Milaka ahots osasuneko murrizketen kontra
Iztietako anbulatorioak bizi duen egoera salatzera eta osasun sistema publikoa defendatzera milaka herritar atera dira gaur kalera.
Lehen arretako eta larrialdi zerbitzuetako osasun sisteman, zehazki Iztietako anbulatorioan murrizketak egin dituztelako hainbat frontetako borrokaldia hasi zuten Duintasuna elkarteak, Errenteria-Oreretako mugimendu feministak, erretiratuen klubek eta auzo elkarteek. Gaur borrokaldi horren lehen fasea (2023ko abenduaren 16ko manifestazioarekin aktibatu zuten) bukatutzat eman dute, manifestazio batekin. Milaka izan dira kezka berbera bildu dituenak gaurkoan ere: “Lehen Mailako arreta defendatu nahi dugu. Lehen fasea bukatutzat eman dugu, baina ez gara geldirik egongo”. Bai Iztietako anbulatorioko arreta, bai Beraungoa, bai eta eskualde osokoa ere da haien kezka. Izan ere, Iztietako zentroak eskualde osoari ematen baitio zerbitzu larrialdi egoerak daudenean. Ez dago ia sendagilerik, ordea, deitzaileek esan dutenez.
Gaurkoan, lehenik elkarretaratzea egin dute Iztietako anbulatorioaren parean. Deitzaileek irakurketa helarazi diete han bildutakoei. Ondoren Erdigunetik manifestazioa, Gamon Zumardirarino. Antolatzaileek HITZAri esandakoaren arabera, 2023ko abenduaren 16ko mobilizazioa txiki utzi du gaurkoak: orduko hartan 2.000 bat izan ziren martxarekin bat egin zutenak, gaurkoan kalkulua askoz goragora arte igo dute. Kezka nabari baten seinale da hori. Gainera, jakinarazi dute osasun zentroen egoera iraultzea eskatzen duen agiriari 10.000tik gora herritarrek eman diotela babesa, eta horiek astelehenean Duintasunak egitekoa duen manifestazioaren testuinguruan emango dizkiotela Osakidetzari. “Zentzugabekeria honen erantzuleek izen-abizenak dituzte: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Sagardui, Urkullu eta abar. Egoera honetara eraman gaitu aurreikuspen ezak, biztanleria osasun sistema murrizketetara kondenatu arte”. Murrizketa horiek herritarren arteko “arrakala” sortzen dutela adierazi dute, “dirua duenak osasun pribatura jotzeko aukera duelako, eta gainerakoak osasun sistema murriztura joan behar dugu”.
Azken asteetan indar zibila mobilizatu dute herriko eragileek. Arlo politikotik Aizpea Otaegi alkateak argibideak eskatu dizkio Osakidetzari (ahalegin hori eskertu egin dute gaurkoan). Arlo instituzionalean ere bada babesik, Errenteriako Udaleko udalbatzak herriko eragileek aurkeztutako mozioa onartu zutelako babes zabalarekin (EAJko zinegotziek ezik, besteek adostasuna azaldu zuten mozioaren testuarekin).
Gaur osasun sistema publikoaren aldeko, eta murrizketen kontrako borrokaldiaren fase bat bukatu da. Baina deitzaileek ez dute etsiko. “Ez dugu ahaztu behar jaiotzen garenetik gure azken egunera arte zaintzen gaituztela. Osasun publikoko langileek, eta oro har Errenteriako herrikideek, elkarrekin borroka egin behar dugu Osakidetzan, eta bereziki Iztietako anbulatorioan gure herriko oinarrizko arretan gertatzen ari den zentzugabekeria honi buelta emateko”.