurean». Asteroko afizioaren falta sumatzen dute.
Ohorezko Mailan ordezkariak izatea harrotasun arrazoi da EPLErentzat. Kluba erreferente bat da herrian zein herritik kanpo beste pilota elkarteentzat, eta maila gorenean aritzea, nolabait, egiten duen lan handiaren emaitza da; hala uste du Arangurenek, «azkenean itzalean egiten den lanaren isla da; zein lan egiten ari garen jendeari erakusteko ere balio du». Antton Aranburu pilotaria da Urmeneta eta Arangurenen prestatzailea.
Azalpen bat erantsi du: «Txapelketa klubena da eta Ohorezko Mailan postua lortzen duena kluba da ez pilotariak. EPLErentzat, duen ibilbide laburrarekin—duela hamabi urte sortu zuten — bigarren aldiz, Ohorezko Mailan aritzea lorpen izugarria da. Lan handia dago emaitzen atzean, baina beste aldagai bat aipatu du Urmenetak, «gure arteko giroa. Lana egiten dugu, baina ongi pasatzen dugu, pilotaz disfrutatzen dugu eta gure artean oso ondo moldatzen gara. Emaitza lortzea garrantzitsua da, baina garrantzitsuena emaitza horretara nola iristen zaren da» .
Igandean finala Amezketan
Pilotak deskonektatzeko aukera eman diola dio, bestalde, «egunerokotasuneko burbuila handi horretatik ateratzeko aukera, jende eta herri asko ezagutzeko aukera. Dagoen laguntasuna nabarmenduko nuke». Bide beretik egin du Arangurenek, «kirol txikia izanik buelta asko egiten dituzu, jende eta herri asko ezagutu, harreman asko egin. Azkenean horrekin gelditzen zara, ezagutzen duzun jendearekin, pasatzen dituzun une goxoekin, bai kantxan baita partidetarako bidaietan, edota entrenamenduetan».
Agustina Otaola pilotalekuaz ere aritu dira: «Frontoi oso ona da baina arazo bat du, hezetasuna —hiruna haizegailu handi zituzten kantxaren alde banatan elkarrizketa egiteko unean %72ko hezetasuna zegoelako—partida eta entrenamendu asko bertan behera utzi behar izaten ditugu. Urgentea da zerbait egitea, baldintza duinago batzuetan aritzeko». Harago joan da Aranburu: «Bi final jokatuko ditugu, eta biak etxetik kanpo ezin dugulako ziurtatu baldintza egokiak izango dituela. Frontoi ona da, noblea… baina hezetasunaren arazoak dena jartzen du hankaz gora». Igandean jokatuko dute finala Urmeneta eta Arangurenek, 11:00etan Amezketako frontoian:
«Finalean ez duzu bakarrik zure aurkariaren kontra jokatzen—dio Arangurenek— zure tentsioa dago, eta ez dakizu nola erantzungo diozun horri, asko dagoelako jokoan. Horri aurre egiten asmatu behar dugu».
Aitortzarako tartea hartu dute bi pilotariek eta entrenatzaileak: «Julen Beldarrain delegatuak egiten duen lana ikaragarria da eta itzalean gelditzen da. Klubaren dinamika gorantza joan da berari esker. Lan ikaragarria egiten du, ixilpekoa eta ezinbestekoa, eta ez zaio ematen duen balioa. Hemendik gure aitortza».5