Behin betiko dosierra osatuta, eragileen agendatan eragitea du orain erronka Talaia Feministak
Talaia Feminista Uneak hainbat eremutako 170 emakume feminista subiranista elkartu ditu gaur Lekuona Fabrikan. Euskal Feminismoaren eragiteko gaitasuna eta bizi baldintzen gogortzea nabarmendu dituzte 2023 urteko ondorio nagusi gisa.
Talaia Feminista Unea egin dute gaur dozenaka emakume feminista subiranistek Lekuona Fabrikan. Goizetik eguerdira, 2023a begirada feminista eta subiranistatik aztertu duen behin behineko txostenari, behin betikotasuna eman diote ariketa kolektibo zabalaren bidez. Prozesu kolektibo baten emaitza da Talaia Feminista, baita dosierra bera ere. Behin betiko txosten hori, orain, eragile politiko eta sindikalen mahai gainean jarriko dute, haiekin landu eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean eragiteko, “euskal estatu feminista ortzi mugan”.
Talaia Feministako talde sustatzaileko azalpenekin abiatu dute gaurkoa. Talaia feministaren nondik norakoen eta dosierraren ardatzen kokapen labur bana egin dute. Hala, eguraldia eta klima larrialdia, iazko Greba Feminista Orokorra, bizitzaren garestitzea, indarkeria matxista, euskararen aurkako oldarraldia eta abayaren—soineko arabiarra— debekua izan dituzte hizpide, baita ondorio orokorrak ere. Jarraian, aurretik aipatutako dosierreko ardatz horien araberako lantaldeetan hausnartu dute bildutakoek, eta ondorio orokorrak adostu.
Maide Barañanok aurkeztu ditu ondorio orokorrak. Hori gaurko saio kolektiboak eman duena, behin behineko dosierrean jaso gabe zegoena. Osatzerakoan ikuspegi orokorra eta sistemikoa izan dute, “aztertutako gertakariak elkarlotzen direlako, eta patriarkatua prozesu zehatzen bidez berreraikitzen den sistema delako”. Sakoneko joerak identifikatu dituzte eta negatiboen artean, ongizatea pribatizatzea, indarkeria dimentsio orotan, eta krisi ekologiko geldiezina aipatu ditu Barañanok. Positiboak ere aipatu ditu: feminismoaren eta haren erronken hegemonia soziala; emakumeen autoantolaketa eta askotariko konfluentzietarako gaitasuna; eta ekonomia gobernantza, politika eta beste hainbat arlo feminismotik eraldatzea xede duten alternatibak, lurraldeetan errotuta.
Trantsizio feministaren bidean 2023ak izan duen eragina ere izan du hizpide, eta zenbait atzerapauso identifikatu dituztela azaldu du: bizi baldintzak gogortzea izan da bat eta horren barruan kokatu ditu Barañanok, krisi ekologikoa, bizitza garestitzea, prekarietatean sakontzea eta ezberdintasunak areagotzea baita emakumeen artean ere. Identifikatu duten bigarrena, eliteen eta inpugnatutako sektoreen erreakzioa. Horren barruan, euskararen aurkako oldarraldia, edota eskuin muturraren agenda normalizatzea kokatu ditu.
Balantzaren bestaldean, berriz, egindako aurrera urratsak identifikatu dituzte, “konfluentziak indartu dira, herri eztabaidak zabalduz, eta sektore ezberdinak artikulatuz; eta horren adibide dugu Greba Orokor Feministak zaintzaren auzian Herri Akordioarekin egin bezala, edo indarkeria kasuen aurrean Euskal Herrian sortu diren egitasmoetan”. Beste aurrerapauso garrantzitsua: “Euskal feminismoak erantzuteko eta eragiteko gaitasuna erakutsi du”.
Subiranismotik eraikitzen
Dosierrera bildu dituzten gertakariak, emakumeen errealitate zehatzetik behatu dituela Talaia Feministak ere argi utzi dute, eta nabarmen jarri, horrekin batera, begirada subiranista ere baduela, “norbere bizitza, bizitza kolektiboa, eta lurraldearen erabakitzeko gaitasuna kontuan hartu da”. Begirada horretatik identifikatu dituzte hiru ondorio nagusi: “Aztertutako gertakari guztiek eragina dute enmakumeen eta euskal komunitatearen burujabetzarengan; Greba Feminista Orokorra Euskal Herrian errotu da, eta berau jartzen du trantsizio feministarako orube gisa, bertako jendartea eta eragileak interpelatuz; eta euskararen aurkako oldarraldia bizutza, kolektibo eta lurraldearen aurkako erasoa da”.
Talaia Feministaren gainean ere aipatu du Barañanok ondorio bat, argia: “Prozesu kolektibo eta emankorra izan da, gure begirada eraikitzeko prozesua; hausnartzekoa, kontzeptuak eta estrategiak izendatzeko eta haietaz gogoetatzekoa”. Begirada horren “konplexutasunari” ere egin dio erreferentzia, “euskal lurralde oro eta haietako aniztasuna biltzea baitu helburu. Prozesu bera ikasteko baliagarria izan da, datozen dosierrak hobetzeko ondorioak ere atera baititugu”.
Gaurko ariketa kolektiboari, Mirari Martiarenaren bakarrizketak eta musikak jarri diote ginga.