Itsasertza plana desaktibatu du Jaurlaritzak, pellet-ak ez direlako iritsi
Urtarrilaren 9tik izan da indarrean plana. AZTIk eta Euskalmetek emandako datuetan oinarritu da Jaurlaritza erabakia hartzeko.
Urtarrilaren 9tik abian zen Itsasertza plana desaktibatu egin du Eusko Jaurlaritzak. 2023ko abenduaren 8an, Portugalgo kostaldetik hurbil zela, hainbat edukiontzi jausi ziren itsasora Toconao ontzitik. Horietako batzuetan pellet-ak edo plastikozko bolatxoak zeuden. Galiziara iritsi ziren bolatxo horiek, baita Asturiasko zenbait eremutara ere. Bizkai eta Gipuzkoako kostaldera ez, ordea. “Portugalgo uretan galdutako zamatik sortutako hondakin mikroplastikorik ez dagoela egiaztatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak desaktibatu egin du itsasertzaren kutsadurari aurre egiteko Euskadiko plan berezia, Itsasertza”, esan dute Gasteizko iturrietatik. AZTIk eta Euskalmetek “emandako irizpide zientifikoan” oinarritu dira plana eteteko.
Urtarrilaren 9an plana aktibatu zenetik, bai AZTI zein Euskalmet egunero izan dira itsasoaren etenik gabeko jarraipena eta analisia egiten, pellet-en balizko etorreran atentzio berezia jarrita. Bi erakundeek egiaztatu dute plastikozko biribilki horiek ez direla euskal kostaldera iritsi.
Erabakiaren berri eman zaie diete jasa plan horren aholku batzordeko kideei. Jaurlaritzaz gain, aldundietako, EUDELeko, itsas kapitaintzetako eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak dira batzorde horren partaide.