[Elkarrizketa] «Minbiziarekin, biharamunerako planik ez egiten ikasi dut»
Bi minbizi izan ditu 2010etik, maskurikoa eta kolonekoa. Ordutik iltzatuta du beldurra, alabagatik lehenean, eta bere buruagatik orain: «Ez dut hil nahi». Egunean egunekoa miresten ikasi du.
Eguneroko gauza hutsalez gozatzen ikasi du Belen Sotok (Pasaia, 1970) bi minbiziren diagnostikoa jaso ondoren. Biak ala biak, maskurikoa (2010ean) eta kolonekoa (2020ean) «zorte ona» izan zuelako antzeman zizkioten garaiz, baina haiekin betiko elkarbizi beharko duela onartuta dauka.
Bidean, medikuen zintzotasuna eskertu du gehien, eta ingurukoen (familia, kuadrilla eta ikastolakoak) sostengua: «Oso babestuta sentitu naiz». Aholku bakarra eman die gaixoei adore eman nahi dietenei, dena ongi aterako dela ez esateko, batzuetan ez baita egia.
Zer datorkizu gogora minbizia hitza entzuten duzunean?
Beldurra; oraindik, eta momentu honetan, beldurra [negarrez hasi da, harrituta, gaiaz hitz egiten ohituta dagoela azaldu du: ‘Ez nuen uste’].
Oraindik ez dut bukatu, oraindik arriskuan nago, eta hitza beldurra da. Gerta daitekeen horri diot beldurra. Gaixotasun honekin, noski, hil zaitezke, orduan, nire beldurra ez da gaizki pasatzea, mina izatea… hori guztia pasa dut.
Aspaldi, orain dela hamar urte, beste minbizi bat izan nuen, maskurikoa, eta horrekin beldurra desberdina zen, lehenengo pentsatu nuen nire alabarengan, nire lehen kezka izan zen: ‘Ai ene, nire haurra; zer gertatuko da ni ez banago?’.
Oraingo honetan ez, jada nire alabak 23 urte ditu, bere bizitza bideratuta dago, eta lehenengo pentsatu nuena izan zen: ‘Ez dut hil nahi’. Niregan pentsatu nuen.
Horregatik diot, minbizia entzuten dudanean burura datorkidana beldurra da, modu batean edo bestean, beldurra.
Nola heldu zen lehen diagnosia?
Bi kasuetan zorte oneko izan naiz. Lehen kasuan apendizitisa izan nuen, eta urgentzietan nengoela erradiografia bat egin zidaten, baina apendizea ikusten ez zenez, ekografia bat egin zidaten. Hori bukatuta, sendagilea etorri zen eta hark esan zidan urologoa etorriko zela niregana. Momentu horretan nik pentsatu nuen: ‘Urologoa, zertara? Ni hemen apendizitisarekin nago, hori zirujau batek konpondu beharko du!’ [barrez].
Urologoa etorri eta senarra eta bioi esan zigun maskurian garatxo bat aurkitu zidatela, ez zekitela zein motatakoa zen ez ezer, baina begiratu behar zutela.
«Lehenengo pentsatu nuena izan zen: ‘Ez dut hil nahi’»
Apendizea berehala kendu zidaten eta hortik hamabost bat egunetara urologoarenera joan nintzen. Hark egia esan zidan, baina bere hitzak oso baikorrak izan ziren; ‘tumore’ hitza ez zuen erabili, berak ‘garatxo’ hitza erabiltzen zuen.
Esan zidan, bada, garatxo hori kenduko zidatela, zonaldea garbitu eta tratamendu bat emango zidatela maskurian, berriro eta gehiago ez ateratzeko halakorik. Ni oso lasai joan nintzen, aitonak berdina eduki baitzuen aurretik, hari bi garatxo kendu zizkioten maskuritik, eta listo.
Apendizitisaren ebakuntza egin zidaten abenduaren 2 batean [2010], eta 28an jada maskurikoa operatzen ari ziren. Kirofanoan telebista bat zegoen eta ni ebakuntza ikusten egon nintzen zirujauarekin. Halako batean pantailan tumore hori ikusi nuen, eta esan nion: ‘Aiba! Bada, handia da garatxoa!’, eta hark hitz hauekin erantzun zidan, oraindik iltzatuta ditut: ‘Nola, garatxoa? Nork esan dizu hau garatxo bat denik? Hau maskuriko minbizia da’.
