Lekuona Fabrikak hilabete barru zabalduko ditu ateak
Irekiera ofizialaren aurretik, bisita gidatuak egingo dituzte herritarrekin Lekuona Fabrika lehen eskutik ezagutu dezaten.
Hasi du atzerako kontaketa. Hilabete barru, zabalik izango ditu ateak Lekuona Fabrikak. Bide luzea du atzean, ez du erraza izan mundura jaiotzeko bidea, ezustekoren bat tartean, baina indarrez dator, bidean topatutako oztopoek zailduta eta ikasita, kulturari eta herriko kultur eragile zein herritarrei beraiei espazio berezia, sortzailea, topaketarako gunea eskaintzeko.
Ez du erronka makala, sortzaileentzako espazioa izango da, kultur diziplina anitzen habia, eta proiektu handi eta txikien gordeleku isila argia ikusten duten arte; Errenteria-Oreretak ezaugarri nagusietakoa duen kultur sorkuntza aberatsa indartzera dator.
Fabrika berriak maiatzaren 27an zabalduko ditu ofizialki ateak. Lanak amaituta, azken ukituak egitea falta orain. Lekuonaren berri, fabrika berriaren gidaritza taldeak eman du gaur prentsa aurrean. Bertan izan dira Aizpea Otaegi alkatea, Maite Gartzia alkateordea, Iñaki Queralt Bibliotekako zinegotzia, Junkal Mintegia Herritar Plazaren arduraduna eta herriko bi konpainia egoiliarren ordezkari Kukai Dantzako Jon Maya eta Dejabuko Ainara Gurrutxaga. Bertan izanbehar zuten, baina arrazoi ezberdinengatik ezin izan dute bertaratu, gidaritza talde horretako kide diren Ion Collar Kultura zinegotzia, Iker Tolosa Kultura teknikaria, eta Mari Jose Pascual Liburutegiko arduraduna.
Gidaritza talde horrek hainbat egiteko izango ditu fabrikarekin lotuta; proiektuaren helburuak betetzeko estrategia markatzea izango da bat. Guztien izenean hartu du hitza Otaegik eta gidaritza taldearen helburuei aipamena egin die: “Lekuonak kultura herritar guztien esku jarri nahi du, kultur sorkuntzarako espazioak eta baliabideak eskaini nahi dizkie herritar zein sortzaile profesionalei eta herritarren arteko harremanak sustatzeko lekua izan nahi du”.
Helburu horiek erdiesteko, hiru lan ildo izan dira fabrika berriaren oinarri Otaegik azaldu duenez: udal biblioteka zerbitzua, arte bizien egonaldi eta mediazio programa eta Herritar Plaza.
Azken hori, Herritar Plaza, hain zuzen ere, izango da gidaritza taldearen bidelagun egunerokoan. “Esan dugu herritarren parte hartzeari garrantzia berezia eman nahi diogula, erabaki ahalmena eman nahi diegu, eta horregatik sortuko dugu herritar plaza”. Lekuona Fabrikako programazioaren parte bat erabakiko duen herritar batzorde bat sortuko da horren barruan. “Baina ez hori bakarrik —zehaztu du alkateak— Herritar Plaza interes antzekoak dituzten herritarren taldeak osatzeko bidea izango da eta deialdi bidez hautatuko dituzten herritarren behar edo erronka batzuei erantzuteko proiektuak sustatuko dituzte”.
Bigarren oinarri edo lan ildoa biblioteka da. Udal biblioteka eraikinak dituen hiru solairu nagusietan banatuta egongo dela azaldu du, eta bertako baliabide eta funtsek bat egingo dutela programazio eta jarduera orokorrekin: “Bibliotekaren xedea irakurle eta liburuen arteko topaketa lortzeaz gain, komunitatea eta belaunaldi ezberdinen ezagutza partekatuak ahalbidetzea izango da, hau da, ohiko erabilera pertsonalak bermatzeaz gain, erabilera komunitarioetara jauzia egiteko bideak irekitzea”.
Hirugarren ildoaz ere hitz egin du. Egonaldi programa baten bidez arte bizien sorkuntza prozesuak babestu eta laguntzea dela helburua esan du alkateak. Gainera, konpainia profesionalei lanerako baldintzak erraztearekin batera, mediazio plangintza baten bidez, sorkuntza bera herriko eragile eta herritarrekin partekatzeko lan sistema bultzatu nahi dutela esan du: “Mediazioa tresna bezala egituratu eta egonkortzea berrikuntza garrantzitsua izango da eta erronka handia”.
Auditorian garatuko dira egonaldi artistiko horiek, baina auditorioak ikuskizun handi eta bereziak hartzeko aukera ere emango du, eta lehenbizikoa, maiatzaren 29an eta 30ean izango dela aurreratu du.
Espazio atsegin, bizi eta dinamikoa sortu nahi dute osagai horiekin, eta bizitasun hori, fabrikaren izena iragartzeko eraikinaren goiko aldean kokatuta dauden pantailetan islatu nahi izan dutela azaldu du: “Lekuona hitza osatzen duten zazpi hizkiak mugimenduan jarri ditugu eta mugimendu horren konbinaziotik hitz ezberdin eta bereziak sortzen dira etengabe, Lekuona barruan gertatuko dena ere egunero ezberdina izango delako”.
Bisita gidatuak herritarrentzat
Hilabete barru zabalduko ditu ateak ofizialki, baina aurretik herritarrei zabalduko dizkie ateak barrutik eraikina ezagutu dezaten. Bisita gidatuak antolatu dituzte horretarako, maiatzaren 15etik aurrera. Aste batzuetan zehar, astelehenetik larunbatera bi bisita eskainiko dituzte egunean, bata goizez eta arratsaldez bestea, euskaraz batzuk eta gazteleraz beste batzuk. Parte hartzeko erreserba egin behar da Niessen Kulturguneko harreran zein bibe.me plataforman. Xehetasun gehiago aurrerago emango dute.
Herriko sortzaile eta eragileekin bilerak egingo dituzte, bestalde, bihartik aurrera, “bilera horietarako gonbidapenak egiten hasiak gara”.
Kultura erdigunean
Errenteria 2025 Plan Estrategikoak kultura erdigunean jartzearen aldeko apustu garbia egiten duela azaldu du Otaegik: “Kulturak badu gaitasun eraldatzaile ukaezin bat. Gizarte kohesioa erdiesteko ezinbesteko tresna gisa ulertzen dugu guk eta sorkuntza pertsonen garapenerako balioa izateaz gain, garapen sozioekonomikorako elementu garrantzitsua dela argi dugu. Lekuona lerro estrategiko honi erantzuna ematera dator”. Lekuona Fabrika Kultur bizitzaren epizentro gisa deskribatu du Otaegik, “eta bere irekierak herriko kultur ekosisteman jauzi kualitatibo garrantzitsua suposatuko du. Niessen Kulturgunea, Reina Aretoa, Merkatuzar, Dantzagunea… Kultur ekipamendu guztiak ezinbesteko osagai izango dira Lekuonarentzat”.