Udal Etxebizitza planak "anbizio falta" du PSE-EErentzat
Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzari udalerria tenkatutako eremu izendatzeko eskaera ofizialaren gaineko balorazio egin du PSE-EEk. anbizio falta egotzi dio gobernu taldearen Udal Etxebizitza Planari.
Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzari udalerria tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera formala egin diola jakinarazi zuen orain astebete. Izendapen eskaera horren gaineko balorazioa egin du gaur Errenteriako alderdi sozialistak Iztieta-Ondartxo auzoan, Altzateko eremuan eraikitzen ari diren etxebizitzen parean. “Anbizio falta” egotzi dio alkateak aurkeztu zuen etxebizitza planari PSE-EEren bozeramaile Isaac Palenciak, baita sozialisten “egindako ekarpenik garrantzitsuenak baztertu” izana ere: “Horien barruan topoaren lurperatzea egiteko konpromisoa, etxebizitzak birgaitzeko laguntzak auzo guztietara zabaltzea, edo 15 gela libre hutsik dituen etxebizitza komunitarioari behin betiko irtenbidea emateko eskaerak baztertu ziren. EH Bilduren etxebizitza arloko politika ezdeusa izan da 2011z geroztik”.
Espainiako Gobernuak onartutako etxebizitza legeari erreferentzia egin dio ondoren sozialistak, etxebizitza arloan bere alderdiak duen “konpromisoa” agerian uzteko: “Aitzindaria da lege hori etxebizitza legeen artean, eta horrekin batera ere Euskadiko Etxebizitza Legea ere aipatu nahi dut, etxebizitza arloan den aurrerakoienetako bat Europan”.
Aitortu du tentsio handiko eremu izendatzeak, “tresna” gehiago jarriko dituela udalerriaren eskura etxebizitzen prezioari muga jartzeko, “baina guretzako izendapen honek ekarriko duen onurarik handiena, udalak Etxebizitza Publiko Plangintza egin behar duela da datozen hiru urterako”. Etxebizitza plan hori lantzeko moduaren gainean desadostasuna azaldu du Palenciak, “urtarrilaren 23an aurkeztu ziguten alderdiei etxebizitza publikoaren planaren proiektua, eta astebeteko epea eman zitzaigun ekarpenak egiteko. Zaila iruditzen zaigu epe horietan lan egitea halako gai handi eta garrantzitsu baten gainean. Denbora gehiago izateaz gain, lantzeko beste modu bat ere egokiagoa iruditzen zaigu”.
Hamalau ekarpen egin zizkion alderdi sozialistak gobernu taldeak aurkeztutako proiektuari PSE-EEko bozermaileak azaldutakoaren arabera, “babestutako etxebizitza eskaintza handitu, hutsik diren etxebizitzen kopurua txikitu, auzo guztietara helduko den etxebizitzak berritzeko politika martxan jarri, emantzipaziorako politikak martxan jarri, eta etxebizitzaren gaia alderdi politiko guztien artean landuko den mahaia eratzea izan da ekarpenen helburua”.
Horietatik batzuk baino ez zizkietelako onartu kexu azaldu da Palencia. Onartutakoak sozialistaren hitzetan, babestutako etxebizitzak ugaritzeko arlokoak, udalerrian urbanizagarriak diren lursailen zerrenda osatzea, Eusko Jaurlaritzari lagatzeko lursailak identifikatzea, eta gazte eta adinekoentzako etxebizitza dotazionalak eraikitzeko lursailen identifikazioa. halaber erakunde eskudunekin elkarlana sustatzea ere hartu duela aintzat gobernu taldeak esan du Palenciak, baita enpresa pribatuekin ere, “etxebizitza eskuragarriaren eskaintza sustatze aldera. Etxebizitza politikak lantzeko alderdi guztien arteko mahaia eratzeko proposamena ere onartu dute”.
Etxebizita publikoaren plan horretan txertatutako sozialisten beste proposamena, etxebizitza hutsen gaineko azterketa egitea: “etxebizitza horiek merkatura zergatik ez diren ateratzen jakin eta hartu beharreko neurriak erabakitzeko errealitatea horren arabera. Zaurgarrienak diren herritarrei diru laguntzen gaineko informazioa emateko aholkularitza hobetzea ere onartu da”.
Paperean gelditu direnengatik kexu sozialista, “lehentasuna eman zaio titularra ateratzeari, eskaera egiten lehen udalerri garelari, etxebizitzaren egoera leheneratzeari begirako neurri egokiak hartzeari baino”.