Hor nintzela, hankak parez pare zabalik, eta hura zonaldea erretzen, horrela esan zidan. Imajina dezakezu, 20.000 tona erori zitzaizkidan gainera momentu hartan, izugarrizko zartada izan zen. Gainera, momentu horretan bakarrik zaude, zirujau eta erizain batekin, eta oso gaizki pasa nuen.
Itxarongelara eraman nindutenean, bertan Manu [senarra] zegoen nire zain, eta esan nion: ‘Manu, esan didate hau minbizia dela’, eta hor erori zitzaidan dena gainera. Hor hasi zen guztia.
Engainatuta sentitu zinen?
Oso traumatikoa izan zen hala enteratzea. Lehenengo urologo hark ez zidan gezurrik esan, baina ez zidan egia osoa esan ere; alegia, bai, garatxo guztiak tumoreak dira eta hori esan zidan, baina ez zituen beste hitz horiek erabili.
Tratamendua emanda, jarraipena egin eta 2020an eman zizuten alta.
Alta eman zidanean urologoak esan zidan: ‘Orain esan diezazuket zorte sinestezina izan duzula, zuk zenuen minbizia ez zelako txarrena, ezta onena ere, baina bizirik dirau normalean’. Minbizi hori daukanari bizitza osoan sei edo zazpi ebakuntza egin behar izaten dizkiote, kendu eta gero berriro ateratzen baita.
Alta jaso eta berehala, bigarren minbizia.
Bi hilabete; atsedeneko bi hilabete izan ziren. Urrian eman zidaten alta, eta hortik egun batzuetara gorotzen froga egiteko hitzordua jaso nuen, 50 urte betetzearekin denoi egiten digutena. Froga egin eta hilabete eta gutxira, abenduan, etorri zen positiboa, odola topatu zuten.
«Lehenengo urologo hark ez zidan gezurrik esan, baina ez zidan egia osoa esan ere»
Zertan pentsatu zenuen orduan?
Hor, jada, hasten zara ‘ai ama, ai ama’, baina egia da positibo hauek askotan izaten direla bakarrik polipoek edo barneko odoluzkiek eragindakoak, proba horretan ikusten den bakarra baita gorotzetan odola dagoela. Ni beldurrarekin hasi nintzen, baina 10 positibotik 7 izaten dira polipoak eta halakoak, beraz, ez zen ezer ziurra.
Gabonak pasata deitu zidaten. Lokartu, kolonoskopia egin eta ongi esnatu nintzen, nahiko lasai nengoen. Zirujaua etorri zenean bukatu zen hori. Hark esan zidan: ‘Sentitzen dut, baina tumore bat topatu dugu’. Hor hasi zen, berriro ere, kalbarioa. 2021eko urtarrilean.
Bigarrena zen. Nola esan zenien ingurukoei?
Uf… [negarrez hasi da]. Zailena amari esatea izan zen. Amatxo, amatxo da, eta nik, ama gisa, badakit zer den alabagatik sufritzea, eta badakit, gainera, nire ama nolakoa den, bera oso beldurtia da gai hauekin eta banekien oso gaizki pasako zuela.
Horregatik, zirujauarekin egon arte apur bat itxaron nuen; hark azaldu zidan heste zati bat kendu behar zidatela, eta hura aztertu ondoren jakingo genuela egoeraren berri.
Hor oraindik lasai nengoen, badago jendea zati hori kendu eta ebakuntzarekin nahikoa izan duena, eta hori pentsatu nahi nuen.
Otsailean operatu ninduten, eta martxora arte ez nuen jakin gongoilak hartuta zeudela eta kimioterapia eman behar zidatela. Hor hartu nuen benetako kolpea.
Jende guztiak esaten zidan: ‘Ikusiko duzu ezetz! Dena ongi aterako da’. Nik ez diot inori gehiago hori esango; niretzako ostiko bat bezala ziren hitz horiek. Proba gaizki joan zen; kolonoskopian, tumorea; kirurgian, gongoilak gaixo. Eta bitartean, mundu guztia: ‘Ikusiko duzu dena ongi joango dela!’. Ez esan dena ongi aterako dela, gaizki atera baita hasieratik.
