“Herritarrak ETBtik urrundu egin direla uste dut”
‘Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero’ liburuarekin telebista publikoaren gaineko gogoetarako tresna sortu du lezoarrak. Aditu eta arituen iritziak jaso ditu ia bi hilabeteko bidea egina duen sormenean.
Kazetaria hizki larritan. Urtzi Urkizu Adrianek (Lezo, 1975) ofizioari jaioterrian ekin zion, Orratx! aldizkariaren sortzaile eta erredaktore izan baitzen. Oarso Telebistan ere ibilitakoa da. 1999an Euskaldunon Egunkaria-n hasi zen lanean, hura indarrez itxi, eta Berria-n ari da 2003tik, «pozik nago sinisten dudan proiektu batean ari naizelako lanean». Euskarazko nazio egunkarian daramatzan 25 urteetatik 20 bat komunikazio gaiez idazten egin ditu, eta euskarazko telebista katearen iraganaz, orainaz, etorkizunaz egin diren hainbat gogoetatan parte hartu du, hainbat arotan. Hori guztia liburu eta tresna bilakatu du, Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero du izenburu martxoaren 6an aurkeztu zuen argitalpenak.
1982ko abenduaren 31n, ETBren lehen emisioa ikusi zuenetakoa da Urkizu. Arturo erregea eta Dotakon bezalako marrazki bizidunen telesailekin hazia. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan haur-gazte ziren, eta euskarazko telebista kanala aisia, kultura eta euskara erreferente bezala zuten belaunaldi batekoa da.
Ia bi hilabeteko ibilbidea egina du Txoria hodei artean-ek. Zein iritzi jaso dituzu?
Orain arteko sentipena ona da. Irakurri duen jendeak esan dit, nahiz eta informazio asko egon, arin irakurri duela. Elkarrizketatu eta irakurle batzuk aipatu didatenarekin ere pozik nago. Horrez gain, liburua aurkezteko solasaldiak egiten hasiko naiz, horietatik lehena hilaren 7an Lezon [19:00etan, Kultura Aretoan. Oihana Iguaranekin elkarrizketa formatuko saioa da, eta Iker Salaberriak ere parte hartuko du]. Oso berezia izango da aurkezpen hori, batetik lezoarra naizelako, eta bestetik liburuan aipatzen dudan bezala, 1982ko abenduaren 31ko gaueko ETBren lehen emanaldia Lezoko plazan dagoen aiton-amonen etxean ikusi nuelako, izeba-osabekin, lehengusuekin… Oso barruan sentitzen dut emanaldi hura. Gainera, jendaurrean gaiaz lehenengoz ariko naiz Lezon.
Galdera-erantzun sorta honen aurretik, aipatu duzu Euskal Herriko hedabideen partetik 20 elkarrizketa eskaera jaso dituzula liburuaren harira, baita horiek egin ere. Honakoa 21.ena litzateke. Baina, ETBren deirik ez. Zergatik?
Euskal Herrian hedabide asko daude. Handien artean, ETB bezala adibidez, Vocento taldekoak edo Sud Ouest daude; azken bi horiek ere ez didate hots egin. Pozik nago liburuak piztu duen interesarekin. Beste hedabide batzuk nirekin egon nahi ez izatea zilegi da, bakoitzak erabakitzen du nor elkarrizketatu eta noiz. ETBren gaiak, zentzu horretan, ez nau batere kezkatzen. EITBren barruko irratietan, ordea, bai egin dizkidatela elkarrizketak eta erreportajeak. Baina esan behar dut: elkarrizketa bereziena nire iloba Naroak egindakoa izan da, 18 urtekoa hura. Institutuko lan baterako egin zidan.
Zerk bultzatu zaitu ETBri buruzko liburua idaztera?
