Txirrindulari gazteena izango da errepidea
Errenteriako Txirrindulari Saria jokatuko dute larunbat arratsaldean Laguntasuna Elkarteak antolatuta. Oinarriko kategoriak lehiatuko dira.
Errenteriako Txirrindularitza Sariaren zazpigarren ekitaldia jokatuko da larunbatean, Laguntasuna Txirrindularitza elkarteak antolatuta, Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Gaur aurkeztu dute lasterketa Laguntasuna elkarteko Alberto Monroy eta Iban Zapirainek, eta Kirol zinegotzi Leire Maziziorrek, Errenteria-Oreretako kirol elkartearen egoitzaren aurrean.
Lasterketan gazteenen kategorietara begirakoa da, eta bi gurpil gainean, Benjamin, Kimu eta Haur Mailako 150 kirolari ariko dira 16:30ean hasita. Lasterketa zirkuitu itxian egingo dute, Nafarroa etorbidean, Niessen eta Gabierrota biribilguneen artean. Benjaminek zirkuitu horretan bi bira egin beharko dituzte, 4 kilometro guztira; kimuek hiru buelta, 6 kilometro guztira; eta haurrek sei buelta, 12 kilometro egiteko.
Sari banaketa helmugaren parean egingo dute, Agirre Lehendakariaren plazan. Kimu eta Haur kategoriako lehen hiru lasterkariak saritzeaz gain, Benjamin Kategoriako parte hartzaile guztiek jasoko dute saria. Beste hainbat opari zozkatuko dituzte, gainera, tartean, Ane Santesteban txirrindulari errenteriarraren maillota.
Larunbateko lasterketa txirrindularitza eskolen arteko egutegiko zazpigarrena izango da, neska zein mutiletan.
Lasterketak “lehiaketa eta jolasa” uztartu nahi dituela esan du Monroyk: “Bilatzen dugu jolas gisa hartzea, baina lehia ere bada, eta batez ere gozatzea, ongi pasatzea eta bizikletarekin disfrutatzea bilatzen dugu”.
Herritarrak bertaratzeko deia zabaldu du Zapirainek, “garrantzitsua da babes hori jasotzea, motibagarria delako finean lasterketan ari diren bitartean jendea animatzen eta haiek ikusten sumatzea”.
Lasterketa egin ahal izateko lagunduko duten guztiei esker ona adierazi diete Laguntasuna elkarteko bi ordezkariek, “elkarteko hogei boluntario ariko dira lanean, eta gurekin batera, Babes zibileko boluntarioak eta Udaltzaingoa ere arituko da. Guzti-guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzatekeela egitea lasterketa”. Herritarrei berriz, batez ere lasterketak eragingo dien auzotarrei, “pazientzia apur bat” eskatu diete, “aparkalekuak kendu eta trafiko mozketak egin beharko dira eta horrek ondorioak ditu, baina egun bat da eta ordu pare bat baino ez”. Horiei ere, esker ona Laguntasunako kideek.
Txirrindularitzaren osasun egoeraren gainean galdetuta Laguntasunako kideak, baikor. Aurrera urratsak egin direla sinistuta azaldu dira biak, eta batez ere, gero eta emakume gehiago direla txirrindularitzan nabarmendu dute, “errepidean gero eta emakume gehiago ikusten ditugu, eta hori oso pozgarria da. Berri ona da, eta kategoria hauetan ere nabarmentzen da. Egia da kirola, jolas gisa bizi dutela gaztetxoenek, eta hori oso garrantzitsua da, sentsazio eta oroitzapen politak izatea”.
Trafikoan eta garraio publikoan eragina
Trafikoan eta garraio publikoan lasterketak izango duen eragina ere gaurko agerraldian hizpide izan dute. Galiziako (Niessen) biribilgunea zabalik mantenduko badute ere, Nafarroa etorbidea moztuta egongo da Niessen paretik Lartzabaleraino, eta Nafarroa etorbidean aparkatzea baimenduta iznago bada ere, ezingo dira gune horretako ibilgailuak erabili lasterketa bukatu arte. Gabierrotako sarbidea ere itxita, eta Panierreko aparkalekua, berriz, antolaketarako erreserbatuko dute.
Garraio publikoari dagokionean, U7 lineako Galizia, alameda, Touring eta Fanderia 17ko geralekuak bertan behera utziko dituzte lasterketa bitartean. E02 eta E027 autobusetan, berriz, Zumardia, Nafarroa etorbidea, eta Lartzabalgo geralekuak ezingo dira erabili.
Udalaren izenean esker ona Laguntasunari Leire Mazizior Kirol zinegotziak, “oso pozgarria da elkarteek halako ekintzak antolatzea, eta beti laguntzeko prest gaude, gazteak kirola egitera animatu eta herritarrak ikustera gerturatzera deitu nahi ditut”.