Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatiko lanak esleitu dituzte
Aurten bukatuko dituzte herria eta Pasaia lortzen dituen bidegorriaren lanak. Lezoko PSE-EE: "Albiste bikaina da".
2024an, itxuraz, bai. Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatia aurten egingo dute, beraz, Lezo eta Pasaiako barrutia lotzen dituen oinezkoentzako nahiz bizikletentzako azpiegitura prest izanen da: lanak esleitu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak, eta horiek hasten direnean sei hilabetean egikarituko dituzte. Urtarrilean egin zioten lanen esleipena Campezo-Ansareo enpresen arteko baturari, eta 1,47 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek. Lezoko PSE-EErentzat “albiste bikaina” izan da esleipenarena. Irailean onartu zuten proiektua, eta urtarrilean esleitu.
Herriko sozialistek nabarmendu dute bidegorria bukatzeak Lezoko eta Oarsoaldeko biztanleen eskera “handienetako” bati erantzungo diola, “azkenean 2024an gauzatuko da”. Obrak “zailtasun geotekniko, orografiko eta instituzionalak” izan dituela aitortu dute PSE-EEko kideek, baina azkenik aurrera egingo duela “Pasaiako badiaren inguruan mugikortasun aktiboko” zirkuitu bat osatzeko, Joxean Sanchez alderdiaren Lezoko eledunaren arabera: “Badia eraldatuko eta biziberrituko duen funtsezko proiektu bati amaiera emango zaio horrela, eta horrek herritarren osasuna hobetzea eta ingurumenerako onura ekarriko ditu”.
Esleitutako zatiak 270 metroko luzera du, eta lanak egiterakoan 3 metroko zabalera erabilgarria izango duen bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea ezarriko dute, portuko eremuaren gainetik joango den pasabidea edo hegala barne. Obrak hiru fasetan egingo dituzte, trafikoan eta oinezkoen joan-etorrietan ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.
Azken zati horren lanak 2023ko apirilean ziren hastekoak. Tourra uztailean pasatzen zelako, ordea, atzeratu egin zituzten. Eguzkik maiz salatu ditu bai obraren atzerapenak, eta aldi berean trazatua hobetzeko proposamenak egin ditu.