Argi berdea Ordenantza Fiskalei, progresibitatea iparrorratz
Ordenantza Fiskalenena izan zen gai izarra atzoko plenoan. Pandemiaren testuinguruak egunerokoa baldintzatu zuenetik, eta hilabete luzeen ondoren, lehen pleno presentziala izan zen, gainera, zinegotziak pantailez berezitako sistemarekin babestuta.
Ordenantza Fiskalenena izan zen gai izarra atzoko plenoan. Pandemiaren testuinguruak egunerokoa baldintzatu zuenetik, eta hilabete luzeen ondoren, lehen pleno presentziala izan zen, gainera, zinegotziak pantailez berezitako sistemarekin babestuta.
Aurkeztutako proposamenari autoemendakinak eginda heldu zen atzo plenora gobernu taldearen Ordenantza Fiskalen proposamena. Horrekin batera eztabaidagai, PSE-EEk aurkeztutako emendakinak, zein EAJrenak.
Hiru atal nagusi barnebiltzen dituela ordenantza fiskalen gainean gobernu taldeak egindako proposamena azaldu zuen Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotziak: “Igoera orokor bat %1,5ekoa proposatu dugu. Hau da ez da aurreikusten den KPIaren igoera, baizik eta gure KPI errealari dagokiona, argindarraren fakturaren igoerak distortsionatu eta atipiko bihurtu duen %4 horretatik oso urrun”.
Bi urte atzera egin zuen Ogasun zinegotziak historikoa egiteko, eta hala, 2019an KPIa %0,6 bueltakoa izan zela, eta hori izan zela onartu zuten igoera orokorra ekarri zuen gogora, “gainera une hartan udal talde guztiek adostu genuen akordio baten bidez”. 2020an ordenantza fiskalak izoztea izan zen proposamena, “ez da izozteena guk defendatzen dugun politika orokorra, baina kontsideratu genuen pandemiak oso egoera zailean jarri gintuela. Izozketa orokor bat justifikatzen zuen unea izan zitekeela erabaki genuen”.
Isla handia ez duen arren onartu berri dituzten ordenantzetan, agintaldi planean progresibitatean oinarritutako fiskalitate berri bat eraikitzen saiatuko direla dion lerroa zabalik dagoela nabarmendu zuen: “2022ko martxoan pausu zehatzak modu integralean egiteko moduan izango garela aurreikusten dugu, eta 2023 urteari begira, eta 2022-2023 ikasturtean zerbitzu publikoetan eragina izango du”. Politika publikoak egiteko ezinbestekoa dela dirua biltzea defendatu zuen Lopez de Etxezarretak, “logika horretan gehien daukanak gehiago eman, eta gutxien daukanak gutxiago ematea da guk defendatzen dugun eredua, eta horregatik, 2022ko martxotik aurrera proposatuko dugun progresibitatearen planteamendu horrekin zaurgarrienak babestuta geldituko direla ulertzen dugu”.
Hirugarren puntuan neurri zuzentzaileak aipatu zituen zinegotziak. Horietako batzuk aipatu zituen: Landa eremuko kooperatiben ondasun higiezinen gaineko zergan %95eko hobaria aplikatzea planteatu dute, “erronka da beti landa eremuan sustapen planak egitea edo politikak garatzea, eta konpromisoa”. Jarduera ekonomikoari dagokionean, hainbat neurri garrantzitsu mahai gainean jarri dituztela nabarmendu zuen: “Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga milioi bat eurotik gorako fakturazioa duten enpresen kasuan, zoru industrialean edo herrigunetik aparte dauden industrien tasa %1etik %1,20ra igotzea erabaki dugu. Horren harira Oarsoaldeko lau udalek dituzten tasen konparatiboa egin zuen Ogasun zinegotziak, “Pasaiak herri guztirako %1 dauka, Oiartzunek %1,8 industria gune guztirako, eta Lezok herri guztirako %2. Errenteria-Oreretak %1 izango du herri gunean eta zonalde industrialean %1,20”.
