Osasuntsu dago idazle harrobia
404 lan aurkeztu dituzte Madalen Literatur Sarietara Errenteria-Oreretako ikasleek.
Erantzun bikaina izan dute aurten ere Madalen Literatur Sariek, eta idazle harrobia, udalerrian, osasuntsu dagoela agerian jarri du. Izan ere, 404 lan aurkeztu dituzte literatur sariketa horretara Errenteria-Oreretako ikasleek. Hautagai horien artetik idazlan irabazleak aukeratu beharko dituzte orain. Lan horretan ariko den epaimahaia, Eider Rodriguez eta Lander Garro idazleak, eta Joxe Mari Jauregi Udal Hizkuntza Politika departamenduko teknikaria osatuko dute.
Idazkari lanetan berriz Elixabete Arrese Igor ariko da, departamendu bereko administraria.
Ez dute lan erraza izango epaimahaikideek, lan kopuruaz gain, aurkeztutako idazlanen maila handia izango da-eta lehiakideen artean. Hala ere, irabazleak ezagutzeko pixka bat itxaron behar da oraindik. Sari banaketa, ohi bezala, herriko jaien barruan egingo du udalak, uztailaren 22an, Madalena egunean.