Palestinari arnas
Oarsomusika elkartearen eta Orereta Palestinarekin Herri dinamikaren elkartasun jaialdiak Palestina jarri du erdigunean.
Jaialdi amaieran jasotako irudia. Argazkia: Mikel Etayo Izugarrikeriak ez du etenik Gazan. Israelgo Estatuak Palestinaren aurka egindako inoizko erasorik bortitzena abiatu zuela zortzi hilabete beteko dira, eta Palestinatik heldu diren irudiak, egunero, uneoro, neurri gabeko basakeria eta gizagabetasunaren ispilu bilakatzen ari dira. Horri erantzuteko sortu zuten Orereta Palestinarekin Herri dinamika, Gazan bereziki, baina Palestina osoan orobat, gertatzen ari den “genozidioa” salatu, egoera gizarteratu eta elkartasun hauspo —txikia bada ere— izateko asmoz.
Lanean hasi zenetik, manifestazioak, elkarretaratzeak, hitzaldiak, erakusketak, auto karabanak… hamaika ekitaldi eta ekintza antolatu ditu dinamikak. Larunbatekoa, bide horretan bat gehiago, baina berezia. Izan ere, herriko beste eragile bat jarri zen harremanetan Palestinaren aldeko dinamikarekin eta proposamen zehatza egin: Oarsomusikak antolatuta, herriko eta inguruko hainbat sortzaile eta artistek jaialdia egin nahi zuten Palestinaren alde. Esan eta egin. Kulturak goxotasunez erakutsi zion larunbateko jaialdian elkartasuna Palestinari, eta hobekien egiten dakiten hori, agertokitik, elkartasun keinu bihurtu zuten Palestinaren alde.
Esker ona adierazi zien Orereta Palestinarekin Herri dinamikaren izenean mintzatu zen Beñat Arbelaitzek jaialdia ondu zuen Oarsomusika elkarteari eta oholtza gainetik pasa zen sortzaile eta artista bakoitzari. Esker ona, Palestinaren alde antolatutakoetan hutsik egin gabe bat egiten ari diren herritarrei, eta horretan jarraitzeko deia egin zien.
Oholtza gainean elkartasuna gainezka, baita Niessen kulturguneko eserlekuetan zein jaialdia zutik jarraitu zuten herritarren artean ere, eta ezinbesteko erreferentzia, Ilargi abeslari lezoarrak esandako bati: Musika badela parrandarako, baina badela ere, aldarrikapenerako, elkartasunerako tresna. Argi baino argiago utzi zuten hori larunbateko jaialdian batak bestearen atzetik, Hatxe, Karim, Ilargi, Puto Yanu, DJ Artie, The Breadbreakers, Arkaitz Miner, Julen Etxegarai, Ibon Huarte, Neka eta Artola txalapartariak eta Txintxetillak.
Jasotako diru guztia, Orereta Palestinarekin herri dinamikara bideratuko dute.
Ondoko galeriako argazkiak, Liher Saizek egindakoak dira.