Aurreko urtean, jarduera ekonomikoa negatiboan amaitu duten jarduerek %50eko hobaria jasoko dute, eta gainera, lan kontratu mugagabeak egiteagatik eskaintzen diren hobariak handitu dira emakumeak, gazteak eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsonak kontratatzeagatik. Lan kontratua mugagabea duten langileen kopurua handitzen duten jarduera ekonomikoek %10eko hobaria jasoko dute kontratu mugagabe horien kopurua %0,1etik %5era artean handitzen bada, eta bost puntu handiagoa izango da hobaria kontratu mugagabe horien %60a emakumeentzat bada; berdin gertatuko da gazteen eta lan merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten kolektiboak badira kontratatuak.
Zaborraren tasa ostalaritza eta merkataritzari izoztea proposatu du gobernu taldeak, bestalde, eta etxeko konpostajean ere hobaria igotzea proposatu dute. Udal espazioen erabilerari ere erreparatu zion Lopez de Etxezarretak, “horien prezioen gaineko eguneraketa egitea ezinbestekoa iruditu zaigu, beti ere erabilera pribatuak direnean”.
Azkenik, 2019an plenoak onartu zuen laikotasunaren mozioaren inguruan, errito erlijiosoak egingo diren kasuetan udal eraikinak erabiltzeagatik ordaintzea proposatu dute.
Iparrorratz, progresibitatea dutela erantsi zuen zinegotziak.
Talde guztiekin bilerak eginda hainbat akats identifikatu dituztela eta beste hainbat gauza hobetzeko aukera ikusita, autoemendakina sartu du gobernu taldeak, “zuzenketak egitea ez da txarra eta ekarpenak, hobetzeko badira egin behar dira”.
Bost zuzenketa planteatu dituzte, zehazki.
PSE-EE izozketa orokorraren alde
PSE-EEren izenean Isaac Palencia mintzatu zen. Lehenik eta behin plenoek modu presentzialera itzuli izanagatik poza azaldu zuen bozeramaileak, “ez baita gauza bera aurrez aurre eztabaidatzea edo telematikoan egitea”. Bere alderdiak arduraz eta serioski lan egin dutela esan zuen Palenciak, “aztertu dugu Gobernu taldeak egindako proposamena, eta jaso dugu baita ere bizilagunen, ostalari eta merkatarien iritzia, eta horiekin guztiekin joan den ostegunean udalean aurkeztu eta agerraldi publikoan azaldu genuen proposamena osatu dugu”.
Izozketa orokorra da sozialisten planteamendua. Pandemiak sortutako egoera pixkanaka gainditzen ari bada ere, herritarren eta udalerriko saltoki txikien egoera zaila izaten jarraitzen duela uste du alderdi sozialistak,”eta ez dugu, beraz, uste tasa eta zergak igotzeko unea denik”. Aldunditik 2022an jasoko diren laguntzen aurreikuspena positiboa dela, “testuinguru horretan oinarrituta egin dugu gure proposamena”. Koherentziaz jokatzea ere badela esan du Palenciak, eta Irun, Eibar, Pasaia edota Andoingo udaletan jarri du begirada: “Horietan zerga eta tasak izoztea proposatu dugu, eta batzuetan, gainera, Eibarren kasu indar politiko guztiek babestu dute neurri hori. Ez genuke ulertuko, beraz, Errenterian, berdin ez berdin izatea”.
Proposatu duten neurri sorta azaldu zuen ondoren. Tartean, bost nabarmendu ditu gaurko agerraldian. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergan auto elektriko hibridoei hobaria ezartzeko bost urteko epealdia ezabatzea da horietako lehena. Kultura sustatzeko neurriak ere proposatu ditu, eta horien artean, eraikin publikoen erabileragatik ordaindu beharreko tasaren igoera bertan behera uztea eskatu dute, “%15 eta %100 arteko igoera aurreikusia dago, eta uste dugu neurri desegokia dela kultura sustatzeko. Harago, pandemiaren ondorioak pairatzen jarraitzen dugun testuinguru honetan. Beste udalerrietako prezioekin parekatu nahi dela da arrazoia, antza, Donostiakoekin, kasu. Ikuspegi horrek kezkatzen gaitu, harago, kontuan hartzen badugu kultura departamendutik egindakoa izan dela. Kezkagarriena da kultur enpresentzat erakargarri ez izatea gure espazioak euren ikuskizunak eskaintzeko; erakargarri egiteko modua ez da prezioak igotzea”.
