Aitzuriren gol pareak Ugaldetxon utzi ditu hiru puntuak
Mutilen talde nagusiak hiru puntuak eskuratu ditu Amaiak Baten kontra. Neskek bolada txarrarekin jarraitzen dute. Areto futbolean, 15 gol oiartzuarren alde.
![oiartzun amaikak bat kronika 2024](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/whatsapp-image-2024-02-18-at-16-51-43.jpeg)
Partida serioa egin zuen atzo eguerdian Oiartzun Kirol Elkarteko mutilen talde nagusiak. Amaikak Baten bisita jaso zuen Karla Lekuonan, eta gauzak ongi hasi ziren oiartzuarrentzat, oso ongi aritu baitziren defentsan.
Hala ere, lehen ordua bete arte itxaron behar izan zuten debarren sarea zulatzeko. Aitzurik lortu zuen lehen gola, baita bigarrena ere, hamar minutura. Bisitarien gola ez zen nahikoa izan, eta hiru puntuak Ugaldetxon geratu ziren.
Emakumeen taldeak ere etxean jokatu zuen, baina zoria bestelakoa izan zen. 2024a gorabeheratsu hasi dute neskek, eta pasa den astean beheraldiaren txanda izan zen. Jarrera ona izan arren, zailtasun asko aurkitu zituzten Mulierren harresian.
Bigarren zatiaren hasiera txarrak kondenatu zituen oiartzuarrak. Hiru gol sartu zituzten mutiloarrek, eta hiru puntuak Nafarroara joan ziren. Porrotagatik bosgarren postura erori dira oiartzuarrak.
Gol festa areto futbolean
Futbolean —talde nagusiei dagokienez— sentsazioa gazi-gozoa izan zen arren, areto futbolean asebetetzea erabatekoa izan zen. Bi taldeen artean hamabost gol lortu zituzten. Bai, ongi irakurri duzu: ha-ma-bost.
Lehen taldea Anoetan aritu zen, Egintzaren kontra. Erraz aritu ziren oiartzuarrak, eta partida hasi eta berehala sartu zuten lehenengo gola. Atsedenaldira 0-2ko emaitzarekin iritsi ziren. Bigarren zatian nahi bezala aritu ziren oiartzuarrak, beste bost gol eskuratu baitzituzten.
Bigarren Mailan, berriz, Oarsoaldeko derbia jokatu zuen berriro Miren Tabernak. Jaixkiren bisita jaso zuten, eta haien gainetik pasatu ziren oiartzuarrak. Lehenengo taldea bezala, bigarren taldea ere partidua hasi eta berehala aurreratu zen eta atsedenaldira iritsi aurretik 2 eta 0ekoa lortu zuen.
Bigarren zatia oiartzuarren bakarrizketa izan zen, eta beste dozena erdi gol lortu zituzten.
Oiartzungo bi taldeek bigarren postuan jarraitzen dute.
Emakumeen 3. RFEF Maila
- Oiartzun — Mulier: 1-3.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Oiartzun — Amaikak Bat: 2-1.
Emakumeen Euskal Liga
- Basauriko Kimuak — Oiartzun B: 5-0.
Gizonen Lehen Erregionala. Kopa M-1.
- Oiartzun B — Trintxerpe B: 9-0.
Emakumeen Ohorezko Erregional Maila
- Oiartzun C — Zumaiako: 1-2.
Mutilen Gazte Mailako Euskal Liga
- Oiartzun — Olarizu: 2-2.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Mariño — Oiartzun B: 1-1.
Mutilen Gazte Mailako Lehen Maila
- Oiartzun C — San Marcial C: 3-1.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Egintza — Oiartzun: 0-7.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Miren Taberna — Jaixki: 8-0.