Gipuzkoako lehen sektorea, aldarrikapen eta aitortza eske
ENBA eta EHNE sindikatuak eta Gipuzkoako Baso Elkarteak deituta, baserritarrak eta lehen sektoreko langileak kalera irtengo dira ostiralean.
ENBA eta EHNE sindikatuak eta Gipuzkoako Baso Elkarteak (GEBE) kalera irtengo dira ostiralean (martxoak 1) Gipuzkoako gizarte osoari lehen sektoreak egiten duen ekarpena, lana eta onura aldarrikatzeko eta aitortza eskatzeko. Hiru elkarteek kaleak hartuko dituzte, eta jakinarazi dute lehen sektoreko 38 eragile, elkarte eta enpresaren eta bi udaletxeren atxikimendua dutela.
Mobilizazio horrek bi euskarri izango ditu. Alde batetik, Gipuzkoako hiru puntutatik ibilgailu ilarak aterako dira. Horiek Donostiako erdigunera joko dute, eta bertatik Miramongo Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzara joango dira. Bestetik, Batzar Nagusietan elkarretaratzea egin eta hiru elkarteen artean adostutako manifestua irakurriko dute, 12:30ean. Kontzentrazioa Batzar nagusietako eraikinaren erdigunean dagoen patioan egingo dute. Ondoren, dokumentu hori batzarretako lehendakariari eta talde guztietako ordezkariei emango diete.
Ibilgailu ilarei dagokionean, hirugarren zutabea Bidasoa, Oarsoaldea eta Donostialdea eskualdeek osatzen dute. Martxa hori Errenteria-Oreretako Masti Loidi poligonotik irtengo da, 09:00etan. Bertatik Garberara abiatuko dira, merkatalguneko aparkalekuan bilduko baitira, 09:30ean. Honakoa da hirugarren zutabeak osatuko duen ibilbidea: Garbera, Intxaurrondo, Ategorrieta, Zurriola (Kursaal aurretik), Bulebarra, Urbieta kalea eta Illubetik Miramonera.