[Argazki galeria] Sanz eta Iñarra, garaile X. Lezo-Jaizkibelen
Eguraldi txarra lagun, 300 korrikalari baino gehiago abiatu dira plazatik. Bigarren txapela du Sanzek, bosgarrena Iñarrak.
Gaur goizean zehar lehiatu dute X. Lezo-Jaizkibel mendi lasterketa. Joan den egunetako euri zaparradak eta haizeteek erronka aparta jarri die parte hartzaileei, irteera eta iritsiera orduan eguraldia ateri bazen ere. Emakumeetan, Ainhoa Sanz urretxuarra izan da azkarrena, 01:17:57ko marka jarrita. Bigarren txapela du. Gizonetan, Ander Iñarra lezoarra gailendu da, 01:06:06ean. Bosgarrena du gaurkoa, eta Iker Oliveri hondarribiarraren marka berdindu du.
Sailkapen nagusititik haratago, badira saritzen diren beste bi sailkapen: herritar azkarrenena (emakume zein gizon) nahiz Jaizkibeleko antena azpiko su ebakiko denbora onenena (bi kategorietan ere bai). Lezoarren artean, Iñarra bera eta Iratxe Etxegoien (01:27:46ean egin du) gailendu dira; su ebakian, Iñarra beste behin azkarrena (9 minutu eta 58 segundo behar izan ditu), baita Ainhoa Sanz ere (12 minutu eta 15 segundoan).
300 korrikalaritik gora abiatu dira gaur goizean, oztopoak oztopo. Urtarrilaren lehen eguneko ospakizunen artean, berehala bete zen izen emateen kupoa, eta korrikalariek ez dute hitzordu garrantzitsuan huts egin. Banaka-banaka heldu dira helmugara, nekatuta eta zikin, baina 14 kilometroko erronka osatu izanaren harrotasunarekin. Hauek izan dira eguneko sailkapenen emaitzak:
Sailkapen nagusia, emakumezkoak:
- Ainhoa Sanz (Urretxu): 01:17:57.
- Leire Fernandez (Errenteria-Orereta): 01:19:13.
- Larraitz Etxebeste (Oiartzun): 01:26:03.
Sailkapen nagusia, gizonezkoak:
- Ander Iñarra (Lezo): 01:06:06.
- Hodei Lujanbio (Oiartzun): 01:08:37.
- Mattin Odriozola (Altzibar): 01:10:15
Lezoar onenak:
- Iratxe Etxegoien: 01:27:46.
- Ander Iñarra: 01:06:06.
Su ebakia:
- Ainhoa Sanz: 12 minutu eta 15 segundo.
- Ander Iñarra: 9 minutu eta 58 segundo.
Urtero legez, gaurkoan ere antolatzaileek omenaldia egin diote lezoar bati: Aiur Illarretaren txanda izan da. 19 urteko gaztea Europako eta Munduko txapelduna da kayak-surfean. Bertsoa eta dantza eskaini dizkiote, eta aurtengo denboraldirako duen erronka nagusia azaldu du: maiatzean Argentinara mugituko da, 23 urtez azpikoetan eta maila absolutuan Mundoko Txapelketan lehiatu asmoz. Gasteizen ikasten du astean zehar, eta uretara asteburutan sartzen bada ere, bertan gimnasioa eta igeriketa dituela lagun azaldu du.
Sailkapen guztiak Kirolprobak atariaren webgunean daude ikusgai. Herriko mendi lasterketak badu bere txokoa urteko mendi lasterketen egutegian, zalantzarik gabe. Eta beti bezala, lezoarren atxikimendu osoa izan du kirol probak, bai bidean zein Gurutzearen Santuarennplazako irteera-helmuga eremuan. Herri oso baten lasterketa baita.