Oinbusa, puntu ilunak, eta komunitate energetikoak ikasleentzako etxeko lan
Agenda30 programaren barruan hiru ekintza garatzen ari dira Errenteria-Oreretako ikastetxeetan.
Pasa den azaroan egindako eskola arteko foroan aurrera begira, egin beharreko lehen urratsak bateratu eta banatu zituzten Errenteria-Oreretako ikastetxeetako ikasleek. Orain, buru belarria ari da zentro bakoitza egokitutako ekintza garatzen udalak jakinarazi deunez. Esku hartze plana diseinatuta, hiru ekintza garatzea erabaki zuten: Oinbusa, herriko puntu ilunak argitu, eta komunitate energetikoak.
Oinbusa LH Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeetan lantzen ari dira, Bizarain Ikastolan, Cristobal Gamon ikastetxean eta Telleri alde ikastetxean. Horren barruan, ikasleak eskolara oinez joateko proposamena aztertzen ari dira. Izan ere, oinez joateak abantaila handiak dituela nabarmendu dute: “Oinez, lagun artean, autonomia landuz eta kirola eginez, eskolara esna-esna iristea”. Eskola sarreretan sortzen diren arazoak ekidin eta kutsadura murrizteko ere garrantzitsua da neurri hori, klima babestuz.
Parte hartzen ari diren ikasleak azterlana egiten ari dira, ikasleen etxeetatik ikastetxe bakoitzera egin beharreko ibilbide egokiena zehazteko. Ondoren, herriko udaltzainekin harremanetan jarriko dira beraien ekarpenak eta laguntza jasotzeko.
Zehaztu duten bigarren egitekoa, herriko puntu ilunak argitzea da. Horretan ari dira Bizarain BHI, Koldo Mitxelena BHI, Telleri alde BHI, eta Orereta Ikastolako LHko ikasleak. Galdetegia sortu dute horretarako. Herri seguruago batean bizi nahi dutelako ari dira lanketa horretan ikasleak, baina baita ere, kaleko energia kontsumo eraginkortasuna aztertzeko.
Azkenik, hirugarren lerroa, komunitate energetikoak dira. Horien ezaugarriak eta onurak aztertuko dituzte lehenik, eta ondoren, Errenteria-Oreretako Ekiherri komunitate energetikoko ordezkariekin elkartuko dira, horien jarduna herrian barrena zabaltzen laguntzeko. Egiteko hori, Egiluze ikastetxea eta Orereta Ikastolako DBHko taldeei esleitu diete.
Hiruhilekoaren amaieran, lanketen emaitzak jaso eta bateratuko dituzte. Emaitza horiek herrira zabaltzeko ekintzak ere adostuko dituzte ikasleek.