Begirada morean sakontzeko, egitarau bateratu eta zabala
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, antolatu dituztenak aurkeztu dituzte udalak, talde feministek eta hainbat eragilek Berdintasunerako Kontseiluarekin batera; programazio bateratua eta zabala ondu dute.
Martxoaren 8ari begira, Emakumeen Nazioarteko Eguna, egitarau bateratua eta zabala antolatu dute Errenteriako Udalak, talde feministek eta askotariko eragileek, Berdintasun Kontseiluarekin batera. Gaur eman dute horren berri, Emakumeen Etxean, eta Itsaso Cruz Berdintasun zinegotziak eman du antolatutakoen berri, xehe. Egitarau zabala eta aberatsa antolatu dute, eta azken urteetako ildo beretik, bateratua. Mota askotako ekintzekin josi dute martxoa, morez margotzeko, eta jendarte parekidea eraikitzeko urratsak egiten segitzeko emakumeen ahalduntzea bultzatzearekin batera.
Aurtengo programazioaren barruko lau hitzorduri erreparatu die Cruzek. lehenik eta behin Mariasun Landa Sarien banaketa aipatu du. Berdintasun Kontseiluaren iniziatibaz abiatutako sariketak hamalaugarren ekitaldia izango du aurtengoa. Bittori Arrieta Arregi eta Ana Mari Ugalde Ugarteri buruzko lanak izango dira sarituak. Soberan da esatea, biek ala biek lan eskerga egin dutela, aitortu beharrekoa. Sariketari esker, idatzi nahi den Errenteria-Oreretako emakumeen historian jasota geldituko dira euren ekarpena, eta euren izen abizenak.
Martxoaren 8an mugimendu feministak antolatutako manifestazioari ere keinu, gaurko agerraldian, Berdintasun zinegotziak. 19:00etan abiatuko da azken hori Zumarditik, Errenteriako kaleak aldarriz betetzeko. Egun horretan bertan, baina manifestazioaren aurretik, auzoetako emakume elkarteek bazkaria egingo dute Merkatuzarren. “Aurten auzoetako emakumeen elkarteen programak, 40 urte bete ditu, eta bazkariaren bueltan gogotik ospatuko dute. Arrakastatsua izango den zalantzarik ez da, 300dik gora emakume elkartuko dira, eta txartelak dagoeneko agortu dira”, azaldu du Cruzek.
Nabarmen jarri duen azken ekintza, Bidez Bide elkarteak antolatutako solasaldia izan da. Euskal Herrian bizi diren emakume migratuen giza eskubideak defendatzeko proiektuak ikuspegi transkulturaletik, generotik eta dekolonialetik gauzatzen dituen elkartea da. antolatutako solasaldiaren helburua, gizarte segurantzaren araudiaren gaineko informazioa zabaltzea izango da; hau da, administrazio egoera irregularrean egonda ikasketa praktikak egiteko aukerarik ematen ez duen legediaren gainekoa.
Banderaren igoera bihar
Bihar bertan, martxoaren lehenengo egunarekin batera jarriko dute martxan ondu duten egitaraua. Banderaren igoera egingo dute, jai giroan. 18:30ean abiatuko dira Emakumeen Etxetik Batukada Feministarekin batera. 19:00etan bandera igoko dute Gabierrotako biribilgunean eta brindisa egin bertan.
Amalatz Emakume taldeko ordezkariak, bestalde, euren taldeak aurten 20 urte beteko dituela azaldu du. Urteroko film zikloa antolatu du talde feminista horrek, baina zinema aretoan espazio faltagatik, normalean egin ohi dituzten baina emanaldi gutxiago egingo dituzte aurten Martxoaren 8ko egitarauaren barruan. XX. ekitaldia izango du hain justu, Amalatzek antolatzen duena, eta martxoaren 14an Errenteria-Oreretarekin eta talde horretako kide diren asko eta askorekin harreman estua duen Las buenas compañias filma emango dute, eta 20.000 especies de abejas filma martxoaren 21ean. Biak ala biak, 18:00etan Niessen zinemetan. Sarrera doakoa izango da.
Urteurrenarekin lotuta, Amalatzekoek “sorpresa” bat ere prestatu dute; martxoaren 14ko film emanaldiarekin lotuta egingo dutela aurreratu dute gaurko agerraldian.
