Lezoko Udala: "Duintasunean eta askatasunean bizitzeko eskubidearen kontrako erasoa izan da"
Gogor gaitzetsi du Lezoko Udalak asteburuko eraso matxista “Halako portaerak emakumeen giza eskubideen urratze larriak dira: diskriminatua ez izateko, ongizaterako, integritaterako eta duintasunean eta askatasunean bizitzeko eskubidearen kontrako erasoa izan da”. Bihar 19:30ean plazan egingo den kontzentrazioarekin bat egin, eta bertan parte hartzera deitu ditu herritarrak udalak, “ezin duzu huts egin”.
“Tamalez, eraso matxista berri batek gure herria astindu du”, adierazi du udal erakundeak, “hirugarren erasoa hiru asteren barruan, eta horrekin batera agerian geratu da oraindik ere lan handia egin behar dela emakumeek libre eta indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea bermatzeko”. Azken asteetako erasoa jasan dutenei nahiz haien senideei elkartasunik beroena helarazi die udalak, eta behar izanez gero udal baliabideak eskaini dizkiete
Indarkeria matxista “jendartean nagusi den genero-ezberdintasunaren adierazle mespretxugarrienaren” adierazle dela azaldu du udalak, eta horri aurre egiteko prest dela adierazi du. “Gauzak horrela, eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa funtsezkoa da, apustu ausartak eta neurri sakonak behar dira, hitzetik praktikara pasatzeko, hau da, oldarkeria behin betiko desagerrarazteko”.
Indarkeriaz matxistari aurre egitea lehen mailako auzi politikoa dela uste du udalak, eta “jarrera konplizeak” bazter utzi behar direla, “bizi garen antolaketa sozial sexista deseraikitzeko berdintasun politika sendoen alde apustu eginez”.