[Erreportajea] Tokikoak ez galtzeko errelebo bila
Erreleboa behar duten establezimenduei laguntza eskaintzen die Oarsoaldea Garapen Agentziak Berrabiatu programaren bidez, tokiko ekonomia eta saltoki txikien ekosistema bizirik mantentzeko.
Tokiko merkataritzak ez du erronka erraza. Merkatalgune handiekin, zein Internet bidezko erosketekin lehiatu beharra du. Horri, berez dituen zailtasunak gehitu behar zaizkio; establezimenduen biziraupena bermatzeko ezinbestekoa den errelebo falta da oztopo horien artetik kezkagarriena. Erretirorako garaia iritsita, establezimendu horien lekukoa hartu eta bizirik mantenduko dituen erreleboa aurkitzea gero eta zailagoa bihurtzen ari zaie.
Horren jakitun dira merkatari, ostalari eta zerbitzu establezimenduetako jabeak. Egoerari aterabide bat eman nahian, aurrea hartu nahi izan dute, udalekin eta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean, eta azken horrek, Berrabiatu programa du martxan Oiartzun, Pasaia, Errenteria-Orereta eta Lezon. Oinarrian, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bidez Errenteriako Udalak 2017. urtean, eta Pasaiakoak 2019an egindako PERCO Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia dagoela azaldu du Ibai Kortabitarte Jauregi Oarsoaldea Garapen Agentziako teknikariak: «Ondoriorik nagusienetako bat tokiko establezimenduetan erreleborako dagoen zailtasuna izan zen. Gero eta adineko pertsona gehiago dago, gero eta gazte gutxiago, eta dauden horiek, baldintza erakargarriagoak dituzten sektoreetara jotzen dute lanera, merkataritzaren baldintzak ez direlako erosoenak. Errelebo falta horren ondorioz gero eta lokal gehiago zegoen hutsik, zerbait egin beharra zegoela erabaki genuen».
Ez ziren hutsetik hasi. «Bartzelonan egiten ari ziren lanketak aztertu genituen, besteak beste. Lantalde bat eratu genuen Errenteriako Merkataritzako Aholku Kontseiluaren barruan, Merkataritza Ganbarako Berriz enpresarekin elkarlanean. Esperientzia ezberdinak jaso, aztertu, eta Berrabiatu programa eraikitzen joan ginen». Urte pare bat da programa eskaintzen duela Oarsoaldea Garapen Agentziak: «Prozesu bat izan da, arazo batetik lan lerro ezberdinak sortzen saiatu gara». Izan ere, hainbat erpini erantzutea dute xede: batetik, erreleboa bilatzen ari diren establezimenduei; eta bestetik, ekintzaileei, baita langabeak diren pertsonei ere komertzioaren erreleboa, eta ekintzaile nahiz langabeen arteko lotura egiten saiatzen ari dira. Argi dio teknikariak: «Ez da Oarsoaldearen arazoa soilik, globala da. Horren harira, beste garapen agentziekin gaiaren gaineko elkarlana abiatu berri dugu».
Oiartzunen 151 saltoki
Oiartzungo Udalak ere egin du azterlan sakona, Itturri Merkatari Elkartearekin batera, bertako establezimendu sarearen ahulgune eta indarguneak identifikatu eta ekiteko. Joan den udazkenean egin zuen. Oiartzun Gipuzkoako laugarren udalerria da merkataritza dentsitateari dagokionean. 151 saltoki ditu. Enpresa jarraitutasunik eza dela tokiko establezimenduei eragiten dien arazo larriena ondorioztatu du azterlan horrek. Bat egin du Itturri elkarteko presidente Iñigo Mujika Labandibarrek ideia horrekin: «Jendeak ez du bere negozioa jarri nahi; lokal bat erosi edo alokairuan hartu behar duzu, gastu ugari ematen ditu hasieran. Beste batentzat lan egiten duzunean, zure lanaldia egin eta hurrengo egunera arte bukatu duzu. Zurea denean negozioa lana eta kezkak etxera eramaten dituzu, ordutegiak…».
