Trapujale Saria ospatuko dute
Lezoko Dantzazaleak taldeak Trapujale Saria jasoko du bihar. Taldekideekin, nahiz garai batean bertan izandakoekin ospatu nahi dute aitortza.
Trapujale Taldeak erabaki du Lezoko Dantzazaleak taldeari ematea aurtengo Trapujale Saria. Oroigarria bihar jasoko dute dantzariek, inauterien hasierako ekitaldian, Trapujaleren etorreran; 19:30ean hasiko da ekitaldi hori, eta 20:00ak aldera dira saria ematekoak. Jon Legorburu Kultura zinegotziak inauterien aurkezpenean esan zuen sari hori herriko entitate eta elkarteek jasotzea “plazer” bat dela. Dantza taldeak hamabost urte daramatza lanean, eta Legorburuk adierazi du inauteriei “herri balorea” ematen diela.
Saria jaso ondoren, aitortza ospatu nahi dute Lezoko Dantzazaleek. Hala, plazatik Tiñelu aldera joango dira, eta han argazki erraldoia eta brindisa egiteko asmoa dute, egungo kideekin, bai eta taldekide izandakoekin. Beraz, egungoekin batera garai batean Lezoko Dantzazale izandakoekin ere konpartitu nahi dute une berezia, Trapujale Saria handiki ospatu nahi dute.
Inauterien aurkezpenean Gurutze Alberdi taldekideak adierazi zuen “kultura herritik eta herriarentzat eginez” jarduten dutela, eta hala jarraituko dutela. Biharko ospakizun tarteaz gain, Lezoko inauterietako zati oso aktibo izango dira taldekideak. Adibidez, etzi (Ostiralori), 18:30ean desfilea egingo dute herritik, eta ondoren (19:30), Lorezainen dantzak ikuskizunari ekingo diote Gurutze Santuaren plazan (eguraldi txarrarekin Karlos Saldisen).