'Badon', 23. Korrikaren ekitaldi kultural nagusiaren eskualdeko emanaldia, igandean
Eskualdeko emanaldi bakarra hilaren 25ean (igandea) izango da, Oiartzunen. Sarrerak erosteko aukera zabalik da, 8 euroan.
Korrika izaten den urteetan, Korrika Kulturalaren barruko ekitaldi nagusi bat prestatzen du AEK-k, herriz herri eta eskualdez eskualde biraka dabilena. Badon ikuskizuna da 23. Korrikaren kultur adierazpen nagusiena: Oarsoaldeko emankizuna hilaren 25ean (igandea, 19:00etan) izango da, Oiartzungo Landetxen. Eskualdeko saio bakarra izango da, eta ez da beste inoiz ikusi ahalko bertan. Sarrerak 8 euroan eskura daitezke (klik egin hemen horiek erosteko).
Herriz herri ari dira Korrika Kulturalaren barruko ekitaldiak mamitzen. Horien osagarri da nazio mailako Badon ikuskizuna.
Badon proiektua hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza da, eta sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikitzen ditu Korrikako kideek zehaztu dutenez. Formatuari dagokionez, baliabide bisualek (argia, bideoa), zuzeneko musikak (organikoa eta elektroakustikoa) eta baita mugimenduak, literaturak eta bertsoek ere osatuko dute Badon unibertsoa.
Kolektibotasun horren seinale, ikuskizunaren sorkuntzan bai eta oholtzan izango diren kideen profila. Antzezlean, esaterako, Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala, Ines Osinaga, Marina Suarez dira. Zuzeneko musika Ines Osinagak jarriko du. Haien guztien zuzendari Marina Suarez Ortiz de Zarate da.
Emanaldia Oiartzungo Korrika Kulturalaren barrukoa da, baina batzordekideek nabarmendu dute eskualdeko emanaldia izango dela, beraz, Oarsoaldeko euskaltzale denak gonbidatu dituzte emanaldira.