Plaza libreak daude udako ikastaroan parte hartzeko
'Udalok zeinekin partekatu behar dugu boterea? Ausazko metodologiak aztergai' ikastaroa astelehenean egingo da Lekuona Fabrikan. Matrikulazioa online egin behar da.
Errenteriako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Uda Ikastaroek Udalok zeinekin partekatu behar dugu boterea? Ausazko metodologiak aztergai ikastaroa antolatu dute Lekuona Fabrikan datorren astelehenerako, hilak 12. Gai hori jorratzeko egun osoko programa prestatu dute ikastaroen arduradunek, eta oraindik plaza libreak daude tailer horretan parte hartzeko.
Honakoa izango da Errenteriako Udalak eta EHUko Uda Ikastaroek elkarlanean antolatzen duten bigarren topaketa. Aurtengoak iaz hasitako ibilbideari jarraipena emango dio, herritarren eta erakundeen arteko harremanari helduko baitiote.
Pandemiak eragindako egoerak politika publikoak egiteko testuingurua aldatu eta esplizituago egin duela azaldu dute udal ordezkariek. Horren harira, erakundeen eta herritarren arteko harremana berriro zehazteko beharra jarri da mahai gainean, eta udalak erronka horri aurre egiteko lehen lerroan daude. Horrez gain, Errenteriako Udalak eta beste hainbat tokiko entitatek gobernantza publiko-komunitarioa deitu izan den gobernantza-eredua garatu dute, eta eredu horretan sakontzeko tresna berriak eta berrituak erabili behar direla azaldu dute. Hori dela eta, udalak botere banaketarako erreminta diren ausazko metodologiak aztertu nahi ditu.
Bideratuko den ikastaroa, gehienbat, tokiko administrazioan, gobernantza ereduetan eta gizarte mugimenduetan interesa duten pertsonei zuzenduta dago, eta Udalok norekin eta nola partekatu behar dugu boterea? Ausazko metodologiak aztergai galderaren inguruan mintzatuko dira, udalek boterea partekatzeko duten beharraren eta moduen inguruan begirada jarriz.
Egun osoko egitaraua
Aipatutako ikastaroa astelehenean izango da, hilak 12, Lekuona Fabrikan, presentzialki edo online jarraitu ahal izango da, eta egun osoko programazioa prestatu dute. Errenteria-Oreretan ausazko metodologiak erabilita aurrera eramandako esperientzia batetik abiatuta, tresna horien ezaugarriak eta erabilgarritasunak aztertuko dituzte Aztikerreko kideek.
Goizeko saioan hiru hizlarik hartuko dute parte. Lehenik, Arantxa Mendiharate politologoak eta eta Deliberativa-ko kideak prozesu deliberatiboen eta zozketaren arteko loturak analizatuko ditu. Ondoren, Bartzelonako Pompeu i Fabra unibertsitateko irakasleak zozketa bidezko partaidetza prozesuen eta herri mugimenduen arteko elkarguneak izango ditu hizpide. Azkenik, Zelai Nikolas legelari eta Eusko Ikaskuntzako kideak argi kritikopean jarriko ditu metodologia horiek. Arratsaldean, berriz, hiru hizlari horien arteko mahai inguru bat antolatu da.
Izen-emateak eta prezioak
Ikastaroan parte hartzeko matrikulazioa online egin behar da, eta oraindik plaza libreak daude tailer horretan parte hartzeko. Errenteria-Oreretan erroldatutako herritarrentzat doakoa da izen-ematea; eta gainontzekoek, berriz, EHUren gainontzeko ikastaroetako prezio bera ordaindu beharko dute. Honakoak dira tasak:
- Errenteria-Oreretan erroldatutakoak: doan.
- Matrikula orokorra: 45€.
- Matrikula murriztu orokorra: 38€.
- Matrikula exentzioa: 32€.
- Elkar txarteldunak: 38€.
- Euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuetako kideak: 38€.