Ostalaritzari ere erreparatu dio proposamenean PSE-EEk, eta establezimenduen kanpoaldean 3 edo 5 mahai jartzeko aukera izan dezaten eskatu du, “orain mahai kopuru bikoitia baino ezin dute jarri, baina kasu batzuetan, espazio eskasagatik zailtasunak dituzte. Erretiratu egin dugu, txostenean lehenik terrazen ordenantzan aldatu behar dela azaldu dutelako teknikoek”. Harridura azaldu zuen Palenciak, “jakin dugu ostalarien eskaera hori ezaguna zuela gobernu taldeak; hau ahalik eta azkarren aldatu behar da”.
Pozik azaldu zen Palencia, gobernu taldeak aurkeztutako autoemendakinean sozialisten hiru proposamen txertatu dituelako”.
EAJk abstentzioa
Elixabete Muruak ere poza azaldu zuen eta Palenciaren hasierako hitzekin bat etorri zen, “pozgarria da aurrez aurreko pleno ereduetara itzuli izana”. Abstentzioaren alde egingo zuela bere taldeak esan zuen hasiera-hasieratik Muruak, “ez gatozelako erabat ados proposamenarekin, nahiz eta egindako proposamenetako batzuk positiboki baloratzen ditugun. Gure proposamenak ez dira aintzat hartu, nahiz eta lantzeko asmoa adierazi zaigun eta elkarlanerako prestutasuna ere helarazi zaigun”.
Diru bilketa beharrezkoa dela politika publikoak sustatzeko uste duela EAJk ere esan zuen bozeramaileak, “udalak eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzeko beharrezkoak dira, baina aldi berean uste dugu politikak sustatzeko ere balio dutela”. Euren zuzenketak, hiru egin zituzten, progresibitatearen ildotik zihoazela nabarmendu zuen jeltzaleak, “azken urteetan egin dugun bezala. Pena da, berriro ere, proposatu dugun tasa eta zergen gaineko progresibitatea ezin aplikatu izana. Bereziki gaur egun bizi dugun egoera zaila kontuan hartzen badugu; egokiagoa da gehien duenak gehiago ordaintzea”. Azken urteetan uraren tasetan eta ibilgailuen gaineko zergetan diru sarreren araberako hobariak ezartzea proposatu duela EAJk nabarmendu zuen Muruak, “aurten ezinezkoa izango da. Bileretan azaldu zaigunaren arabera progresibitatearen lanketa horri behingoz helduko diogula ulertzen dugu oraingoan, eta gure esku dagoena egiteko prest dago EAJ. Herritarrei onurak ekartzeko egiten dugu lan gure taldetik, eta bide horretan elkarlanerako izango gara beti”.
Politika publiko “eraginkorrak”
Elkarrekin Errenteriako bozeramaile Maite Gartzia plenoak presentzialera itzuli izanagatik poztu zen. Gobernu taldearena egungo errealitatera egokitutakoa dela esan zuen, “kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzearen aldeko apustua da, eta politika publiko eraginkor eta sozialak sustatzea du helburu”. Hobari politikari ere erreparatu zion Gartziak, “zaurgarrienei begirakoa eta pandemiak gogorren astindu dituenak laguntze aldera”.
Fiskalitate “justu” baterako bidea dela proposamena nabarmendu zuen, “gehien duenak, gehiago ordaindu behar du”. Ogasun zinegotziak azaldutako neurriak errepikatu zituen berriro Gartziak, “horien garrantzia nabarmendu behar dela uste dut”.
Bestalde, beste alderdiekin akordioetara heltzeko borondatea berretsi zuen, “horren adibide da proposamenean txertatutako emendakinak”.
Errealitateari egokitutako proposamena dela egindakoa defenditu zuen Gartziak, “motxila duen errealitateari erantzuteko, kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzearen alde egiten duen proposamena, eta gure politiken erdigunean herritarra jartzen duena”.
Bigarren hitzartzean, akordiora heltzeko borondatea ez duela sumatu esan zuen Palenciak, “uste dugu irizpide orokorra partekatu gabe ere gobernu taldeak egin zezakeela esfortzu handiagoa gure alderdiak egindako proposamenekin”.
