Lautan Quartet andoaindarren emanaldia Madalenaren ermitan
Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak antolatu du kontzertua. Larunbatean izango da, 20:00etan.
Lautan Quartet Andoaingo taldeak emanaldia eskainiko du larunbatean Madalenaren ermitan. Maria Magdalenaren Lagunak Elkarteak antolatu du kontzertu hori, larunbatean 20:00etan.
Klarinetea du ardatz Andoaingo musika eskolan duela zazpi urte sortutako taldeak, eta bidean 50 abestitik gora landu ditu bere errepertorioan, musika herrikoitik abiatu eta jasoagora zabalduz bere lanketa, Debussy, Mozart, eta Puccini besteak beste. Larunbateko emanaldian klarinetearen familiako musika tresna ezberdinak ikusi eta entzuteko aukera eskainiko dute taldea osatzen duten Iosu Mujika, Ander Otxoa, Josu Otxandorena eta Mikel Emazabel; Emazabel irakaslea dute.
Hala, familiako txikiena den eta doinurik altuenak ematen dituen rekintoa, , klarinete sopranoa, eta guztietatik grabeena eta handiena den klarinete baxua ezagutu eta entzuteko aukera eskainiko dute emanaldian: “Guztien artean zazpi oktabetako erregistroa ematera irits daitezke, hau da zazpi Do desberdin”.
Emanaldirako, Telemann, Bach, albinoni, Goddard, Nino Rota, Haendel, Puccini eta Debussyren lanak aukeratu dituzte.