“Koldo Mitxelena, Jon Mirande eta Andima Ibiñagabeitia izan ditut gogokoen”
Lezoarrak berriki aurkeztu du ‘Eskribu galduen bila’ liburua. Haren ibilbidearen luze-zabalaren erakusleiho da. Askotariko esparruetan ibilitakoa da Urkizu, emankor, eta sorterriarekin estu lotuta.
Ez du aurkezpen handirik behar Patri Urkizu Sarasuak (Lezo, 1946). Lan isila egin du urtetan munduan barrena eta Lezoko Gurutze Donearen plazako etxean… eta webgune batean utzi digu sormen eta ikerketa zabalaren emaitza (patriurkizu.lezo.eus). Irakaslea, idazlea, Filologia Erromanikoan lizentziatua, kirolaria, Lezoko alkate izandakoa… teatroa eta bertsogintza izan dira bere lurraldeak. Poesia eta narrazioaren esparruetan Dorrejilko kanta (1977), Zeren azken finean (1984), Zoazte hemendik (1995) edota Suaren froga (2021) idatzi eta plazaratu ditu. Berriki aurkeztu du Eskribu galduen bila liburua.
Lezoko Gurutze Donearen plazan izan dituzu etxea eta literatura lantegia. Etxe horretatik ondo entzuten dira udaletxeko erlojuaren doinuak. Zure alkate garaikoak dira.
Pentsatu genuen zerbait behar genuela jendea esnarazteko. Gauean ez, gaua lotarako. Goizeko zortzietan hasten ziren doinuak.
Lezoko Independienteak taldeko zerrendaburu izan zinen eta alkate 1979tik 1983ra. Garai zailak.
Garai gogorra izan zen. Asko ikasi genuen. Aurrez institutuko irakasle izan nintzen. Mundua ez da irakaskuntza soilik. Udaletxe batean gai asko tratatzen dira. Herriko beharrei ahalik eta modurik xume, apal eta emankorrenean erantzuten saiatu ginen.
Euskara, literatura eta irakaskuntzatik etorritako alkate izanik, berehala ezarri zenuen zure marka.
Bai, euskararen erabilera eta itzulpen zerbitzua. Euskal Herriko lehendabiziko itzultzaile ofiziala Lezon izan genuen. Euskaltzaindia epaimahaian zelarik, gure ustez hoberena zenari eman genion itzultzaile plaza: Lezoko neska argi eta euskara dotorea zuen Miren Pikabea Lertxundiri.
Hitz egin dezagun zure formakuntzaz. Non barrena ibili zinen?
Lehendabizi Lezon, 5 urtetatik 10 urtetara, Arantxa Berasarteren eskolan. Oroitzapen onak ditut. Zehatz erakutsi zizkigun matematika, geografia, historia… Gero urtebete egin nuen Donostiako Mariaren Bihotza eskolan. Ondoren lau urte fraide karmeldarrekin; urtebete Zornotzan, eta hiru urte Nafarroako Erriberan, Alesbesen. Azken hauek oso aberatsak izan ziren: latina, grekera, literatura, musika, teatroa… ikasi genituen. Abuztuan itzultzen ginen etxera.
Zer gertatu zen Alesbesen?
Bota egin ninduten. 13-14 urte nituen. Nire paperak ikusiko zituzten: unibertsoari buruzko entseguak, fisika kuantikoa… horrelako gaiez idazten nuen. Nonbait, hori ez zetorren bat munduaren sorrerarekin eta Bibliarekin. Un vecino comunista liburua ere aurkituko zuten. Donostian Academia de Estudios Generales-en batxilergoko bosgarren, seigarren eta errebalida egin nituen. Goi mailako batxilerra urtebetean gainditu nuen. Jesuitetan ere aritu nintzen. Patxi Altunarekin eta beste irakasle batzuekin, Filosofia eta Letrak ikasi nuen bi urtez. Eta aurrerago beste hiru Salamancan. Lehenago Madrilen Ingeniaritza Industriala egiten hasia nintzen. Urtebete egin nuen han jesuiten beka bati esker. Manolo Odriozola desterratua zegoen hara, eta berarekin, euskal mezetan laguntzen eta euskara ez zekiten euskal herritarrei euskara irakasten aritu nintzen. ETAren hasierako epaiketak ere jarraitu nituen. Pako Iturriozen eta Bizkaiko apaizen juizioetan izan nintzen… Manolok eramaten gintuen. Igande arratsaldetan hantxe ibiltzen ginen tabernaz taberna gu gera Euskadiko gaztedi berria eta gisakoak kantatzen. Ondoren beste bi urte egin nituen Donostian eta, Patxi Altunak aholku emanda, Salamancara joan nintzen.
