Palestinari elkartasuna adierazteko, bandera herri sarreran
Palestinako bandera jartzea elkartasun keinu gisa onartu zuen udalak, Orereta Palestinarekin Herri dinamikak aurkeztutako mozioa babesteko unean.
Palestinako bandera Kaputxinoetako biribilgunean dagoen mastan jarri dute udal langileek gaur eguerdian. Joan den azaroko plenoan, Errenteriako Udalak onartu egin zuen Orereta Palestinarekin Herri dinamikak aurkeztutako mozioa. Palestinaren kontrako genozidioa salatzea zuen helburu, eta besteak beste, puntuetako batean, Palestinako herriarekiko elkartasun keinu gisa Palestinako bandera jartzea eskatzen zuen.
Herri dinamikaren mozioak aurrera egin zuen EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriaren (11 boto) babesarekin; PSE-EEk (6 boto) EAJk (3 boto) eta PPk (boto 1) kontra egin zuten. EAJk eta PSE-EEk gainera, mozio alternatiboa aurkeztu zuten. Azken horrek ez zuen aurrera egin, ez zuelako boto nahikorik jaso.
Hartutako erabakiaren harira, gaur jarri du udalak Palestinako bandera herri sarreran.
Herri dinamika horrek manifestazioa antolatu du, gainera, hilaren 17rako —larunbatarekin—. 17:00etan abiatuko da protesta Herriko Plazatik. Manifestazioaren gainekoak azaltzeko agerraldia egingo du astelehen arratsaldean.