"Erasoen aurrean ez gara kokilduko"
Madalenen testuinguruan hainbat eraso matxista izan direla salatu du Oreretako Asanblada Feministak, eta autodefentsa kolektiborako deia zabaldu.
Hamarnaka herritar elkarretaratu dira gaur Oreretako Asanblada Feministak egindako deialdiarekin bat egiteko, eta Madalen Jaien testuinguruan izandako eraso matxistak salatzeko. Agertokia aldatu dute, Foru plazako punto morearen ondoan egin dute protesta.
Jarraitzeak, ukituak, erasoak… garraio publikoan, kontzertu batean, taberna batean, kalean… Askotarikoak eta hainbat espazioetan, horiek dira mugimendu feministak salatu dituen erasoak gaur, “nazka eta amorruak” gainezka eginda, “baina tinko”.
Gogor salatu dute “ezetza” ulertzen edota onartzen ez duten gizonekin topo egin dutela, “berriro ere topo egin dugu gure ezezkoa zigortzeko eskubidea duela uste duen morroi batekin, beste behin ere beste gizon batek eskubidea duela hainbat emakumeri ukituak egiteko kontzertu batean, beste behin gizon batek jazarri digu beldurra eragiteko gugan… eta nazkak, amorruak eta nekeak gainezka egin digu”.
Elkartasun eta besarkada “goxoena” helarazi die Oreretako asanblada Feministak eraso dituzten emakumeei, euren senideei zein lagunei, eta mezu argia bidali diete, “ez zaudete bakarrik. Gutako bat ukitzen badute, denak ukitzen gaituzte; gutako bat jazartzen badute, gu guztiak jazartzen gaituzte”. Gertakarien aurrean, enegarrenez, autodefentsarako hautua berretsi dute erasoen aurrean, eta horretan jarraituko dutela esan dute horretan jarraituko dutela indarkeria matxista gure egunerokoan ohikoa izaten jarraitzen duen bitartean. Halaber, neurri asistentzialetatik haragoko doazen politikak aldarrikatu dituzte, “ez gara neurri asistentzialekin konformatzen, ez garelako ez biktima, ezta subjektu pasibo ere. Gure protestak gero eta irmoagoak badira ere, sistemaren makineriak ez du etenik eta gogor kolpatzen gaitu errealitate heteropatriarkalak”. Horren aurrean, berriz ere, autodefentsa feminista aldarrikatu dute, “norbanako ahalduntzea zein kolektiboa erdiesteko bidean”.
Jaien testuinguruan gertatutako erasoen jomuga neska gazteak izan direla jakinarazi du asanblada feministak eta aitortu die, guztiei, ausardiaz ari direla salatzen gertatu zaien guztia, “adi gaude, elkarrekin gaude eta ez dugu eraso txikiena ere onartuko”. Kontziente dira, ordea, bidea luzea dela eta onartu dute sufritzen duten indarkeria errotik ezabatzeko polizia eta epaile neurri zigorztaileez gain bestelako jarrera, ekintza eta neurri behar dituztela.
Horren harira, bost aldarri zehatz eta negoziaezin egin dituzte. Benetako politika feministak nahi dituzte. “Azken hauteskundeek utzi diguten agertokiaren eta eskuinaren igoeraren aurrean, eskuin muturraren hauspotzearekin, faxismoaren igoerarekin, emakumeen kontrako biolentziak eta horien betikotzearen aurrean gure eskubideen aldeko borroka berresten dugu”. Mezu argia horren harira: Kalera itzuliko da mugimendu feminista: “Ez dugu apaingarri diren politika feministak, ez dugu argazki gehiagorik behar. Errekurtsoz jositako eta ekonomikoki indartsu diren administrazio egiturak behar ditugu. Urgentziazkoak dira neurri integralak, aldaketa ekarriko dutenak, ausartak, zintzoak gure bizitzak duindu ditzaten”.
Kalea aldarrikatu dute eurentzat, bigarrenik. Auzo eta herrietan libre ibili nahi dutelako, “eraldaketa bidean emakumeok espazio guztiak hartu behar ditugu, plazak, kaleak, udalak, komunak, antzokiak… bide eta espazio guztietan nonahi, nolanahi, noiznahi libre mugitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu”.
Argi esan dute ez direla inorenak, “gurea baino ez da gure gorputza eta nahikoa esaten diegu gutaz barre egiten duten erasotzaileei, beldurtzen gaituztenei, jazartzen gaituztenei, gure ezezkoa onartzen ez dutenei, edo ikaragarri maite gaituztela esaten diguten horiei. Gure bizitza proiektua aukera askatasunean oinarritu nahi dugu, inongo baldintzatzaile patriarkalik gabe”. Euren burua defendituko dutela ere esan dute, “bakarka zein kolektiboki” horretarako autodefentsa feminista baliatuta.
Erasotzaileei mezu argia: “Ez gara kokilduko eraso matxisten aurrean. Jarraituko dugu gure burua eta beste emakumeak defendatzen, gure auzo eta herrietatik erasotzaileak baztertzen, emakume sareak ehuntzen eta patriarkatuaren kontra konspiratzen”.
Eraso sexisten aurrean altxatuko direla esan dute ozen, “kontzientzia sortzeko, esnatzeko, antolatzeko, kaleak bete eta oihu egiteko nahikoa dela, ez garela kokilduko. Gero eta indartsuagoak gara”.
Txalo zaparrada artean amaitu dute elkarretaratzea.