Salamancara?
Bai. Euskara ondo ikasi nahi nuenez, Salamancara bideratu ninduen Koldo Mitxelena hizkuntzalariarengana. Ea zein espezialitate aukeratu nuen galdetu zidan. Berak Filologia Klasikoa ematen zuen. Nik Erromanikoa aukeratu nuen. Ondo iruditu zitzaion. Nik euskaraz ondo idazten ikasi nahi nuen. Ordurako hasita nengoen bertso eta poema batzuk idazten. Miguel de Unamuno saria ere jaso nuen ipuin batekin. Mitxelenak egunero ordu erdiz idazteko eskatu zidan. Larramendi Katedra ematen zuen, eta hara joaten ginen. Euskal testu batzuk azaldu eta euskal literaturaren berri eman zigun. Harreman handia genuen. Nik ordu asko sartzen nituen liburutegian. Euskarazko liburu batzuk ere baziren han.
Eta Salamancatik?
Etxera. 1970ean amaitu nuen han. Donostiako Jose Maria Salaberria kalean dagoen Peñaflorida institutuan hasi nintzen eskolak ematen. Espainiako Literatura ematen nuen. Tokadiskoa eramaten nuen eta Paco Ibañezen eta beste kantautore batzuen abestiak entzuten genituen. Arcipreste de Hita, Quevedo, Alberti eta beste asko landu genituen. Soldadutza egin ondoren, Errenteriako Koldo Mitxelena institutura pasatu nintzen. Han gehienbat teatroa landu genuen; testuak irakurtzen genituen. Lengua y Literatura Española ematen nuen.
Eta euskaraz?
1980an atera ziren euskarazko lehenbiziko Lengua y Literatura Vasca katedrak. Donostian egin ziren azterketak. Mitxelena izan zen epaimahai buru, hamar katedra eman zituzten. Beste batzuen artean, Xabier Kintanak, Alfontso Irigoienek, Xabier Olarrak, Mikel Arregik, Joxe Antonio Mujikak eta nik atera genuen.
Filologia Erromanikoan lizentziatua, Euskal Filologian doktore…
Donostiako institutuan nintzela, Manuel Agud Querol irakasleak grekera ematen zuen. 1950az geroztik, Koldo Mitxelenarekin eta Antonio Tobarrekin Diccionario Crítico Etimológico Vasco deitutakoa egiten ari zen. Bulegoa Donostian zuten, Diputazioan, Gipuzkoa Plazan. Manuel Agudek eskatuta, Mitxelenak zuzentzen zuen Anuario de Filología Julio Urquijo aldizkaria egiten lagundu nuen. Hizkuntzalaritza eta euskal literaturari buruzko liburu asko aurkitu nituen. Villasanterekin topo egin nuen han. Eta aldizkarian argitaratzen hasi nintzen.
Han aurkitu zenuen zure tesirako gaia, euskal filologia doktore izendatu zintuena.
Han bazen XVII. mende amaieran eta XVIII.aren hasieran bizi izan zen Pierre d’Urte donibandarraren eskuizkribu bat. Honek argitaratu gabeko hiztegia utzi zuen: latina eta euskara. Ingalaterrako gaztelu batean zegoen hiztegia. Mitxelenak argazkiak eskuratuak zituenez, beka bat tarteko, nire esku geratu zen 1.500 argazki transkribatu eta aztertzea. 1987an aurkeztu nuen lana Gasteizen eta 1989an argitaratu, bi tomotan. Azkue tesi-saria ere irabazi zuen. Hori lortzeko egona nintzen Londresko artxiboetan bizpahiru aldiz, Pierre d’Urte protestantea izanik, Frantziatik Erresuma Batura exiliatu zelako.
