Lezoko PSE-EEk eraso matxista gaitzetsi du
Alderdi Sozialistak larunbateko eraso matxista salatu du, eta bat egin du mugimendu feministak deitutako mobilizazioarekin. Indarkeria matxistarik gabeko udalerria bermatzeko baliabideak eta tresnak garatzen jarraitzea eskatu dute.
Lezoko PSE-EEk larunbatean herrian izandako eraso matxista gaitzetsi du, eta bat egin du mugimendu feministak deitutako mobilizazioarekin. Elkarretaratzea bihar (asteartea) izango da Gurutze Santuaren plazan, 19:30ean.
Udal Talde Sozialista “kezkatuta” dago azken hiru asteetan Lezon gertatu den hirugarren erasoa izan baita honakoa. Hori dela eta, “indarkeria matxistarik gabeko udalerria bermatzeko baliabideak eta tresnak garatzen jarraitzea” eskatu du.
“Berdintasun Planean jasotzen den berdintasun mahaia osatzea eskatzen dugu, koordinaziorako eta lanerako sare sendo bat ezartzeko, udalerrian indarkeria matxista desagerrarazteko”, esan du Joxean Sanchez udal zinegotziak.
PSE-EEk, gainera, elkartasuna helarazi dio biktimari, eta “konpromiso irmoa” azaldu du udaletik lan egiteko “emakumeei eta haien familia eremu osoari eragiten dien gizarte gaitz horren prebentzioan laguntzen jarraituko dela bermatuko duten politiketan eta proiektuetan”.