Progresibitatearen logikaren barruan lanean jarraitu
Lopez Etxezarretak labur erantzun zuen bigarren txanda horretan. Palenciareen azken hitz horiei erantzun zien lehenik Ogasun zinegotziak: “Guk oso argi azaldu genuen gure planteamenduaren norabidean zihoazen ekarpenak onartzeko erabateko jarrera genuela. %1,5eko igoera planteatzen bada, eta zuen kasuan izoztea, ez dago erdibidekorik ez bada erdibidekorako bidea egiten duela bateren batek. Zuekin egindako bileran oso argi adierazi zenuten zuen marra gorria izoztea zela. Interlokuziorako biderik ez genuen ikusi”.
Ostalaritzarekin lotutako emendakinaz ere mintzatuz en Ogasun zinegotzia: “uste dut PSE-EEri ahaztu egin zaiola esatea, mahaiak jartzeko kontua errebisatzen ari dela udala ostalariekin. Beraiekin batera ari gara ordenantza errebisatzen aldatu beharrekoak aldatzeko. Lanketa hori aspalditik dago mahai gainean”.
Kultur eraikinen erabilerarako prezioen igoerari dagokionean hainbat datu eman zituen Lopez de Etxezarretak, argi utzita, igoera horiek ez dutela inolako eraginik Errenteria-Oreretako eragileengan. Donostiako Gazte Eszenak 264 lagunentzako aforoa dauka, eta egun erdiko alokairuarengatik 825 euro ordaintzen dela azaldu zuen Lopez de Etxezarretak; Niessen auditorioa 283 pertsonentzako izan da, eskatu den igoera ezarrita, 89,26 euro ordaintzen da.
EAJri zuzendu zitzaion azkenik, “abstentzioa bada nolabait, bide beretik lanean jarraitu dezakegula adierazten duen jarrera, nahiz eta erabat bat egin gure proposamenarekin. Progresibitatearen logika horretan jarraituko dugu lanean, eta gauzatzeko gai izango garela ziur naiz eta apustua garrantzitsua da”. Hausnarketarako bide bat ere zabaldu zuen Lopez de Etxezarretak, “agian foru funtsaren banaketak ere kontuan har dezake progresibitatean oinarritutako fiskalitate bat ebste era batera saritzea, eta horrela ekitate printzipioa modu armoniko eta orokorrago batean zabaltzea”.
Justizia soziala, ekitatea eta kohesioa
Aizpea Otaegik, bere aldetik, beste alderdiekin bilerak egiterakoan argi markatu zutela gobernu taldearen proposamenaren bidetik zihoan edozein ekarpen txertatuko zutela azaldu zuen, “esandako horretan benetan sinisten dugu”. Jendea babesteko modua, euren ustez, ez dela zergak izoztea defendatu zuen, gainera, “fiskalitateak ahalbidetzen du kalitatezko politika publikoak egin ahal izatea, eta hain justu, zaurgarrien direnen interesak defendatzeko modua progresibitatea aplikatzea da. Garbi dago aurtengo gure proposamenean horri, progresibitateari, heltzeko asmo sendoa. Gure agintaldi planean jasota dago, orain arte saiakerak egin ditugu, eta Herri arte Eskola horren adibide da. Progresibitateak udalak eskaintzen dituen zerbitzu guztiei erantzun behar diela argi dugu”.
Progresibitate horrek, gainera, ezin dituela oinarri teorikoak izan argi utzi zuen, “gure herriak ezaugarri propioak ditu errentari dagokionean, eta uste dugu progresibitateak gure errealitateari, gure errenten errealitateari erantzun behar diola. Hori agintaldi honetako apustu serioenetakoa da, justizia sozialean, ekitatean eta kohesioan sinisten dugunontzat”.
Bozketa korapilatsua izan zuten ondoren. Gobernu taldearen zuzenketak bozkatu zituzten lehenik, PSE-EEren emendakinak gero, EAJrenak ondoren, eta Gobernu Taldearen proposamena osotasunean bozkatu zuten azkenik. Horri eman zioten argi berdea EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriaren aldeko botoekin (12), PSE-EEren kontrako botoekin (6) eta EAJren abstentzioarekin (3).