Familia lagunek, herriko baliabideen berri jaso dute
Astelehen arratsaldean, udal zerbitzuetako batzuk eta eragileek eskaintzen dutena lehen eskutik jasotzeko aukera izan zuten Familia Laguna programan parte hartzen dutenek.
Familia Laguna programaren parte diren HH eta LHko sei ikastetxeetako familiek herrian diren zerbitzu eta elkarteak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Besteak beste, Kultura saila, Lekuona, Ludoteka, Familia Gunea, Familia Eskola, Sos arrazakeria eta Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko kideekin elkartu ziren Joxepa Antoni Aranberri anitzenean egindako topaketan.
Elkarte eta zerbitzu horiek eskaintzen dutena lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zuten bertaratu ziren programako parte hartzaileek, eta horrekin batera, udal harrera gida ere jaso zuten; espazioaren bisita gidatua ere eskaini zieten.
Topaketak segida izango du hilaren 20an. Orduan, Emakumeen Etxean elkartuko dira, eta etxea ezagutzeko aukerarekin batera, bertan eskaintzen diren zerbitzuen berri ere jasoko dute bertaratzen direnek.