Seigarrenez, euskararen paparazzi bila
Euskara eta merkataritza-ostalaritza sektoreak hobekien irudikatzen dituzten argazkien lehiaketa abiatu du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.
Euskara eta merkataritza-ostalaritza sektoreak hobekien irudikatzen dituzten argazkien lehiaketa abiatu du, seigarrenez, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak: Euskararen Paparazziak. Korrika Kulturalaren barruan txertatu dute aurten paparazzien sariketa.
Errenteria-Oreretako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu egitasmoak. Horrela, saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera behar dira lehiaketan parte hartzeko. Hilaren 20tik (bihartik) martxoaren 18ra arte dago argazkiak bidaltzeko aukera, horrela:
- Posta elektronikoz (klik egin helbidera joateko).
- Whatsapp bidez: 747 44 94 16 zenbakira.
Aurreko edizioetan eskualdeko bi sari eman izan dituzte. Aurten gehiago izango dira sarituak: herri bakoitzeko bat. Sariak, honakoak: Oarsoaldeako saltokietan gastatzeko 150 euroko bonua herri bakoitzeko irabazlearentzat. Martxoaren 21ean jakinaraziko dituzte herri bakoitzeko irabazleak, eta horiek saria martxoaren 25etik apirilaren 30era baliatu beharko dute. Originaltasuna eta argazkien kalitatea baloratuko direla adierazi dute antolatzaileek.
Informazio gehiago nahi duena Oarsoarrak-en webgunera joan daiteke.