[Erreportajea] «Aurpegirik gabeko sarraskia», nortasun eraikitzaile
Hilaren 27an 90 urte beteko dira ‘Ategorrietako sarraskian’ Guardia Zibilak zazpi arrantzale hil zituenetik. Horien borroka ahanzturan gelditu izanak badu kausa argirik, baina aitortza galdegin dute.
1931ko maiatzak 27 zituen Guardia Zibilak Ategorrietako erloju parean sei arrantzale tiroz erail zituenean. Zazpigarrena egun batzuen ondoren hil zen, tiroengatik. Horiekin batera, gutxienez beste 33 lagunen zauriek orbandu zuten odolez egun hartako oroipena.
Aurten 90 urte beteko dira Ategorrietako sarraskia izan zenetik. Josetxo Otegi Arrugaeta historialariaren iritziz, «Euskal Herriko historian inoiz izan den langile sarraskirik larriena». Aitorpen hori irakurrita, harrigarri gerta liteke pasaitar nahiz donostiar gehienek jazotakoaren berri ez izatea gaur egun. Izan ere, ez baita inguruan hildako eta zaurituen borroka aitortzen duen oroigarririk; azken hori da, hain zuzen, Pasaiako EH Bilduk aurten galdegin duena: aitormena.
Gertatutakoa ahanzturan geldi ez dadin, Otegiren mintzaldia antolatu zuen atzo koalizioak, Trintxerpeko alkateordetzan. Bederatzi hamarkada jiratu ditu atzera begiak historialariak:
XX. mende hasieran sortu zen Trintxerpe, «nahiko modu kaotikoan», azaldu duenez. Portuak elikatutako auzoa izan zen hura, denbora laburrean galiziar marinel askoren etxe bihurtuko zena «halamoduz», aitortu du. «Etxebizitzak ez baitziren duinak, baina lan egiteko beharra zegoen».
1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zuten Bigarren Errepublika, langileen bizi baldintzak duintzeko itxaropen argi bilakatuz, eta bost egun geroago atera zituzten argitara lehen aldiz Pasaiako arrantzaleek El Dia egunkari abertzalean euren hiru aldarrikapenak: hilabetean 300 pezetako soldata Gran Solera (Atlantikoko iparraldean, Irlanda azpian dagoen itsaso sektorea) arrantzan ateratzen ziren marinelentzat; astean zehar jaiegun bat izatea, betiere arrantza beharren arabera hartutakoa, eta ez, halabeharrez, igandean; eta, azkenik, lanaldia 15 ordukoa izatea, gehienez ere. Arrantzale gehienak galiziarrak ziren; patronala, euskalduna. Azken horiek ezezkoa eman zieten eskaerei eta maiatzaren 1ean arrantzaleek 3.000 lagunek babestutako greba abiarazi zuten.
Gertakariak
Protesta luzatzen ari zen, eta armadoreak, egoerari aurre egiteko, hainbat «tranpa» egiten hasi zirela azaldu du Otegik: «Saiatzen ziren Galiziatik marinelak ekartzen, lana eskainiz, eta gehienek ez zekiten eskirol bezala erabiliko zituztela».
Pasaiara heldu eta egoeraren berri zutenean, askok etxera bueltatzeko erabakia hartzen zuten; ohore keinu iritzi dio horri historialariak: «Benetako beharra zuten, baina kilometro horiek guztiak egin ondoren duintasunak izatea pisu gehiago sabelak baino, asko esaten du haietaz; kontzientzia handia zuten».
Tentsioz beteriko egunak izan ziren maiatz erdialdekoak, lan baldintzen eskaerek eta negoziazioek ez aurrera ez atzera jarraitzen baitzuten, eta hilaren 25ean Getariako portura bi bapore iritsi ziren generoz beterik (1.800 legatz eta 700 merlenka kaxa). Berria Pasaiara iritsi zenean, pikete batek enpresa horretako kamioi bat erre zuen, eta horren harira, Avance Marino Trintxerpeko sindikatu anarkistako bi buruak atxilotu zituzten.