«Amatxo, amatxo da, eta nik, ama gisa, badakit zer den alabagatik sufritzea»
Gertukoei esan diet halakorik ez esateko, zer gertatuko den ez dakigulako, eta ikusi zer gertatzen ari zitzaidan niri. Esan nahiko nioke jendeari, nahiz eta intentziorik onenarekin egin, eta badakit bihotz-bihotzez zela, niri, gaixo bezala, ostiko baten antzekoa zela esaldi hori. Nola ongi joango dela? Ongi? Zer ari da joaten ongi? Ezer ere ez.
Gertukoei egia osoa esan zenien orduan.
Gogorrena amari esatea izan zen, aitak berdina pasa baitzuen aurretik eta bera desberdina da, ausartagoa, ni bera bezala naiz. Nire ama oso bestelakoa da, oso ahula zentzu horretan; bera ez doa medikura eztarriko mina duenean beldur delako zerbait arriskutsuagoa topatuko ez ote dioten! [barrez].
Lanean ere oso gaizki pasa nuen [Haur Hezkuntzako irakaslea da Pasaia-Lezo Lizeoan], guraso guztiei banan-banan azaldu behar izan nielako, birusagatik ezin baikinen denak elkartu, eta hamazazpi aldiz bizi behar izan nuen momentu hura; hor ikusten duzu gurasoek maite zaituztela.
Haurrei naturaltasun handiz esan nien zer nuen, ez dute dena jakin behar, baina bai egia. Batzuetan, babesteko ahaleginagatik, mingarriago egiten diegu errealitatea.
Oso babestuta sentitu naiz. Familiakoekin, lagunekin, lankideekin, gurasoekin… Oso gogorra izan da dena orokorrean, baina albokoek arindu didate.
Apirilean hasi zinen kimioterapiarekin.
Onkologoari hasieratik esan nion: ‘Ea, niri gauzak diren bezala esan, apaindurarik gabe’, aurretik pasatakoa ez nuelako berriro pasa nahi. Esan zidan lau gongoil nituela gaixo, eta bertatik gaitza eskapa zitekeela beste edozein lekura, eta metastasi bat egin.
Kimioterapiarekin zelula horiek hiltzen saiatuko ziren. Momentu hartan ez tumorerik ez minbizirik ez nuen, baina zelula kantzerigenoak dantzan nituen. Kimiorik ematen ez bazidaten %50eko aukera nuen metastasi bat izateko gero; kimioa emanda aukera horiek %20ra murrizten ziren. Portzentaje oso handia zen.
%0a sekula lortuko ez zutela argi esan zidan, eta hori beti eskertuko diot nire onkologoari, hain garden hitz egin izana. Hark esan zidan ni gaixo egongo naizela bizi guztirako, beti izango naizela, hiltzen naizen arte, minbizi gaixo; eta ordura arte egon beharko dudala kolonoskopiak eta probak egiten. Nik erantzun nion: ‘Ados, horrekin bizi naiteke’.
«Hark [onkologoak] esan zidan gaixo egongo naizela bizi guztirako»
Zalantzarik ez zenuen izan, beraz.
Ez, ez. Hasieratik baietz esan nion kimioari. Zertarako ibili errusiar erruletara jokatzen? Une hartan nahi nuen bakarra sendatzea zen; ez zitzaidan axola ilea galduko ote nuen ere. Are gehiago, nik neuk arrasatu nuen aurretik, badaezpada, aurreratzeko.
Egun hartan jada PICCa jarri zidaten [alboko irudian ikus daitekeen hodi zatia], hamabi sesio jasoko nituela azaldu zidaten, bi hilabeteko, hamabostaldiro. Kimioarekin zainak oso ahul gelditzen dira, eta egunero horiek zulatzen ez ibiltzeko jartzen dizute PICC hori. Tutua besotik bihotzeraino doa; bihotzetik 1,5 zentimetrora uzten dute. Zazpi hilabetez izan nuen hori sartuta.
