Amets berriak ereiteko, udaberriko kanpaina abiatu du Errigorak
Errigoraren produktuen kanpaina berriaren eskaerak martxoaren 13ra arte egin daitezke. Horiek bakoitzak aukeratutako tokian jaso ahalko dira.
Eskutik Eskura udaberriko kanpaina abiatu du Errigora egitasmoak, Eutsi gureari! lelokoa. Hilaren 25ean hasi ziren Nafarroa hegoaldeko uzta Euskal Herriko etxe guztietara helarazteko kanpainarekin, eta martxoaren 13ra arteko epea dago produktuak eskatzeko. Hala, Errigoraren produktu sorta osoko gaiak hauta daitezke: oliba olio birjina estra bidoi handietan, eta gainontzeko produktuak hamabi unitateko sortetan (arroza izan ezik, sei lotekoak dira sortak). Gainera, udaberriko kanpaina honetan badaude berritasunak: ardo bereziak eta gorenak daude, baita babarrun gorriak ere.
Errigoratik jakinarazi dute eskaerak, ahal dela, webgunetik egin behar direla. Edonola ere, telefono dei bidez ere egin daitezke produktuen erreserbak, 848 87 12 23ra hots eginez. Eskaerak egiten direnean, produktuak zein tokitan-herritan jaso behar diren zehaztu behar da, beraz, apirilaren bukaeran edo maiatzean zehar bere egingo dituzte produktu horiek eskatzaileek, horiek uzteko esandako tokian bertan.
Iaz hamar urte bete zituen Errigora egitasmoak. Ametsa zena, zeharo gorpuztu da. Izan ere Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko nekazaritza nahiz euskalgintza indartzeko egitasmoa ametsak ereiten ari da ordutik, eta bide horretan, udaberriko kanpainarekin ametsen bideari segi nahi diote.
Errigoraren produktuen katalogoa
edo salgaien zerrenda eskuratzeko, klik egin hemen.