Ikus-entzunezkoen aktualitatea jarraitzen dut, baita ETBrena ere. Hala, formatu ezberdinetan bada ere, ETBri buruzko hausnarketarako uneak izan dira aurretik, eta horietan parte hartu dut: elkarrizketak, mahai-inguruak… Denetarik izan da. ETBk 40 urte bete ditu, eta hedabide horri buruzko gisa honetako argitalpenik ez zen. Gainera, Berria-rako egin ditudan kazetaritza lan guztiak liburu batera eramatea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan.
Azken urteetan ikus-entzunezkoen mundua bizkor aldatzen ari da. Une jakin honetan, non telebista konbentzionala kinka larrian dagoen eta beste kontsumo era batzuk ari diren gailentzen —ETBk berak ere Primeran eta Makusi plataformak sortu ditu—, gizartean
ETBri buruzko kezka dagoela uste dut. Hala, faktore batzuk batu dira arnas luzeko kazetaritza lan bat egitea ahalbidetzen zutenak.
Hitzaurrean Itziar Ituñok dio ETBk ez dituela hasieran ezarritako helburuak bete. Ez duela gidaritzarik. Bat egiten al duzu iritzi horrekin?
Gidaria badu EITBk. Zuzendari nagusia da, Andoni Aldekoa. EAJk aukeratutakoa da, bere aparatukoa. Hark bere kordako beste batzuk aukeratu ditu ardura postuetarako. Beste kontu bat da gizartearen parte handi baten aldetik zein pertzepzio dagoen, eta Itziar Ituño kalearekin oso lotuta bizi denez, bere inguruan nabari duena da ETBk ez diela erantzuten gaur egun euskarak dituen premiei, ez eta euskal ikus-entzuleek zerbitzu publiko on bat izateko izan beharko lituzketen ezaugarriei. Zuzendaritza badu ETBk, badu estrategia bat 2030era begirakoa, baditu proiektuak, eta horietan ari dira. Beste kontu bat da horiek egiteko moduak zer-nolakoak diren, eta nahikoak ote diren euskal gizartea eta gizarte euskalduna asetzeko.
35 aditu eta arituren iritziak jaso dituzu libururako. Askok gidaritza politikoaren ideian sakondu dute.
Patxi Lopez lehendakari izan zen garaian izan ezik, Alberto Surio kazetaria izan zela zuzendaria, bestelako aro guztietan EAJk aukeratutako pertsonak izan dira ETBren gidaritzan. Beste herrialde batzuetan ere hala izaten da. Baina badira bestelako ereduak: adituen organoek gidatutakoak, lehiaketa publiko bidez zuzendariak aukeratzen dituztenak, hauteskunde zikloen arabera ez dauden erabakiak hartzen dituztenak… Baditugu euskarazko bi kate, ETB1 eta ETB3, eta hori hizkuntza gutxitu gehienek ez dute; baina horiek izanda ere, ziur nago eskaintza hobetzeko aukera badagoela.
Iritzi askotan ideia bat nabarmendu da. ETB1 euskararen normalizaziorako tresna garrantzitsua izan zela batez ere 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Eta orduko edukiek hainbat belaunaldi markatu zituztela, batez ere euskararen erabileran zentratuta. Hala al da egun?
Neurri batean oraindik horrela izaten jarraitzen du. Hor dago Go!azen telesailaren adibidea. Horren aurre-estreinaldi batzuetara joateko aukera izan dut, eta milaka haur ikusi ditut emozio handiz euskarazko eduki horretaz gozatzen. Uste dut gauza edo produktu batzuetan ETBk asmatzen duela. Baina iristen da une bat, gaztetxoek Go!azen ikusteko adina pasatzen dutenean adibidez, ez dutela zer ikusi. Hor arrakala bat sortzen da. Go!azen-en edo Irabazi arte-ren ondotik gazteek ez dute euskarazko edukirik, eta dena gaztelaniaz kontsumitzen hasten dira hainbat plataformaren bitartez. Adibidez, ETB2ko reality ezagun batek 13-24 adin tartekoen artean sekulako arrakasta du.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleekin ikerketak egin izan dira, eta horietan jasota dagoen datu bat da gazteek ikus-entzunezkoetan kontsumitzen dituzten edukien %0,7 direla euskaraz. Alta, gazte horiek guztiek badakite euskaraz. Hor zerbait gaizki egiten ari gara.