Tesia amaituta…
Patxi Altunak jesuiten EUTGn eskaini zidan lana. XX. mendeko euskal literatura eman nuen. Bordeleko unibertsitatean ere aritu nintzen, eta ondoren, Madrilen, UNED urruneko unibertsitatean lan egitea eskaini zidaten. Oposizioa gaindituta, Lengua y Literatura Vasca gaia ematen 22 urte egin nituen. Euskararen arduraduna izan nintzen UNEDen. 70 egoitza ziren mundu guztian. Euskara ikasi nahi zutenentzako programak egin nituen. Gaztelaniazko liburuak ere egin nituen: Introducción a la Filología Vasca, Gramática de la Lengua Vasca, Teatro Popular Vasco… XVIII. mendeko hamar pastoral argitaratu nituen Madrilen; mila orriko liburua, CD eta guzti. Revista de Lengua y Literatura Catalana, Gallega y Vasca aldizkaria ere argitaratu genuen lau hizkuntzetan, oraindik jarraitzen duena. Horrez gain, Serta Poesía Iberorrománica aldizkarian ere euskarazko poeta gazteen lanak sartzen nituen. Lan dezente egin genuen Madrilgo UNEDen.
Nortzuk izan dira zure ibilbidean erreferenteak?
Pertsona eredugarriak izan ditut. Patxi Altuna irakasle oso ona. Tratu handia nuen berarekin. Azpeitiko antzerki topaketetan epaimahaikide izan ginen elkarrekin. Madrilen ere asko ikasi dut hainbat irakaslerekin: Koldo Mitxelenaren lagun izandako Genaro Costas dekanoa, bat aipatzearren. Eta Mitxelenarekin asko ikasi dut: zehaztasunaren garrantzia, bereziki.
Teatroa, bertsoak, poesia, eleberriak, testu zaharrak… Fronte askotan aritu zara.
Euskal literatura zabala da. Norbaitek idatzi zuen euskal literatura eskasa, maila baxukoa eta ezezaguna zela. Nik nioen, nola ezagutuko da hor dauden eskuizkribu horiek guztiak ez badira argitaratzen? Nire lana, batez ere, hori izan da. Bertso eta kantu zaharrak, esate baterako. Patxi Intxaurrandieta lagun izan dudalarik, hortxe ditut lau liburu webgunean. Lehenbiziko kantu bilduma argitaratu gabe zegoen. Baionako Euskal Museoan zegoen eskuizkribu bat da. Ternuako kantak, itsasokoak… hortxe daude. 1987an argitaratu nituen. Horrez gain, gure barne historia, herri xumearen historia, heriotzak eta hilketak kontatzen dituen Urkaberako baladak ere atera nuen. Hori ere webgunean dago. Bertsolaritzari buruzko lan batzuk Bertsolari aldizkarian argitaratu nituen.
2023ko martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, omendu egin zintuzten Donostia Antzerki Saria emateko ekitaldian. Aizpea Goenaga aktoreak esan zuen zuri esker dagoela bizirik gure antzerkiaren memoria; zuri esker dirautela bizirik garai bateko antzerki egileek.
Nik 1974an Euskal teatroaren historia aurkeztu nuen sariketa batera, irabazi eta 1975an argitaratu zen liburutxoa. Lan hori Antonio Maria Labaien eta Piarres Lartzabali eskaini nien. Horiek izan dira bat hegoaldean eta bestea iparraldean euskal teatroaren aitzindariak, lan gehien bildu dutenak. Labaienek Antzerti eskola sortu zuenean, Eugenio Arozenak Intxixu taldea zuzentzen zuen eta hari eskaini zioten zuzendaritza. Nik lagundu nuen neurri batean. Ikasle izan nituen Aizpea Goenaga, Olatz Beobide eta beste asko. 1984. urtera arteko ibilbideaz erakusketa egin genuen San Telmo museoan, liburu eta guzti. 2009an handitu egin genuen liburu hori.
