Pasaia Kayak, emankor Espainiako Txapelketan
Espainiako Itsas Kayakeko Txapelketan zilarrezko domina bat eta brontzezko bi irabazi dituzte Pasaia Kayak-eko kirolariek.
Pasaia Kayak kirol elkartekoak pozik daude. Izan ere, joan den asteburuan Sanlucar de Barramedan (Cadiz, Espainia) jokatu zen Espainiako Itsas Kayakeko Txapelketan hiru domina lortu zituzten, zilarrezko bat eta brontzezko bi. Horiez hain, hainbat ohorezko postutan izan ziren Pasaiako kirolariak, tartean izan zirela bi laugarren postu eta top-10eko beste bi. Kategoria guztietako lehiak izan ziren jokoan Andaluziako herrian. “Argi dago Pasaiako marea urdinak Andaluziako urak ere zipriztindu dituela”, adierazi dute, harro, taldekideek.
Lehen metala Ramon Vegak bereganatu zuen Master Beteranoen kategorian. 18 kilometroko bidean (juniorrekin eta seniorrekin batera atera ziren beteranoak) lehia estua izan zuen brontzerako Tenerifeko Argonautas del Medano taldeko ordezkariekin, baina azkenean, Vegak bere egin zuen podiumeko hirugarren koska. Maila handiko kirolariek parte hartu zuten proban, Pasaia Kayak-etik zehaztu dutenez. Lehia horretan, Iker Lizaso hamar lehenen artean izan zen Junior Mailako zeharkaldian. Maialen Vitoriaren lana ere goretsi du klubak, hura ere hamar lehenen artean sailkatu zelako kadeteen proban (8.000 metroko lana egin zuten).
Bigarren domina Oinatz Alonsok lortu zuen. Itsas proba batean debuta zuen, gainera: Haurrak B kategoriak hirugarrena izan zen, beraz, brontzezko garaikurra harentzat izan zen. 3.000 metroko bidean hura baino adin eta eskarmentu handiagoko lehiakideak atzean utzi zituen, maila eta gogo handi-handia azalduz.
Hirugarren domina, zilarrezkoa hori, binakako proban (K-2) eskuratu zuen Oarsoaldeko taldeak: Maialen Vitoria altzatarrak eta Ioar Alonso pasaitarrak meritu itzeleko bigarren postua bere egin zuten, atzetik aurrerako proba eginez. Urrezkoa ere ez zuten urrun izan, irabazletik sei segundora iritsi baitziren helmugara.
Orain, Euskadiko Kopako azken proba dute begiz jota Pasaia Kayak-ekoek. Lekeition da, hilaren 25ean.