Dena dela, nahiz eta kateek gazteentzako eskaintza izan, zaila da haiekin konektatzea. Hori dio liburuan eman duen iritzian Garazi Goiak; Europako telebista askoren aholkulari da Goia. Gazte batekin hitz egiten baduzu, ikusiko duzu haien ikus-entzunezkoen kontsumoa Youtuben, Netflixen, Instagramen, Tik-Token eta horrelakoetan dagoela, eta ez telebista kate konbentzionaletan, are gutxiago euskarazkoan: Goiak aipatzen du, hizkuntza gutxitua garen heinean, ETBk 2-3 aldiz ahalegin handiagoa egin beharko lukeela euskarazko kanalaren alde. Hor ere nabarmentzekoa da Pantailak Euskaraz mugimendukoak egiten ari diren lana.
Atzerriko fikziorik, beraz, euskarazko bikoizketarik ez da apenas ETBn. Adibidez, Netflixek edo Amazonek euren ikus-entzunezkoen plataformetarako euskarazko bikoizketaren aldeko apustu sendoagoa egin dute ETBk baino.
Hori ez da horrela. ETBk bikoizten du, baina ez ditu kate konbentzionaletan ematen eduki horiek. Primeran plataforman ezartzen ditu. Horren arrazoia da, ETBko arduradunen arabera, atzerriko fikzioak —filmak eta telesailak— oso ikusle indize baxuak dituela ETB1en, horregatik ari dira Primeran plataformara eramaten.
Baina nire ustez horrek ez du justifikatzen ETB1en bikoiztutako edukirik ez ematea. ETBk ematen duen guztia gaztelaniaz bikoiztuta da, ETB2n. Horrek kalte egiten dio euskarari, ez du euskararen normalizazioan batere laguntzen, eta kontsumo ohiturak iraultzea ekarri du: belaunaldi batzuk ohituak zeuden bikoiztutako edukiak euskaraz ikustera, eta kendu zituztenean lotura hori galdu da, eta berreskuratzea zaila izango da. Baina jakin nahiko nuke hala ere Netflixeko eta Amazoneko euskaraz bikoiztutako edukiek zer-nolako harrera duten euskaldunen artean. Zentzu horretan inportantea da Zer Non Ikusik (zernonikusi.eus) egiten duen lana, plataforma digital horietan euskaraz estreinatzen diren lanak zerrendatzen dituztelako. Erakunde publikoek egin beharko luketen lana egiten ari dira Zer Non Ikusikoak, herri honetan herri mugimenduek egin eta egiten duten lanari eutsiz.
Datu bitxia da. Kontraesana ere izan daiteke. 2022an, ETB1en ikusle kuota orokorra %2koa izan zen. Baina komunikazio talde bereko euskarazko irratia, Euskadi Irratia, entzuleak irabazi eta irabazi ari da. Zergatik?
Joan den astean Estudio General de Medios erakundeak eman zituen azken datuen arabera, inkesta bidez lortutakoak, Euskadi Irratiak eguneko 122.000 entzule ditu. Gaztelaniazko irrati publikoak, Radio Euskadik, 119.000. Inkesta bidezko datua da, eta ez dakit noraino izan daiteken fidagarria edonola ere. Gipuzkoan Euskadi Irratia da gehien entzuten den irratia, gaztelaniazko oso irrati indartsuen aurretik. Iruditzen zait euskal etxeetan, sukaldeetan, autoetan, Euskadi Irratia entzuteko ohitura dagoela. Uste dut Euskadi Irratiak lortu duela euskararen munduari aurrez aurre begiratzea. Euskal munduari, oro har, behar bezalako tratua ematen dio.
