Itxaropena eta zalantzak Gipuzkoakoan
Atzoko Gipuzkoako Traineru Txapelketan sanjuandarren emaitza onak, eta San Pedrokoen eta Hibaikakoen artean zalantzak.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/06/koxtape.png)
Hondarribian jokatu zen atzo Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Oarsoaldeko partaidetzari dagokionez, itxaropenerako eta zalantzarako emaitzak lortu zituzten bertako traineruek. Alde baikorra San Juanen partetik iritsi zen, bai emakumeetan eta gizonetan emaitza aipagarriak lortu zituztelako; zalantzak, berriz, San Pedroko gizonen nahiz Hibaikako emakumeen ontziek utzi zituzten. Gizonetan Hondarribia (hamabosgarrenez) eta emakumeetan Donostia Arraun Lagunak izan ziren txapeldun. Hemen klik eginda emaitzen zerrenda osoa ikus daiteke.
Emakumeetan Batelerak zazpigarren izan ziren (11.54) eta Hibaika zortzigarren (11.58). Arrosek trainerua berreskuratu dute, oso gaztea da eskifaia, baina hala ere, eta kontuan hartuta itsasoko lehen estropada ofiziala zutela, emaitza aipagarria lortu zuten lehen txandan Hernanirekin batera aterata, erlojupeko baten antza izan zuen estropadan. Hibaikak ere aldaketa asko izan ditu emakumeen traineruan, eta partaide berriak Madalen ontzira egokitzen ari dira. Ostera, EuskoTrenen izango diren errenteriarrek ETE Ligan ariko diren bi traineru izan zituzten aurretik (Zumaia bosgarrena eta San Juan), eta jada ekainean izanda, bada kontuan hartzeko emaitza.
Gizonetan, San Juanen estropada oso ona (21.08). Laugarren izan ziren Hondarribiaren (20.53), Getariaren (21.03), eta Donostiarraren (21.03) atzetik. Hau da, Eusko Label Ligako hiru ontziren antzetik, eta liga nagusi horretako beste biren aurretik, San Pedro (seigarren, 21.44) eta Orio (bosgarren, 21.19) hain zuzen ere. Horrela, datorren asteburuan egitekoa den Euskadiko Txapelketarako txartela lortu du Erreka traineruak, ia ezustean. San Pedrok gogor borrokatu behar izan zuen (denek bezala) itsaso mugitu eta haizearen kontra, eta ziur Kalparra aldean atzoko seigarrena hobetu behar dela uste dutela. Hibaikako gizonen trainerua 10.ena izan zen, 23.57ko denborarekin.
Beteranoetan, Badok 13 izan zen irabazle (10.56), eta Fortunaren atzetik Illunbeko trintxerpetarrak hirugarren (11.10).
Ligak hasteko aste batzuk falta dira. Negu-udaberriko jaitsiera eta test estropaden ondoren, atzoko Gipuzkoakoak norabide baten berri eman dezake, hala ere. Denek dute zer hobetu, baina antza, batzuk besteek baino gehiago.