Azken urteetan Oiartzunen denda ugari itxi dituztela azaldu du. «Ia guzti-guztiak erretiroagatik. Denda bat ixten denean, normalean ez da berriro zabaltzen. Itxita jarraitzen dute, biltegi edo garaje gisa erabiltzen dira, edota udalak baimena ematen badu etxebizitzak egiteko baliatzen dituzte. Lokal horiek etxebizitza bihurtzen bagoaz, lokalik gabe eta merkataritzarik gabe geldituko gara, pena da. Komertzioan erreleboa hartzen ez bada, pixkanaka hiltzen doa».
Herrian erostearen garrantzia lehen lerroan jarri du, «bertan erosita dirua herrian geldituko da». Argi dio: «Komertziorik gabeko herria, herri hila da. Tokian tokiko establezimenduetan arreta pertsonala da, tratua zuzena. Gure kasuan Enara zerbitzua eskaintzen diegu herritarrei erosketa etxera eramateko».
Belaunaldi errelebo falta
Belaunaldi erreleboaren falta lehen lerroan jarri du ere Mari Carmen Mogilnicki Pasaiako Laurak Bat elkarteko presidenteak: «Belaunaldi erreleboa ez da aukera bat gure seme-alabentzat, sektore askotan bezala. Ikasi dutenaren inguruko lanbidea lortzeko itxaropena dute». Pasaiako lau barrutietan 300 bat establezimendu dira. Eskaera zehatza egin du pasaitarrak: «Laguntza gehiago behar dugu». Erosteko ohiturak «zoritxarrez» ez direla aldatu dio, nahiz eta pandemian hala zirudien, «gure bezeroengatik dena eman genuen arren, merkataritza gune handietara jotzen jarraitzen dute».
Pasaiako establezimenduetan kontsumitu edo erostearen garrantziaz luze hitz egin du. Tokiko dendak eta auzo merkatuak komunitateen osasunerako funtsezkoak direla iritzi dio, «bertan gastatutako diruak tokiko ekonomia indartzen laguntzen du».
Auzo dendei, bizilagunen topaleku eta saretze gune izaera aitortu die, bestalde. Merkatalgune handietarako joan-etorrietan autoa erabili beharrak, tokian erosteak eragiten ez duen ingurumen kaltea ere eragiten duela dio Mogilnickik. Datu interesgarri gehiago ere eman ditu: ohiko erosketa saski bateko produktuen atzean 160.000 kilometro daudela aipatu du, edota kontsumo azterketa baten arabera jende gehienak erosketa nagusi bat egiten duela merkataritza gune handi batean, eta horretara familiaren aurrekontuaren %80 bideratu: «Frogatuta dago produktu horien herena baino gehiago, batez ere elikagaiak, zaborretan bukatzen dutela. Herriko establezimenduetan erosketak egunero egiten ditugu, beharren arabera, eta ez da elikagairik xahutzen». Pasaiako establezimenduetan erostearen garrantzia lehen lerrora eraman du, «herriari onurak ekartzen dizkio, baita herritarrei ere».
Itxi bai, baina zabaldu ere
Aurtengo datuen arabera, 355 merkataritza establezimendu dira Errenteria-Oreretan. Horietako asko Errenkoalde Elkarteko kide dira. Maika Martin presidenteak, aurreko biek bezalaxe, belaunaldi erreleboa «ikaragarri» zaila dela dio: «Kasu askotan establezimendu jabeen seme-alabek negozio horrekin zerikusirik ez duten ikasketak egin dituzte, eta horretan lan egin nahi dute. Bestalde, negozioa aurrera ateratzeko gurasoek sakrifizio handia egin dutela ikusi dutenek, ez dute halako lan nekeza hartu nahi». Beste aldekoak ere badira, ordea, Martinen esanetan: «Negozioa ixtear ikusten duten langile batzuk establezimendua bere gain hartu, eta aurrera jarraitzeko erabakia hartzen dute beste kasu batzuetan». Egoeraren jakitun izanik, baikor azaldu da errenteriarra. «Prestaketa, eskura ditugun tresnak, Errenteriako Udala erakusten ari den babesa itxita dauden lokalak irekitzeko diru laguntzen bidez, eta kontzientziazioak, berezko proiektuak dituzten ekintzaileak animatzen laguntzen dutela uste dugu».