ETB sortu zenean, orduko telebistako kargu indartsuetako bat zen Luis Alberto Aranberri Amatiño-k esan zuen elebidun bokazioarekin sortu zela ETB. Horren seinale, euskarazko programazioa bai, baina eguerditan gaztelaniazko edukiak ematen zituztela orduko kate bakarrean. 1986an hasi zen ETB2 emisioekin.
Kike Amonarrizek esaten du ETB2 sortzea ez zela kaltegarria izan ETB1entzat. ETB2 sortu zenean, ETB1 blindatu zela euskarazko kate bezala, gaztelaniazko edukirik gabe. ETBk kate bakarrarekin jarraitu izan balu, arriskua zegoen euskarazko edukiak denborarekin murrizten joateko.
Elixabete Garmendia ETBko kazetari ohiak libururako egindako elkarrizketan esaten du, ordea, albistegietan ETB2koak gailendu zaizkiela ETB1ekoei, eta euskarazko kanala gaztelaniazkoaren mende izan dela. Adibidez, arratsaldeko programaziorako ETB2ko magazinek askoz aurrekontu handiagoa dute ETB1ekoek baino; atzerriko fikzioa ETB2ra eraman zuten… ETB1en kirolerako behar adina baliabide jartzen dira, eta horrek badakar ikus-entzuleen atxikimendua. Aldiz, kultura, umore, fikzio edo bestelakoetarako apenas egiten da inbertsiorik, ez da arriskatu nahi.
ETBren etorkizunera begirako hainbat ideia edo gako ere agertzen dira liburuan. Hau da, informazio asko emateaz gain, tresna ere bada. Ba al dute ETBko agintariek euren bulegoan?
Unai Iparragirre ETBren zuzendaria liburuko elkarrizketatuetako bat da, eta badakit baduela liburua bere bulegoan, argazkia bidali zidan. Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendariak ere badu liburua, hura ere elkarrizketatua izan eta bidali zitzaiolako. Zer egingo duten liburuarekin edo bertan esandakoekin? Zalantza gehiago ditut hor. Normalean, kanpokoen iritziei kasu asko ez diete egiten ETBn. Aldiz, administrazio kontseiluan dauden eragileetako ordezkariek eragiteko aukera dute. Gaur egungo zuzendaritza estrategia bat jarraitzen ari da, eta zaila iruditzen zait liburuan esandakoei kasu egitea, edo niri jaramon egitea. Azken batean kazetari soil bat naiz.
1982ko abenduaren 31ko gau hartako zirrara. Euskarazko telebista baten lehen emanaldia izan zen. Jarraitzen al du zirrara horrek?
Ez. Gainera, desafekzio asko dago herritarren artean ETBrekin. Horren arrazoietako bat izan daiteke albistegietako ildo editoriala erabat manipulatzailea delako; hori ez dut nik bakarrik esaten. ETBko langileen artean duela urte batzuk inkesta bat egin zuten, eta %75ak esan zuten informazioa erabat zegoela lerrokatuta Jaurlaritzaren agintean dauden alderdiei; hori ez da kazetaritza independentea. Gainera, liburuan jasota dago ETBko Langileen Batzordeak esan zuela herritarrekiko errespetu falta dagoela hainbat informaziotan, albiste batzuei tarte handia eman eta beste batzuk ezkutatzen direlako. Zentsura ere badela salatu zuten langileek, eta EAJren isilpeko kontrola ere badagoela, alderdi horren interesekoak ez diren informazioak ez argitaratuz. Herritarrak ETBtik urrundu egin direla uste dut, albistegietan agian bere herria ez dutelako islatuta ikusten. Gainera, Espainiako edozein herritan gertatzen den zerbait askotan handi izaten dira ETBn, eta Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian gertatutakoak apenas agertzen dira. Nazio ikuspegia erabat lausotuta dago maiz.
Herritarrek euskarazko telebistaren gainean zuten zirrara hori berreskuratzeko urrats asko eta asko egin beharko lituzke euskal telebista publikoak, herritarrek senti dezaten haiena ere badela.