Herri Arte Eskolako antzerki ikasleek ere egingo dute ekarpena. Amore antzezlana ondu dute. Gaurko aurkezpenean izan dira eta antzezlanaren gaineko hainbat datu eman dituzte: “Urtarriletik ari gara entseguekin eta lana prestatzen, laborategian gaude eta esperimentuak egiten ditugu. Xumea baino polita da lana”. Hamar izango dira antzezlanean ariko direnak, “adin tarte oso ezberdinetakoak, 30 urtetik 80 urtera arteko pertsona ari gara eta horrek aberastasun handia ematen dio lanari, bizi esperientzia eta une oso ezberdinetan gaudelako”. Binaka eguneroko bizimoduarekin lotutako esketxak egingo dituzte, “ea ikusleak harritzeko gaitasuna dugun”.
Oinarrian “ideologia feminista” dagoela nabarmendu dute, “detaile txikietan islatzen den ideologia matxista agerian jarriko dugu, egunero gertatzen zaizkigunak, batzuk oso agerikoak, baina beste batzuk ezkutuan gelditzen direnak, identifikatzea ere kosta zaizkigunak”. Antzezleen arteko konplizitateari ere erreparatu diote. Amore izenak maitasunari egiten diola erreferentzia azaldu dute azkenik, baina baita more koloreari, amore emateari edo ez emateari, “joku horren bueltan josi ditugu esketx guztiak. Bioleta sortak, beta gizonak, Frida desmitifikatuak, first dates, hezur-haragizko elkarrizketak eta pasartez jantzitako gorputzak, hala definitu dugu ikuskizuna”.
Amore antzezlana, martxoaren 19an izango da 19:00etan Emakumeen Etxean, elebitan.
Bukatzeko antolatutako ekintza guztietan parte hartzera deitu dute antolatzaileek.
Martxoak 1, ostirala
- Banderaren igoera. 18:30 Emakumeen Etxetik abiatuta Batukada Feministarekin. 19:00etan Gabierrotako biribilgunean bandera igoko dute eta brindisa egin.
Martxoak 6 – 16
- Erakusketa: ARTdarrikapen Feministak Xilografia erakusketa. 17:00-20:00 Xenpelar Etxean.Antolatzaileak: Eskola Feministako Xilografia ikastaroko ikasleak
Martxoak 7, osteguna
- Xilografia erakuketaren bisita gidatua. 18:00 Xenpelar Etxean. Antolatzaileak: Eskola Feministako Xilografia ikastaroko ikasleak
Martxoak 8, asteazkena
- Emakumeen bazkaria. 14:00 Merkatuzar. Tiketak agortu dira. Antolatzaileak: Auzoetako emakume elkarteak
- Manifestazioa. 19:00, Zumardiatik. Antolatzailea: Oreretako Asanblada Feminista
Martxoak 9, larunbata
- XIV Marsiasun Landa Sarien banaketa. 12:00 Emakumeen Etxea. Antolatzailea: Berdintasunerako Kontseilua
- Antzerkia: Victoria viene a cenar. 19:00 Niessen Kulturgunea. sarrerak.errenteria.eus
Martxoak 10, igandea
- Emakumeei eskainitako txistulari kontzertua. 12:30 Emakumeen Etxea. Antolatzailea: Udal Txistulari Taldea
Martxoak 13, asteartea
- Maria de Zozaiari omenaldia: liburu aurkezpena eta poesia errezitaldia. Xabier Susperregi eta Ana Mendiola. 18:30 Emakumeen Etxea. Hizkuntza: Gaztelania
- Emakumeen XX. Zine Emanaldia. Martxoak 14: Las buenas compañías; Martxoak 21: 20.000 especies de abejas. 18:00 Niessen Kulturgunea. Sarrera: Doan. Antolatzailea: Amalatz Talde Feminista
Martxoak 19, asteartea
- Antzerkia: Amore Herri Arte Eskolako ikasleen antzerkia. 19:00 Emakumeen Etxea. Elebitan. Antolatzailea: Herri Arte Eskolako ikasleak
Martxoak 16, larunbata
- Twerk (BOOTY DANCE) tailerra, Ikerne Mendietarekin. 10:00-14:00 Emakumeen Etxean. Hizkuntza: Euskara
Martxoak 20, asteazkena
- Kafe solasaldia Bidez Bideren eskutik. Nola eragiten didate ikasketa-praktikak egiteko araudi-aldaketek? 16:00 Emakumen Etxean. Hizkuntza: Gaztelera. Antolatzailea: Bidez Bide
Martxoak 23, larunbata
- Autodefentsa feminista tailerra, hastapena, Maitane Monroyrekin. 10:00-14:00 // 15:30-19:30 Emakumeen Etxea. Hizkuntza: gaztelania