Emakumeen parte hartze soziopolitikoa aztergai, Koldo Mitxelena Bekan
Koldo Mitxelena Ikerketa Bekaren XVII ekitaldia antolatu du Errenteriako Udalak UEU Udako Euskal Unibertsiatearekin batera.
Koldo Mitxelenaren izena darama ikerketa bekak. Emakumeen parte hartze soziopolitikoa Errenterian XX. eta XXI mendean. Hori da XVII. Koldo Mitxelena bekaren gaia. Aurtengo deialdian aurrekoetako helburuei eutsiko die, beraz, euskarazko ikerketa sustatzea, emakumeek egindako ikerketa bultzatzea, udalerriaren gaineko ezagutza areagotzea, eta bekaren izena daraman Koldo Mitxelena Elissalt euskal hizkuntzalari eta idazle, Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia fakultateko irakasle, eta Euskaltzaindiko kide izan zena omentzea. Euskara batuaren sortze prozesuan eragile nagusietako bat izan zen Mitxelena, eta euskarak izan duen ikertzailerik handiena.
Ikergai zehatza deialdi bakoitzean erabakitzen dute Errenteriako Udalak eta UEUk Udako Euskal Unibertsitateak. Honakoa, lankidetzan egingo duten laugarren ekitaldia izango da.
Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea irailaren 1etik urriaren 15era arte izango da zabalik. Oinarriak, eskaera orriak eta bestelako informazioa Zu! Zure udala zerbitzuan, 010 —Errenteriatik deitzen dutenentzat— edo 943 44 96 00 telefono zenbakietan, udal artxiboko posta elektronikora mezua bidalita (klik hemen) edota Errenteriako Udalaren web orrian (klik hemen) kontsulta daitezke.