Non bilatu dituzu obrak? Zer aurkitu duzu?
Bi korronte daude: Iparraldeko herri teatroa, irri teatroa, teatro komikoa, eta pastoralak. 12-13 pastoral argitaratuak ditut, zaharrenak XVIII. mendekoak, XVII. mendeko bat ere bai… horien transkripzioak, ikerketa… Eta bestetik, asto lasterrak. Hauek Bordele, Paris eta Baionako liburutegietan bildu nituen. Hamar urtera argitaratu nituen asto lasterrak, moral kontuak tarteko, Euskaltzaindiak publikatu gabe eduki ondoren, Baigorriko Izpegi argitaletxearen eskutik plazaratu genituen.
Zeintzuk izan dira zure idazle gogokoenak?
Ez ditugu ondo ezagutu eta irakurri euskal idazleak, zein mundutan ibili izan diren eta nola sortu dituzten beren obrak. Horregatik uste dut autoreen gutunak oso garrantzitsuak direla idazleen bizitzan, beren arrazoi sakonak, baita liburuak argitaratzeko ere, gutunetan azaltzen baitira. Hiru gutundegi (epistolario) plazaratu ditut: bat, Koldo Mitxelenarena, non ikasle gazteak, garai zailetan, Egan aldizkarian idaztera animatzen zituen; bestea Jon Miranderena; eta hirugarrena, Andima Ibiñagabeitiarena. Hiru autore horiek XX. mendeko prosista hoberenetarikoak dira. Beren prosa igual ez duzu ipuinetan aurkituko, baina gutunetan azaltzen da modu argitsu eta interesgarrian.
Berriki zure azken liburua aurkeztu duzu Lezon: Eskribu galduen bila.
Autobiografia eta kultur kritikak da izenburuaren bigarren zatia. Lezoko historia pixka bat dago. Agendan nituenak ere bai, euskara zabaltze horretan zein herritan egin dudan lan. Nire bidaiak ere hortxe daude: Bordele, Paris, Berlin, Londres… Beste batzuk poesiaren edertasunaren bila dabiltzan bezala, ni euskarazko testuak bilatzen aritu naiz. Besteak eta neroni izenburua jartzea pentsatu nuen. Azken orrazkeran Patxi Intxaurrandietak eta Josu Zabaletak lagundu didate. Ramon Etxezarreta Urrestilak beste izenburu bat jartzeko eskatu zidan, eta horrela aldatu nuen.
Zein izan da zure lan arrakastatsuena?
Gehien laudatu didatena Miranderen gutundegia izan da. Beharbada, ortodoxiatik kanpo dagoen autorea delako edo gazteriari horrelako gauzak gustatzen zaizkiolako.
Zenbat liburu idatzi dituzu?
Ez dakit. Badira batzuk artikulu gisa 60 bat orrialde dituztenak eta liburu modura atera daitezkeenak. Webgunean, esate baterako, 20tik gora PDFtan eta Argitaragabeak izeneko sailean beste 20 bat liburu daude. Guztira ia 300 idazki dira, liburuak, artikuluak eta besteak sartuta. Erabaki nuen webgunea sortu behar nuela lan guztia jasotzeko. Patxi Intxaurrandietak eta bizkaitar gazte batzuek lagunduta patriurkizu.eus webgunea sortu nuen 50 urteko ibilbidea txukun jasotzeko. Gerora Lezoko Udalak hartu du espazio horren gobernua patriurkizu.lezo.eus helbidea jarrita.
Zure obrara hurbiltzeko beste aukera bat ere badago…
2023an Donostian egin zidaten omenaldian nire lanaren Gida Bibliografikoa argitaratu zuten. 43 orri ditu, QR eta guzti. Obra gehienak hortxe daude. Falta dira batzuk. Aldizkari batzuk ez zituzten aurkitu digitalizatu gabe daudelako. Baina obra gehientsuena hor jasota dago.