Aldakoenea auzo-udalak ostiralean zabalduko ditu ateak
Mugarri garrantzitsua izango da Aldakonearen irekiera Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak, Igantzi eta Alaberga goiko auzotarrentzat.
Esku-eskura izango dute udal kudeaketak egiteko aukera. Udala gertuago izateak, bizimodua erraztuko die zalantzarik gabe, eta instituzioa eta auzotarren arteko harremana zuzenekoagoa eta estuagoa izatea ere ekarriko du. Aldakoeneak, ostiralean zabalduko ditu ateak. Hala jakinarazi dute gaur arratsaldean eraikinean bertan egindako agerraldian, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Eñaut Gracia Informazio Gizarteko eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Maite Gartzia alkateordeak, eta dudarik gabe albistearen protagonista eta onuradun nagusiak diren auzotarrek.
Errenteria-Oreretako biztanleriaren parte handi-handi bat bizi da Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak, Igantzi eta Alaberga goiko auzoetan, eta ostiraletik, udalarekin lotutako kudeaketak auzo-udal funtzioak beteko dituen Aldakoenea eraikinean egin ahalko dituzte.
Hiru ardatz nagusi izango ditu Aldakoeneak. Lehenik, Zu! Arreta zerbitzuaren bidez egin daitezkeen tramite guztiak egiteko aukera eskainiko du astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara eraikinaren beheko solairuan. Horrekin batera, Beraungo anbulatorioa erreferente duten biztanleek, Gizarte Zerbitzuetarako erreferentea ere Aldakoenean izango dute, lehen solairuan zehazki. Otaegik zein Graciak emandako datuen arabera, egun Gizarte Zerbitzuen erabiltzaile diren herritarren %40k jasoko du arreta ostiraletik aurrera aldakoenean, “euren bizilekuetatik gertuago”.
Azkenik, eraikinak auzotarrentzako bestelako espazio eta zerbitzuak ere eskainiko ditu, prentsa irakurri, liburutegiko maileguak itzuli, bilerak, hitzaldi edota jarduerak egin, eta oro har auzo bizitza indartzeko jarduerak antolatzeko. Azken hori, apiriletik aurrera aurreikusi dute erabilgarri izatea eta bigarren solairuan kokatuko dute.
‘Guretzako’ kanpaina martxan
Aldakoenearen irekieraren berri emateko kanpaina abiatu du udalak; Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak, Igantzi eta Alaberga auzoetako bizilagunak dira kanpaina horren protagonistak: “Kartel eta markesinetan informazioa jartzearekin batera, goiko auzoetako etxe guztietara informazio praktikoa helaraziko du udalak”.
Aldakoenea haur eskola auzo udal bilakatzeko eraberritze proiekturako 1.600.000 euroko inbertsioa egin du Errenteriako Udalak. Bertan emango dituen zerbitzu guztiak bermatzeko, berriz, 17 udal langile ariko dira egunerokoan lanean eraikin berrian: Zu! arreta zerbitzuko lau langile eta arduradun bat, udaltzain bat, gizarte zerbitzuetako hiru administrari, sei gizarte langile eta koordinatzailea.
Jarduketaren bidez eta behin auzo-udalak ateak zabalduta, zerbitzu publikoak “sendotzen jarraitzeko apustuan” sakondu duela udalak azpimarratu du Otaegik.