Nolakoak ziren saioak?
Tratamendua astelehen batean hartzen nuen, ospitalean lau ordu eta erdi pasatzen nituen, guztira agian litro bat likido sartzen dizute, baina zu ongi zaude, eserita, itxaroten; ni irakurtzen, gehienetan. Irakurtzeaz nekatzen nintzenean telesail bat jartzen nuen, agian bi edo hiru ikusi ditut hor goian!
Hau guztia pandemia betean izan zen.
Niri, zentzu horretan, ez dit eragin. Lehen saiotik atera nintzen 08:00etatik 20:00ak arte PICCarekin ezer gertatuz gero deitzeko arreta telefono zenbaki batekin; beste telefono zenbaki bat nire onkologo eta erizainarekin zuzenean hitz egiteko 08:00etatik 15:00ak arte; beste bat erizaintzarekin hitz egin ahal izateko 08:00etatik 22:00ak arte, demagun, ibuprofeno bat har nezakeen edo ez galdetzeko, kimioarekin gauza asko ezin baitituzu hartu; eta laugarren telefono zenbakia 24 ordutan deitzeko zen.
Atera nintzen esanez: ‘Gertatzen zaidana gertatzen zaidala, edozein momentutan badakit norbait egongo dela niretzako’.
«Oso-oso nekatuta ere banengoen. Beso bat altxatzeko ere ez nintzen gauza batzuetan»
Eta saioen ondorengoa?
Lehenengo egunean nahiko ongi egoten nintzen. Bigarrenen eta hirugarrenetan, gose handirik ez; tripak nahastuta, goragalea, botaka egin nahi eta ezin… Horrez gain, min handia nuen ahoan, gaur arte ezin izan dut ezer hotz-hotza ez bero-beroa hartu. Tenperatura biziek kristoren mina sortzen dizute, bai ahoan eta baita hatz puntetan ere.
Oso-oso nekatuta ere banengoen. Beso bat altxatzeko ere ez nintzen gauza batzuetan. Hori hirugarren egunean zetorren normalean, goian hartzen nuen kimioaz gain, beste likido bat bainekarren gero etxera, eta hori zen benetan bortitza.
15 mililitroko puxika bat jartzen zidaten PICCean eta 48 ordu irauten zuen guztiz nire gorputzera sartzen. Pentsa! Bi egun 15 mililitro gorputzean sartzeko. Auskalo zer ote den sartzen dizuten hori; suntsitzen zaitu.
Horrez gain, egunak pasatzen nituen komunera joan gabe, minarekin, kimio guztia barruan bainuen eta ezin bota. Beti diot: beste hamabost erditze izan ditut. Ordubete osoa pasatzen nuen lau ardi-kaka egiteko, izugarrizko minarekin.
Lehen egunak arinagoak ziren, baina gero oso gogorra egin zait; egiten ari zait. Kimioa bai, baina hau ez da bukatu. Begira nola ditudan eskuak [esku-barruak goratu ditu], kimioak lanean jarraitzen du. Ezin dut indarrik egin ez pisurik hartu. Lehen lau hilabeteetan gimnasiora nindoan oraindik, baina heldu zen puntu bat non ohetik altxatzea ere amesgaizto bat zen.
Gaur egun nola zaude?
Ari naiz saiatzen gutxika gehiago kalera atera eta mugitzen. Azterketa medikuak hiruhilero ditut, eta beti duzu zalantza; badakit orain garbi nagoela, baina %20eko zori hori beti hor dago. Uste dut beldur hori bizitza guztian eramango dudala nirekin, baina egia da horrekin bizitzen ikasten duzula.
«Badakit orain garbi nagoela, baina %20eko zori hori beti hor dago»
Esango nuke orain gauza txikiak gehiago disfrutatzen ditudala. Hori da gaixotasun honek erakusten dizun zerbait, duzun guztia eskertzen. Minbiziarekin, biharamunerako planik ez egiten ikasi dut. Alkandora berri bat baduzu, estreinatu, bihar ez baitakigu zer etorriko den.
Pena da halako gaitzekin ikasi beharra, baina minbiziaren beldur horrek asko irakasten dizu.