Xoxolurrek ordezkaritza izango du Gipuzkoako Eskolarteko Mendi Lehiaketan
Oiartzunen izango da gaztetxoen mendi martxa neurtuaren Oarsoaldea-Bidasoa-Donostialdea eskualdeetako topaketa, igandean.
Xoxolurren bandera harro zabalduko dute lezoar mendizale gazteek Oiartzunen. Martxoaren 3an, igandearekin, egingo dute herrialdeko bost herritan Eskolarteko XXXV. Mendi Lehiaketa edo Martxa Neurtua. Xoxolur Mendi Klubeko gazteenak ere bertan izango dira. Taldeak behintzat dei egin die parte har dezaten. Zehazki, Oiartzunen izango den topaketan izango dira lezoarrak, Orsoaldea-Bidasoa-Donostialdea eskualdeetakoek han baitute hitzordua. Herrialdeko beste lau topaketak Villabonan, Zarautzen, Arrasaten eta Zegaman egingo dituzte.
Oiartzungora joateko deia egiteaz gain, izena emateko erraztasunak eman ditu Xoxolurrek. Hala, izen emateak Orki tabernan edo posta elektronikoz egin daitezkeela zehaztu dute; horretarako azken eguna hilaren 28a (asteazkena) izango da.
Igandean Oiartzunerako bidaia autobus publikoan egingo dute partaideek. 08:30ean gelditu dira hara joateko, autobusaren geltokian. Beraz, Mugi txartela ez ahazteko eskatu diete mendizaleei.