Gertakariak bata bestearen atzetik joan ziren azaleratzen hurrengo orduetan. Atxiloketen biharamunean, Miguel Maura Gobernazio Ministroak azaldu zuen gobernuak ezarritako baldintzak betetzen ez zituzten ekintzak Errepublikaren aurkakotzat joko zirela, eta, hortaz, «legearen zorroztasunarekin» zigortuak izango zirela.
San Pedro eta Trintxerpeko arrantzaleen erantzuna: greba orokorra deitzea. Maiatzaren 27an, goizeko 10:00etan, 1.500 lagun baino gehiagoko manifestazioa (gizon, emakume eta haurrek osatutakoa) irten zen Trintxerpetik, Gure seme-alabentzat ogia nahi dugu eta Askatasuna gure lankideentzat lelopean.
Ategorrietako sarraskia
Gobernuak, mobilizazioa geldiarazteko asmoz, Armada eta segurtasun indarrak kaleratu zituen. Mirakruz gainean topatu zituzten lehenak manifestariek, baina horiek pasatzen utzi zietela azaldu du Otegik: «Garai hartan soldaduska ez zen profesionala, herriko semeak ziren. Nola egingo zieten tiro beraien bizilagunei?». Modu baketsuan zetozela ohartarazita, aurrera egiten utzi zien Armadak.
Ategorrietako erlojuan Guardia Zibilarekin topo egin zutenean, ordea, erantzuna oso bestelakoa izan zen. Pare bat abisu emanda manifestariek aurrera egiteko asmoa adierazi zutenean, tiroz erantzun zuten poliziek. Emaitza: 19 eta 34 urte arteko zazpi hildako eta 33 zauritu.
Herriak hilketak gogor gaitzetsi zituen eta atxiloketekin erantzun zuen poliziak. Hurrengo egunean Polloen lurperatu egin zituzten hildakoak, agur jendetsua egin ondoren. “Dena den”, zehaztu du Otegik, “guztiek ez zuten bat egin gaitzespen horrekin, izan ere, PSOE, UGT, errepublikarrak eta Solidaridad de Obreros Vascos euskal sindikatuak arrantzaleen grebaren aurka agertu ziren”.
Azkenean erreibindikazio gehienak onartu zizkieten, eta armadoreek arrantzaleen sindikatu nagusia, La Union, aitortu zuten; ekainaren 12an berriro itsasoratu ziren, horrela, arrantzaleak.
Aurpegirik gabeko memoria
1931ko sarraskia hein handi batean ahantzia izanak hainbat kausa dituela uste du Otegik. Lehenik, «aurpegirik gabeko sarraskia» izan zela, izan ere, garai hartan hasi ziren egunkariak lehen argazkiak argitaratzen, eta hortaz, ez dago egun hildakoen edota gertakarien oroigarri grafikorik.
Bi arrazoi politiko argi bereizi ditu: «Gaia ezaguna da, historia liburuetan dago, baina inkontzienteki nahita egin den gauza bat izan da. Sarraskia frankistek egindakoa izan balitz, edo Primo de Riveraren diktadurak… baina ez, Errepublikaren erantzukizuna izan zen. Horri batu behar zaio gure herrian 1936ko Gerran izandako hilketek gertatutakoa eklipsatu zutela».
Halaber, garaiko ezkerren jarrera ezberdinek Ategorrietako gertakizunen “oroimen deserosoa” eraikitzen lagundu zuten.
Memoria ezinbestekotzat jo du historialariak: «Langileok eskubiderik baldin badugu, pertsona horien eta beste askoren borrokengatik izan da», hunkitu da. «Tamalez, haiek, prezio garestiegia ordaindu behar izan zuten, eta guk ezin ditugu ahaztu. Pasaiako nortasunaren parte dira».
Guardia Zibilak duela 90 urte hil zituen arrantzale pasaitarrak honakoak dira: Jose Carnes (32 urte), Manuel Perez (34), Jose Novo (25), Antonio Barro (31), Julian Zurro (19), Jesus Camposoto (23), eta Manuel Lopez (26).