Aldakoenearen irekierarekin pozik dira auzotarrak
Baikor azaldu dira eragile horiek Aldakoenearen irekierarekin, sinistuta daude guztiak, onura dela auzo guztietako bizilagunentzat, eta lagungarri batez ere adinean aurrera doazenentzat.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/dsc_0041-2.jpg)
Ostiralean zabalduko ditu ateak Aldakoeneak, auzo-udala izango den eraikinak. Horren bidez, Errenteria-Oreretako goiko auzoetako bizilagunek eskurago izango dute Zu! arreta zerbitzua, baita Gizarte Zerbitzuak ere, izan ere eraikin berriak eskainiko baitizkie zerbitzu horiek guztiak.
Atzo eman zuen irekieraren berri Aizpea Otaegi alkateak Eñaut Gracia Informazio Gizarteko eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia,Maite Gartzia alkateordea, eta goiko auzoetako elkarteetako ordezkariekin batera egindako agerraldian. Baikor azaldu dira eragile horiek Aldakoenearen irekierarekin, sinistuta daude guztiak, onura dela auzo guztietako bizilagunentzat, eta lagungarri batez ere adinean aurrera doazenentzat.
Cati Gallardo Beraungo erretiratuen elkarteko kidearentzat, “ezinbestekoa” da zerbitzua, “auzo guztiarentzat onuragarria izango da zerbitzu hau hemen zabaltzea, eta oso balorazio positiboa egin dugu elkartean. Jendea adinean aurrera egiten doan neurrian, zerbitzuak gerturatzea behar du. Auzoarentzat oso ona da”.
Iritzi bera du Pedro Irigaraik, Orotarik Gazteen aisialdi elkarteko kideak, “udala goiko aldeko auzoetara gerturatzeko modua da, eta hori beti da positiboa. Online ere egin daitezke kudeaketak, baina egia da, informatikaz ez dakitenentzat zaila dela tramiteak online egitea. Aldakoeneak arreta presnetzial hori behar dutenei aukera emango die orain, etxetik gertuago”.
Alabergako Arditurri Auzo Elkarteko Enara Maizen ustez zerbitzu denak dira positiboak, eta Alabergako bizilagunentzat ere onura izango du, “goiko aldean bizi direnentzat” auzo udalak, “batez ere adinekoentzat, gazteago garenak elektronikoki moldatzen garelako, presentzialki egitea gustatzen zaienentzat primerakoa da eta beharrezkoa”. Kaputxinoetako bizilagunentzat “ikaragarri mesedegarria” izango dela esan du Kaputxinoetako auzo elkarteko Pili Burguerak, “deszentralizatu egin da udala, goiko aldeko bizilagunei erantzuna eta zerbitzua emateko eta guretzako hobekuntza nabaria izango da Erdigunera joan behar ez izatea eta gertuago izatea. Igogailuak ditugu gainera eskura, sare zabala auzoak euren artean komunikatzeko”. Zerbitzuez gain, eraikinak beste aukera batzuk emango dituela ere positiboki baloratu du, “hitzaldiak antolatu edo bilerak egiteko aukera eta espazioak ere izango ditugu”.
Merkatariek ere pozik hartu dute Aldakoenearen irekiera. Errenkoalderen barruan dagoen Beraun Bizirik elkarteko kidea da Koro Carrillo eta aurrera urratsa den zalantzarik ez du, “bizi handia du auzoak, baina halere, gazte asko izanik bertan gehientsuenak lotara baino ez datoz, auzotik kanpo egiten dute bizimodua. Egunerokoan 60tik gorako bizilagunak ibiltzen dira Beraunen eta haien eskura zerbitzu hauek jartzea garrantzitsua da. Auzoarentzat onuragarria da, eta adinekoentzat ere, askotan seme-alabek egiten dizkiegu gauzak Erdialdera joan behar dutelako bestela, eta orain beraiek izango dute aukera egiteko, eta aktibo sentitzeko”.
“Hemen adineko pertsona asko gaude. Aldakoeneara etortzea askoz gutxiago kostatuko zaio jendeari Erdialdera joatea baino; paseo bat emanez heldu daitezke”. Irakurketa positiboa ere Galtzarabordako erretiratuen elkarteko Isi Garciak, “hasieran kosta egingo zaio jendeari agian ohitzea, baina gertu-gertu dugu, eskura eta hori beti da onuragarria”.
Aldakoenea auzo udalak ostiralean zabalduko ditu ateak eta astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua 08:00etatik 14:00etara. Zu ! arreta zerbitzua izango da beheko solairuan, eta Gizarte Zerbitzuetako zerbitzua lehenengo solairuan. Gizarte zerbitzuek gaur egun aratzen dituzten bizilagunen %40ari erantzungo die Beraungo zerbitzu Berriak. Bigarren solairua apirila aldera zabaltzea aurreikusi dute; bertan bilera gelak, eta hitzaldiak eta jardunaldiak antolatzeko espazioa izango dute eskura auzotarrek.