"Noiz arte jarraitu behar dugu biolentzia hau jasaten?"
Beste behin lezoarrek plazan aurre egin diote indarkeria matxistari, elkarretaratze oso jendetsuan. Amorrua, nabaria plazan.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/lezo1.jpeg)
Hutsa behar lukeen plaza berriz ere beteta. Lezoarrez beteta. Larunbat goizaldean eraso matxista, beste bat, izan zen herrian. Samina, amorrua eta asperdura. Denak bat gaur plazan. Dozenaka izan dira Piztu Lezoren, Gaxuxaren eta Iruntzen emakume taldearen elkarretaratze deiari erantzun dioten lezoarrak. Erantzun irmoa elkarretaratzean, beste behin ere, emakumeek jasaten duten indarkeriari gorrotoa adierazteko. Ilargiren doinuek bildu dute jendetza plazara. Ondoren deitzaileek egoeraren irakurketa egin dute. Segidan, bost minutuko isilune irmo eta tentsoa. Erabareko isiltasuna plazan. Hiru astean, hirugarren erasoa izan da. Horiek eta denek izan dute erantzuna Lezon. Eta izaten jarraituko dute. Gaurko mobilizazioan, herritar asko, eta Lezoko Udaleko hautetsien ordezkaritza zabala nahiz foru aldundikoa izan dira.
“Gure herrian izandako eraso matxistari gaitzespen gogorrena ematera azaldu nahi dugu elkarretaratze honetan bildu garen guztiok”, hasi du interbentzioa gaurko mobilizazioko hizlariak. Azken aldian emakumeen kontrako erasoak salatzera “gehiegitan” bildu direla nabarmendu du: “Noiz arte jarraitu behar dugu biolentzia hau jasaten?”. Emakumeen kontrako erasoak ez direla gertaera isolatuak adierazi du elkarretaratzearen deitzaileen izenean hitz egin duenak, “sistema heteropatriarkalaren barruan ulertu behar diren erasoak dira”.
Jendarte parekidea eraiki, eta emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak suntsitu behar direla adierazi dute, “inoiz baino ageriago uzten dute hori horrelako gertaerek”. Horri aurre egiteko elkarlana eta indar batzea beharrezko direla uste dute, norbanakoen, eragileen eta erakundeen artekoa. Horien guztien zeregina prebentzioa, salaketa eta erasoak daudenean erreparazioa izan behar du. “Oraindik neurri handi batean ezkutuan geratzen dira pasa den larunbatekoa bezalako erasoak. Baina argi dugu hau ez dela espazio pribatuari dagokion arazoa. Kolektiboa da arazoa, guztiona. Guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. Horretarako ordena soziala aldatu behar da. Pertsonen arteko sistema berdinzalea sortzea da erronka”. Bide horretan, gakoetakoa hezkuntza dela adierazi dute, pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza. “Gora borroka feminista!”; hala bukatu du interbentzioa hizlariak.