Errenteria-Oreretako ikasleen 'Dolly ardia', saritua
Errenteria-Oreretako hiru ikaslek On Zientzia bideo lehiaketako Gazte Saria irabazi dute 'Dolly ardia' ikus-entzunezkoarekin.
Miren Aierdi Suarez, Arhane Torres Redondo eta Malen Irurzun Arzualde. Dolly ardia izeneko bideoa egin zuten herriko hiru ikasle horiek, Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatzen duten On Zientzia bideo lehiaketara aurkeztu, eta Gazte Saria irabazi. Herriko hiru ikasle horien lana goretsi dute zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak ekoitzi eta hedatzea asmo duen bideo-lehiaketako arduradunek. “Ikono historiko bat berreskuratuz, gaurkotasuneko eta oinarrizko gai bat oso modu atseginean aurkeztu dute, umore eta guzti”; horra epaimahaiko kideen ebazpenaren arrazoia. Ohorea, harrotasuna, ondo egindako lanaren aitortza, eta 1.000 euro haientzat. Bejondeiela. Segi dezatela zientzia era atsegin eta errazean azaltzen, euskaraz.
Atzo eman zituzten hamalaugarren On Zientzia bideo-lehiaketaren sariak Donostiako Tabakaleran Elhuyarreko eta DIPCko kideek. Osotara lehiaketara 100 bideo aurkeztu direla jakinarazi zuten, gehienak euskaraz (horiek guztiak ikusteko baliatu esteka hau). Hala, kategoria guztietako irabazleen berri eman zuten, tartean izan zirelarik errenteriarrak. Baina, Dolly ardia bideoa ikusi nahi? Hemen aukera (klik egin estekan).
Sari banaketa ekitaldia, nahiz irabazleen bideoak ETBko Teknopolis saioan ikusi ahal izango dira, hilaren 15ean (13:30) ETB1en, eta 16an (11:30) ETB2n.