Ijito komunitatearekiko diskriminazioa mahai gainean jarriko dute
Kamelamos Adikerar Ijito Elkarteak Errenteriako Ijito Herriaren Nazioarteko lehen eguna ospatuko du apirilaren 8an. Datorren asterako, egitaraua zabala ondu du elkarteak.
Ijito Komunitatearen gainean dauden aurreiritziak ezabatu eta ezartzen zaion diskriminazioaren gaineko kontzientzia sortzea du helburu Kamelamos Adikerar Ijito elkarteak Estereotipoak Hautsiz proiektuaren bidez. Horren barruan, Errenteriak Ijito Herriaren Nazioarteko lehen eguna ospatuko du hilaren 8an, astelehenarekin.
Errenteriako Udala, Badalab, SOS Arrazakeria, Mikelazulo Kultur Elkartea, Xenpelar arteoa, Niessen Zinemak, eta Joaquin Ramirez eta David Escudero artisten laguntza izango du Kamelamos Adikerar elkarteak hilaren 8tik 12ra bitartean ondu duen egitaraua aurrera ateratzeko. Honakoa Errenteria-Oreretak ospatuko duen Ijito Herriaren Nazioarteko lehen eguna izango da, baina aurretik, Ijito Astea hartu du urte luzez; iaz 21. astea egin zuten hain zuzen ere.
Askotarikoak dira antolatu dituztenak. Hala, hamar panel jarriko dituzte eta bertan azaltzen den pertsona bakoitzaren gaineko informazioa jasotzeko QR kode bat izango dute panelek. Ijito komunitatearen kide izan diren pertsonen gaineko ezagutza handiagoa sustatzea du helburu Kamleamos Adikerar elkarteak horien bidez; finean, ezagutza baita diskriminazioa eta aurreiritziak eranzteko modurik zuzenena. Hilaren 9tik 11ra izango dira panel horiek jarrita, eta horien aurkezpena, hilaren 8an, astelehenarekin egingo dute Xenpelar Etxeko lehenengo solairuan, 17:153ean. Bertan Ijitoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute.
Ijito Komunitatearen ekarpen “esanguratsuak” mahai gainean jartzeko, hainbat hitzordu antolatu dituzte, gainera, “jarduera zirraragarri eta aberasgarriak” izango direla dio Kamelamos Adikerar elkarteak. Hala, Juan Ramirez eta David Escudero artistek Carmen Amayaren La Capitana flamenko ikuskizuna eskainiko dute Badalaben —Joxepa Antoni Aranberri anitzenea— hilaren 9an, 19:35ean. Ordu erdi aurretik, 19:00etan, eta leku berean Raymond Guremeren gaineko irudi eta bideoak emango dituzte.
Lekukoa Mikelazulo kultur elkarteak hartuko du hilaren 10ean, 17:00etan. Helios Gomez eta Juscelino Kubischeck izango dituzte hizpide. Helios Gomez, gorbata gorriko artista bezala ere ezaguna izan zen, pintorea eta poeta, ijito herriaren kidea, frankismoaren aurkako sindikalista ere izan zen, eta XX. mendearen hasierako abangoardia artistikoaren ordezkaria. Kubischeck brasildar mediku eta politikaria izan zen, zehazki, Brasilgo presidente Brasilgo presidente 1955 eta 1961 urteen artean.
Hilaren 11n, osteguna, Johann Wilhelm Rukeli Trollmann ijito jatorriko boxeolari alemanarra izango dute hizpide. Merkatalgunean iznago da 17:00etan. Naziek 1933an lortutako titulua kendu zioten Rukeliri, eta hamar urte geroago Neuengamme kontzentrazio esparruan hil zen. Ondoren, Django filma emango dute Niessen zinemetan, 19:00etan hasita. Sarrerak hemen eskura daitezke.
Azkenik, hilaren 12an, Xenpelar aretoan aurten zabalduko dituzten Ijito herriko hamar pertsonen kartelak elkartuko dituzte, eta Sofia Kovalevskaya eta Melanie Spitta izango dituzte hizpide, 17:15ean hasita. Sofia Vasilievna Kovalevskaia matematikari errusiarra izan zen, Europan unibertsitateko irakasle izan zen lehen emakumea; ijito jatorria zuen.
Spitta berriz, Zinema zuzendari eta gidoilari alemaniarra izan zen, giza eskubideen defendatzaile feminista, sinti herriko kidea—Erdialdeko Europako ijito jatorriko herria—. Munduko Ijitoen I.go Biltzarrean (1971) parte hartu zuen.
Ijito kultura zein historian murgiltzeko aukera paregabea da Kamelamos Adikerar elkarteak ondu duen egitaraua, “aurreiritziak baztertu eta aniztasuna ospatzeko”, eta herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.