Errelebo falta da tokiko establezimenduek duten arazo handienetako bat
Establezimenduak itxi direla ukatu gabe, berriak ere zabaldu dituztela azken urteetan nabarmendu du Martinek. «Pandemia osteko garaian establezimendu kopurua mantendu egin da. Ixteko arrazoia, gehien-gehienetan, erretiro garaia helduta lekukoa hartuko duen erreleborik ez dagoelako izaten da».
Erosteko ohiturei erreparatzeko garaian, gazteak izan ditu hizpide. Internet bidezko erosketetatik hurbilago direla dio. «Denerako erabiltzen dituzte teknologia berriak, baita erosketak egiteko ere. Hala ere, tokiko merkataritzak pisu garrantzitsua du Errenteriaren ekonomian». Ezinbestekoa jo du Martinek ere herriko establezimenduetan erosketak egitea: «Udalerri batek bizitza izan dezan ezinbestekoa da, ez dadin lo-hiria izan. Katea da, eta guztia dago lotuta, herriaren ekonomiari ekarpena egiten zaio eta aberastasuna sortu. Denek irabazten dugu».
Belaunaldi berrietan fokua
Aurreko hirurek bezala, erreleboarena «zaila» ikusten du Edurne Mitxeok: «Finean egunean 8 ordu lan egin, 40 eguneko oporraldia… ideala da. Komertzio bat duenak ezinezko du hori. Abantaila bat dugu, ordea: egiten duguna gustuko dugu. Ikaragarria da jendeari kalitatea ematen diozula jakitea, pozik datozela zure establezimendura. Konfiantza ematen diegu».
Lezokoak Elkarteko lehendakaria da Mitxeo; une honetan, 37 establezimendu biltzen ditu topaguneak. Tokiko establezimenduei arnasa emateko gakoa belaunaldi berriak kontzientziatzea da harentzat, eredu egokiak transmititzea: «Lezoko okindegi batean ogia erostera joatea txikiekin, kafe bat hartzea bertako taberna batean, galtzerdiak erostea herriko denda batean… Herrian erosten ikusten bagaituzte, ziurrenik, horretara ohituko ditugu».
Lezoarren erosteko ohituren gainean galdetuta bi muturrak aipatu ditu Mitxeok. «Internet bidez erosten duen jende asko dago, baina herrian erosten ez zuen jende bat ere hasi da bertan erosten». Lezoko establezimenduek konpetentzia handia dutela uste du. «Online erosketak daude, Garbera merkatalgunea gertu dugu, eta Errenteria ere ondoan. Lezon, berriz, gero eta gutxiago dugu. Uste dut, udalarekin elkarlanean, ezinbestekoa dugula zer edo zer egitea egoera iraultzeko eta tokiko merkataritza indartzeko».
Tokiko establezimenduetan erosteari bezain besteko garrantzia eman dio tokiko produktuak erosteari: «Bertakoak aukeratu, zertxobait garestiagoak badira ere. Hemengoa kontsumitzea ezinbestekoa da». Herritarrekin sareak eratzearen garrantzia ere aipatu du, eta adibide bat jarri. Kurtso amaierako bidaiarako dirua lortzeko Lezoko saltokietara jo zuten herriko ikasle batzuk: «Bakoitzak ahal genuena eman genuen, eta bi saski handi osatu zituzten. Nola ez herrikoak badira? Garberara joan eta eskatuz gero, emango al lukete? Herrian bizi, eta herrian kontsumituta, herriari bizia ematen diogu. Esfortzu txiki bat egin eta herrian erosten hasteko deia egin nahi dut, Lezo ez dadin lo-hiri bihurtu».