Aldundiak Lezoko eraso matxista irmoki gaitzetsi du
Gipuzkoako Foru Aldundiak eraso matxista salatu eta berdintasunaren aldeko aldarrikapena egin du. Bat egin du gaurko elkarretaratzearekin eta dei egin die herritarrei bertan parte hartzera.
![indarkeria matxista](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2020/01/eskua1.jpg)
Lezon gertatutako eraso matxista “irmoki” gaitzetsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta bere “gertutasuna” eta “elkartasuna” helarazi dizkio biktimari eta bere senide eta gertukoei.
Aldundiak bat egin du Lezoko Udalak argitaratutako adierazpenarekin, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako Protokolo Instituzionalean jasotzen dena betez. Horrelako gertakarien jatorria honakoa dela adierazi du aldundiak: “Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta, emakumeen mende eta kontrolpean egon nahi duten jarrera eta ideia matxistak”.
Horregatik guztiagatik, “berdintasunaren aldeko aldarrikapena” egin du beste behin aldundiak: “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errespetatzea, bai eta pertsonaren duintasuna, sexu askatasuna eta osotasun fisikoa errespetatzea ere, eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean. Emakume guztiek dute aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, berriz ere adierazi nahi dugu indarkeria sexistarik gabeko kaleak, auzoak, udalerriak eta hiriak nahi ditugula”.
Belen Larrionek, Haurrak Babesteko, Gizarteratzeko eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Artatzeko zuzendari nagusiak, gaurko 19:30ean Gurutze Santuaren plazan egingo den gaitzespen elkarretaratzean hartuko du parte, eta dei egin die herritar guztiei mobilizaziora batu daitezen.